Kartel bat eta bideo bat dira kanpainaren oinarria eta bertan azaltzen da nola "Gipuzkoako emakumeek diru gutxiago irabazten duten gizonek baino, lan gehiago egin arren". Ez hori bakarrik: "Gizonek baino bizitza ez-egonkorragoa dute eta pobreagoak dira, emakumeek egiten duten lana ezinbestekoa baita gizarte osoa aurrera ateratzeko, beste batzuek bateragarri egin dezaten bizitza familiarra eta lan arloa. Hala ere, lan hori ez da balioesten, ez da ordaintzen eta ez da kontuan hartzen gizartearen ongizatea neurtzen duten estatistika ofizialetan", diote Aldunditik.
Bost karteletan, herritarrei galdera batzuk egiten zaizkie, desberdintasun horiek nabarmentzeko:
- Bazenekien gipuzkoar emakumeen urteko batez besteko errenta 11.857 euro dela eta gizonezkoena, berriz, 23.224 euro?
- Bazenekien gipuzkoar emakume zaintzaile profesionalen batez besteko lansaria % 11 txikiagoa dela, gipuzkoarren batez besteko lansaria baino?
- Bazenekien gipuzkoar emakumeen erdiak urtean 9.000 euro baino gutxiago irabazten duela?
- Bazenekien gipuzkoar emakumeen hirutik batek ez duela ezta 1.500 euro ere irabazten urtean?
- Bazenekien Gipuzkoako gizartea aurrera ateratzeko behar den lanaren erdia baino gehiago emakumeek egiten dutela, eta lan hori gehienetan ez dela ordaintzen?
Galdera horien atzetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Zuzendaritzak zera azaltzen du karteletan: “Ulertuko duzu zergatik uste dugun oraindik lan asko dugula egiteko”.
Elkarbizitzaren beste eredu bat beharrezkoa da
Berdintasuneko zuzendari Lauza Gómezek azaldu duenez, “kartel hauetan ageri den errealitateak nabarmen uzten du beharkizun larri bat dugula elkarbizitzaren beste eredu batera jotzeko, bizitzaren beharrak lehenetsiz, diruaren ordez”.
Gómezek azpimarratu duenez, Aldundiak, kanpaina honen bitartez, “eredu berri batera jotzeko irtenbideak ere badaudela erakutsi nahi du: emakumeentzako lanpostu finkoak sortu, bereziki emakumeen ordezkaritza apala dagoen arloetan; lan baldintzak hobetu emakume asko eta egonkortasun gutxi dauden arloetan, adibidez zaintza profesionalaren esparruan; enpresak eta baliabide gehiago dituzten pertsonak ardurak hartzera behartu, gizarte bizitzaren sostenguan lagun dezaten; besteen zaintzari buruzko gaietan emakumeek erabakitzeko aukera handiagoa bermaturik izatea; eta diru publikoa eskuratzen duten enpresei exijitu bizitza pertsonalaren, sozialaren eta laboralaren bateragarritasuna eta ardurakidetasuna sustatzeko neurriak har ditzatela”.
Zuzendariak gogorarazi du Aldundia neurri zehatzak garatzen ari dela desberdintasun horiei aurre egiteko, beste askoren artean hauek: fiskalitate progresiboagoa eta aberastasunaren banaketa zuzenagoa; herri lanak egiteko kontratazioei buruzko foru araua; berdintasun klausulak ezartzea kontratuetan nahiz diru laguntzetan, burutzapen irizpide gisa, eta ez bakarrik balioespen irizpide gisa; egoitzetako eta eguneko zentroetako emakume langileen lan baldintzak hobetzea; emakume zaintzaileentzako arnasaldi programak zabaltzea; eta Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoaren estaldura hedatzea.
Kanpaina honen kartelak Gipuzkoako 44 udalerritan banatu dira, gipuzkoar biztanle guztiengana iristeko moduan; bai kartelak, bai bideoa, Berdintasun Zuzendaritzaren on-line kanaletan hedatu dira: www.berdintasuna.tv, sare sozialak Facebook (berdintasuna, egiteko asko) eta Twitter.