103 milioi euroko hiru kontratu eskuratu ditu DanobatGroupek

Mondragon Korporazioko kide den DanobatGroup kooperatibak 103 milioi euroko balioa duten nazioarteko hiru kontratu lortu ditu tren sektorerako. Besteak beste Bergarako Soraluce lantegiak osatzen du DanobatGroup, eta Bergarako Mekolalde auzoan batez ere tren sektorera bideratutako lantegia ere badu.

103 milioi euroko balioa duten hiru kontratu lortu ditu DanobatGroup taldeak, orain arte duen eskari zifrarik handiena eta Euskal Herrian eta Espainian makina erremintaren sektoreak bere historian izan dituen zifra errekorra.

DanobatGroup taldeak Elgoibarren duen egoitzan eman dituzte taldeak lortu dituen kontratuen berri eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasunerako Kontseilaria den Arantza Tapia, eta Mondragoneko lehendakariorde eta Danobatgroupeko zuzendari nagusia den Iñigo Ucin.

Esan dute DanobatGroupek orain arte duen eskari zifrarik handiena eta Euskal Herrian eta Espainian makina erremintaren sektoreak bere historian izan dituen zifra errekorra. Dela  horri esker, taldetik esan dute datozen urteei begira itxaropen bikainekin itxi ahal izango dutela ekitaldia.

Eragina lantegi guztietan

Kooperatiba taldetik azaldu dutenez, hiru kasuetan, DanobatGroupek proiektuaren egikaritza hartzen du bere gain oso-osorik. 60 lanpostu bideratuko dituzte horretara, eta datu zehatzik eman ez arren, taldeko lantegi guztietan izango du eragina.

Azpimarratu dute baita ere eskariek eragin handia dutela kooperatibaren hurbileko inguruan; izan ere, eskari guztien %66 maila lokalean egingo da, eta ehuneko horretatik herena inguruko hornitzaileei azpikontratatuko zaie, normalean DanobatGroupekin lan egiten duten hornitzaileei, hain zuzen ere.

Bi Australian, bat Indian

Hiru kontratu horietako bi meatzaritzaren sektorean mundu mailan liderrak diren Australiako bi enpresa  ospetsuekin dira. Lehenengo kontratua bagoien bogie-a eta wheelset-a (muntatutako ardatzak) zaintzeko eta konpontzeko giltza eskurako tailer bat hornitzeko da; eta bigarrena, muntatutako ardatzak zaintzeko lerro automatiko baterako. Bata zein bestea, meategiaren eta portuaren arteko garraioa egiten duten bagoietarako dira.

Proiektu biei modu egokian erantzun ahal izateko, DanobatGroupek lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Marand Precision Engineering enpresa australiarrarekin. Australiako enpresa hori lerroak dagozkien tokian ezartzeko lanez arduratuko da, beti ere DanobatGroupek gainbegiratuta.

Hirugarren kontratua Indiako Ircon etxearekin sinatu du eta bidaiarien garraiorako diren trenetan segurtasuna eta erosotasuna handitzeko dagoen gero eta eskari handiagoari erantzuten dio. Kasu honetan, DanobatGroupek giltza eskura erako proiektu bat hartuko du bere gain muntatutako ardatzen fabrikazio, ikuskapen eta muntaketarako. Honetarako, Puneko delegazioan (India) duen lantalde teknikoaren laguntza izango du DanobatGroupek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.