Elikadurako ekintzaileendako lehenengo nazioarteko foroa antolatu du BCCk

Leire Kortabarria 2014ko urt. 5a, 00:00

Basque Culinary Centerrek elikadurako eta gastronomiako ekintzaileendako I. Nazioarteko Foroa antolatu du otsailaren 3rako eta 3rako, eta 200 ekintzaile batzea espero du.

Foro horretan aztertuko dira, besteak beste, negozio berriak abian jartzeko gakoak, bai eta etorkizuneko enpresen joerak, erronkak eta aukera berriak ere. Hainbat lekutako "ekintzaile ospetsuek" hitzaldiak egin eta tailer praktikoak gidatuko dituzte. Foroa Donostiako Garapenaren laguntzarekin antolatu da.

BCCk ekintzailetza eta negozio berriak bultzatzeko asmoz egin duen lehen urratsa da, elikagaien eta gastronomiaren sektorean eragile izateko bere estrategiaren barruan.

Helburua da sukaldaritzaren alorrean enpresa sortzeko asmoa duten guztiek asmo hori garatzeko aukera izan dezaten, "mundu osoko ekintzaile aitzindarien aldetik horretarako behar duen aholkularitza eta laguntza jasota", antolatzaileen esanetan.

Topagunea Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatea-Basque Culinary Centerren egingo da.
Zehazki, honako hauek izango dira hizlariak:

  • Andoni Luis Aduriz, chef handiekin lanean hasi zen chefa, Mugaritzen bakarka hasi ondoren, gaur egun munduko jatetxerik ezagunenetakoa bihurtu duena, bi Michelin izarrekin
  • Fraser Doherty, 14 urte zituela amonaren errezeta erabiliz %100ean frutaz egindako mermelada saltzen hasi eta gaur egun, 25 urterekin, munduko 2.000 supermerkatu baino gehiagotan saltzen duena
  • Carlos Yescas, Mexikoko Gaztaren Institutuaren sortzaileetako bat, arrebarekin batera Mexikoko artisau-gaztak sustatu eta tokiko ekonomia bultzatzen duen Lactography enpresa sortu zuena
  • Antonio Muiños, kontserbako perretxikoekin lanean jardun ondoren, algen merkatuan sartu eta gizakiek jateko algak bildu, eraldatu eta banatzeko munduan erreferentzia bihurtu dena
  • Domingo Ojea, Happy Pills markaren bidez gominolak berriztatu eta, lokalen eta packagingaren diseinuari esker, helduentzako marka sortu duena
  • Xavier Guell serieko ekintzailea, besteak beste Tendencias-TV, Cava&Twitss eta abar abian jarri ondoren, Sinabritus.us, mokofinentzako lehen klub pribatua sortu berri duena
  • Gianola Nonino, Nonino italiar markako zuzendaria, Italiako grappa berpiztu eta edari horren merkatua irauli eta berritzea lortu duena
  • Víctor Alarcón, emaztearekin batera Madrilgo San Miguel handizkako merkatua birgaitu eta gastronomia kultur ekintza bihurtzen duen Sukaldaritza Kultur Zentroa sortu duena
  • Garikoitz Rios, Bizkaiko mahastizaintza berreskuratzen aritu ondoren, ingurumena errespetatzen duen Itsasmendi upategia sortu zuena, txakolina ez ezik beste ardo batzuk ere prestatzeko.

Hizlari horiekin batera, beste hainbat adituk ere hartuko dute parte, hala nola Maria Canabal joera-bilatzaile eta argitalpen ospetsuen laguntzaileak; Marta Fernandez Gastroeconomyko gastronomia-kazetariak; Xabier de la Maza serieko ekintzaileak; eta Aiala Hernando kontsultore sortzaile, argazkilari eta sukaldaritza-estilistak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak