Bergara, Antzuola eta Elgetako gazteek ederki pasa zuten arratsaldea. Benjamin kategoriakoak hasi ziren aurrena eta, jokoak aldatu ahala, taldeak nahastu zituzten antolatzaileek. Alebinen mailan, ordea, denborak neurtzen ibili ziren antolakuntzakoak, lehiakortasun puntu bat ere emateko kategoria horretako probei. Hori horrela, alebinetako talde misto onena Gipuzkoako Txapelketarako klasifikatuko da; gaur zehaztuko dute, seguruenik, nor izan den txapelketa horretarako txartela bereganatu duen taldea. Aitor Gartziaren esanetan , federazioko antolatzailea, helburua ez da irabazle bat egotea, ordea, disfrutatzea baizik: "Gure kulturaren parte garrantzitsua dira herri kirolak, eta horien garrantzia transmititu nahi diegu haurrei".
Bergaran hotz egiten zuen, hala ere berehala berotu ziren partaideak, alde batetik-bestera korrika. Gurasoak, ordea, hoztuta egon ziren hasieran, baina, pixkanaka, animatuz joan ziren. Txingak, zaku-eramate lasterketa, soka-tira, giza froga eta lokotxak bezalako herri kirolak ezagutu eta praktikatzeko aukera izan zen eta asko disfrutatu zuten bertaratu ziren guztiek. Benjaminen mailan 50 bat gazte batu ziren; eta alebinetan, 30 inguru. Epaile eta antolakuntza lanetan, Euskal Kirol eta Jokoen Federazioko begiraleak eta eskola bakoitzeko arduradunak ibili ziren eta gaztetxo gehiago batzea espero zuten arren, oso gustura geratu ziren jardunaldiak emandakoarekin.
Helburuak
Giza harremanak lantzeko, haurren garapen eta formaziorako, eta kirola egitearen onurak barneratzeko asmoarekin egiten dira jardunaldi hauek, eta emaitza positiboa da. Gainera, euskararen erabilera sustatzeko eta hainbat balore barneratzeko ere ekintza garrantzitsua da Eskola Kirola.
Oporren ondoren
Herri kirolekin, amaitu dira Eskola Kirolak. Oporrak hartu dituzte orain, deskantsatzeko. Baina Gabonak amaitu bezain pronto, urtarrilaren 11n –zapatua–, berriz hasiko dira kirolean.