Debagoieneko etxebizitza bakoitzak bi bizilagun ditu

Leire Kortabarria 2013ko abe. 23a, 00:00

Etxebizitzaren gaineko inoizko estatistika-operazio handienaren emaitzak kaleratu ditu INEk, Espainiako Estatistika Erakundeak, abenduan. Hain zuzen, 2011an eguneratutako datuekin, Hego Euskal Herriko eta Espainiako udalerri, probintzia eta erkidego guztien etxebizitza eta higiezinen gaineko askotariko informazioa eman du.

Debagoienari eta Aramaiori dagokienez, denetara 29.526 familia-etxebizitza daude; horietatik 28.845, eskualdean, eta 681, Aramaion. Debagoienean daude Gipuzkoako familia-etxebizitzen %8,79.

Bestalde, INEren arabera, Debagoienean eta Aramaion 63.533 biztanle ziren 2011n; beraz, etxebizitza bakoitzeko, batez beste, 2,1 pertsona bizi ziren.

Familia-etxebizitzetatik 24.919 familia horren etxebizitza nagusia dira, totaletik %86,38; proportzioa ia berbera da Gipuzkoa osoko datuak hartuta. Aramaioren kasuan, 681 horietatik 577 dira etxebizitza nagusia, %84, gutxi gorabehera; Araba osoan, koskatxo bat handiagoa da proportzioa: %86,73.

Debagoienean, 31.454 higiezin-unitate eta 5.293 eraikin daude; azken horien artean, etxebizitzak eta bestelako eraikin batzuk.

Gipuzkoan, 52.393 etxebizitza eta 353.234 higiezin-unitate daude; azken horretan, etxebizitzarako eraikinak, finkak, partzelak eta bestelako higiezin batzuk sartzen dira.

Antzinako eraikin asko

Eraikinen antzinatasunari dagokionez, Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatin, denetara –2.000 biztanletik gorako herrietako datuak bakarrik batu ditu INEk–, eraikin kopuru handiena 1900 baino lehenago egindakoena da: herri horien artean 5.009 eraikin dira, eta horietatik 1.620 (%32,3) dira 1900 baino lehen egindakoak.
Hurrengo hamarkadetan, eraikuntzak dezente egin zuen behera, eta berriz pultsua hartzen hasi zen 1951etik 1960era: 340 eraikin. Bigarren multzo handiena 1951tik 2011ra arteko sei hamarkadek hartzen dute: denetara 2.951 eraikin egin ziren sei herri horietan. 1971tik 1980ra egin ziren gehien: 684 (eraikin guztien %13,65).

Ondo zainduta

Debagoienean eraikin zahar asko egon arren, ondo zainduta daudela ere adierazten dute INEren datuek. 1920 aurretik 1.783 etxebizitza egin ziren esandako sei herri horietan, eta horietatik 1.422 (%79,75) kontserbazio-egoera onean daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak