Batez beste, hilero 17.000 gipuzkoarrek aurreztu dute dirua autobideetan gehienez ere 25 euro ordaintzeko neurriari esker

Eñaut Abarrategi 2013ko abe. 18a, 16:33

Eskoriatzako autobiderako sarrera.
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eta Katty Nevado Bidegiko gerenteak AP-8 eta AP-1 autobideetan gipuzkoarrentzat 25 euroko gehieneko gastua ezartzeko hartutako erabakiaren balantzea egin dute. Aldundia eta Bidegi oso pozik azaldu dira lehenengo urtearen balantzea egiterako orduan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako neurria herritarrentzat oso onuragarri izan dela azpimarratu du Ugartek, eta zehaztu du izugarrizko aurrezkia izan dela autobideak erabiltzea beste aukerarik ez duten erabiltzaileentzat. "Aldundi honek Gipuzkoako herritarren interesak defendatzen ditu, eta horretan jarraituko du buru belarri. Harro gaude hilero autobideetan dirutza utzi behar zuten milaka herritarren zama arindu dugulako, eta ez gaude berriro zama herritar horiengan botatzeko prest", adierazi du Ugartek.

Bestetik, Katty Nevadok  25 euroen gehieneko gastu horrek izandako eragina azaldu du, eta zenbait datu ere eman ditu:
   

  •  Via-T gailuaren erabilerak nabarmen egin du gora, eta aurten iaz baino 7.000 Via-T gehiago daude.
  •  Hilero, batez beste, 55.000 gipuzkoarrek izan dute deskonturen bat autopistetan, hilero 2012an.
  •  25 euroko gehieneko neurriak, berriz, ia 18.000 herritarrengan izan duela eragina hilero.
  • Ildo horretan azpimarratu du erabiltzaile berriek 440.000 eurotik gorako ekarpena egin dutela.


Bere agerraldia bukatzeko, Nevadok azaldu du zirkulazioa igo edo mantendu egin dela AP-8 eta AP-1 autobideetako Gipuzkoako zatietan, inguruko herrialdeetan ez bezala: izan ere, Bizkaiko AP-8ko zatian %3 jaitsi da eta Gipuzkoako zatian %0,5 soilik, eta Burgos-Armiñon zatian %4,4 jaitsi den bitartean Gipuzkoako AP-1eko zatian %3 igo da. Beraz, argi dago 25 euroko gehienezko gastua jarri izanak zirkulazioan ere eragina izan duela.

Halaber, azpimarratu du 25 euroen neurriak ez duela ia eraginik Bidegiren egoeran, eta neurria ezartzeko eginiko kalkuluak oso onak izan zirela berretsi du, aurreikusitakoa baino 264.000 euro gehiago baino ez duelako suposatu.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak