Ezohiko batzar nagusia egingo du gaur Lagun Arok

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko abe. 27a, 09:40

Donostiako Kursaalen egingo dute. Enplegu laguntzan hainbat aldaketa egitea eta prestazioa finantzatzeko kuotaren igoera proposatzea da batzarraren helburua; kooperatiben lansari kostuetan %1,5eko igoera egitea, hain zuzen.

Deialdiak gainera izaera berezia du, eta helburua da berandu gabe Fagor Etxetresnek hartzekodunen konkurtsoa eskatu eta gero sortu den jokaleku berriaren ondorioz sortutako beharrei erantzutea. Batzarrak, beraz, helburu bikoitza du: alde batetik, Lagun-Aro EPSVko Enplegu laguntzaren araudiaren hainbat alderdi jakin aldatzea, Kontseilu Errektorearen ustez testuinguru honetan egokiak direlakoan.
 
Eta bestetik, hartutako konpromisoei aurre egin ahal izateko sarrerak lehenbailehen indartzea, Kooperatibek Enplegu Laguntzaren prestazioa finantzatzeko ordaintzen duten kuotaren igoeraren bitartez.
 

Azken puntu horri dagokionez, Kontseilu Errektorearen proposamena da kuota gaur egungo urteko kontsumo aurrerakin gordinaren %3tik %6,5era igotzea, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Edonola ere, kuotaren igoera hori beste prestazio batzuen murrizketarekin konpentsatuko da partzialki eta, ondorioz, Kooperatiben urteko lan kostuaren gainean izango duen eragina %1,5 inguru izango da, kontsumo aurrerakinak berdinak izanik.

Prestazioak eta finantzaketa sistemak

Aurreko guztiak, Lagun Aron izan dezakeen eragina dela-eta, hainbat azalpen eman zituzten duela hilabete inguru jakinarazpen baten bitartez.

Bi prestazio mota ematen ditu Lagun Arok, sistema berezituez finantzatzen direnak:

Erretiro, alarguntasun eta ezintasun iraunkorreko pentsioak kapitalizazio edo fondo metaketa bidezko sistema batez finantzatzen dira, gainerako prestazioetatik bereizita dagoen berariazko fondo batetik, eta Fagor Etxetresnen egoerak ez du horien gainean inolako eraginik izango.

Pentsio horiek bermatzeko ondare fondo berezia araudi zorrotz baten menpe dago, eta osasun finantzario sendoa dauka, bere kaudimen marjinak ezin hobeto islatzen duena, izan ere, hori %9koa zen 2013ko urriko itxieran, legez ezarrita dagoena nabarmen gaindituz (%4).

Banaketakoak esaten zaien prestazioak, berriz (osasun laguntza, enplegu laguntza, aldi baterako ezintasuna, amatasuna, aitatasuna…), urtero Lagun Aroko Batzar Nagusiak zehazten dituen kuoten bitartez finantzatzen dira.

Fagor Etxetresnen eragina

Adierazpenean azaltzen zutenez, Fagor Etxetresnen gaur egungo egoerak Enplegu Laguntzaren prestazioaren bitartez baino ez dio eragiten Lagun Arori. Banaketako prestazio horrek, askoz portaera ziklikoagoa duenez, urte oparoetan eratutako Fondo Berezi bat dauka (35 milioi €-ko saldoarekin), gertatu daitezkeen krisi egoeretan berme handiagoekin erantzun ahal izateko, kuotaren kudeaketari egonkortasun handiagoa emanez.

Gehitzen zutenez, Fagor Etxetresnetako bazkide eta Lagun Aroko mutualista direnen kolektibo osoa 1.800 pertsonakoa da, eta aurreikusi da horietatik 600 inguruk aurretiko erretiroaren bidez behin betiko irtenbide bat dutela edo izan dezaketela. Aldi berean, Kooperatibetan ahalegin handiak egiten ari dira gainerako bazkideak birkokatzeko irtenbideen bila; bazkide horiek langabezi prestaziorako eskubidea izango dute, aipatu birkokapenak gauzatu bitartean, gehienez ere 24 hilabeteko iraupenarekin.

Edonola ere, Lagun Aroko prestazioan, mutualistak berak jasotzen duen prestazioaz gain, bere prestazio sozialak estaltzeko kotizazioak ere sartzen dira.

"Kuota indartu egin beharko da"

Azpimarrazen zutenez, une hauetan egoerak Enplegu Laguntzaren prestazioan zenbaterainoko eragin ekonomikoa izango duen kuantifikatzea zaila den arren, begien bistakoa da egungo gastuaren igoera ekarriko duela, kostu hori hainbat urtetan banatuko bada ere, denboran murrizteko joerarekin.

Ondorioz, 2014tik aurrera, prestazio hori finantzatzen duen kuota indartu egin beharko dela azaltzen zuten, aurreko urteetan osatutako fondoarekin eta urtero jasotzen diren kuotekin ekitaldi bakoitzeko gastuari aurre egin ahal izateko.

Bada Lagun Aroko Kontseilu Errektoreak onartu  egin zuen Aurreikuspen Erakundearen Batzar Nagusiari Enplegu Laguntzarako kuota indartzeko proposamena egitea, eta Batzarrak gaur Donostian hori berretsi beharko du; horrek ekarriko luke Kooperatiben lansari kostuetan %1,5eko igoera egitea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak