Gabonak

Munduan, askotariko Gabonak

Irati Goitia 2013ko abe. 11a, 12:17

Hator hator Gabon kanta, Olentzero, argiz eta apaingarriz betetako zuhaitzak, bildotsa eta bakailaoa... Norbaitek Euskal Herrian Gabonak nola ospatzen ditugun galdetuko baligu, erantzunean horiek ez lirateke falta izango. Baina nola ospatzen dute urteko garai berezi hau munduan? Gureekin alderatuta, zein ohitura berezi daude? Galdera horiekin joan gara une honetan atzerrian bizi diren lau debagoiendarrengana.

Herrialdeak beste Gabon

Pentsatzekoa denez, ohiturak herrialdeen arabera aldatzen dira: Saudi Arabian, esaterako, ez dago Gabonen arrastorik; Mexikoko Cancun hirian, bestalde, eguzkipean eta turista artean ospatzen dituzte. Eta debagoiendarrek atzerrian duten bizimoduak ere baldintzatzen ditu Gabonak: ez da gauza bera Zeelanda Berrian denboraldi bat igarotzen egotea edo Alemanian familiarekin bizi izatea. Bi oñatiar, aretxabaletar bat eta arrasatear bat izango dira munduan zehar gure begiak.

Agurtzane basterra | Oñatiarra Zeelanda Berrian

"Iaz, 31n, Vicente Ferrer Fundazioan izan ginen; aurten, Zeelanda Berrian"

Agurtzane Basterrak eta Xabi Derteanok 2012ko abenduaren 14an ekin zioten euren bidaiari. Bost hilabete eta erdi egin zituzten Asian bidaiatzen: India, Vietnam, Laos, Thailandia... Egun, Zeelanda Berrian bizi dira; zehazki, Christchurchen. Sei hilabete daramatzate bertan. Bigarren urtez, etxetik urrun pasako dituzte Gabonak.

Iaz Indian eta aurten Zeelanda Berrian
Iaz Indian pasa zituzten Gabonak. Abenduaren 24a Hampin egin zuten. "Nahiko egun normala izan zen, ez genuen ospatu-eta", azaldu digu Basterrak. Abenduaren 31, berriz, oso berezia izan zela esan digu: "Vicente Ferrer Fundazioko proiektuak ezagutzera joan ginen Anantapurrera. Hala, bertan dituzten hezkuntza proiektuak ezagutu genituen goizean. Gauean, Fundazioan bertan ospakizun bat egin zuten antzerki, dantza eta jolasekin. Ondoren, afaldu egin genuen. Etxetik urrun egon arren, patata-tortilla, txorizoa eta urdaiazpikoa ez ziren falta izan mahaian. Eta urte berriari xanpainarekin eman genion hasiera", azaldu digu Basterrak.
Aurtengoak bidaiatzen ospatu dituzte. "Bereziak izango dira. Izan ere, ahizpa dator bisitan. Horretaz gain, udan ospatuko ditugu. Hori ere  arraroa izango da; elurrarekin beharrean, beroaz igarotzea Gabonak", dio. Hegoaldeko islatik egingo dute bidaia. "Oraindik ez dago zehaztua, baina planak ondo joanez gero, Fox Glacier edo Franz Josep Glaciarren izango gara 24an eta 31n, berriz, Queenstown-en".

 

Garazi Azkoitia | aretxabaletarra Cancunen

"Arraroa da hemengo palmondoak pinuen moduan apainduta ikustea"

Cancunen, Riviera Mayan (Mexiko) bizi da Garazi Azkoitia gaztea (Aretxabaleta, 1990). Madrilen Artearen Historia ikasten ari zela, lizentziatura amaierako proiektua Mexikon egiteko aukera eman zion unibertsitateak, eta hara joan zen. Yucatango penintsulara joatea erabaki zuen, han maien inguruko tesia egiteko.
Egun, bigarren lizentziatura ikasten dabil Industria Psikologian, Interameriketako Unibertsitatean. Duela bi urte iritsi zen Cancunera eta ordutik hona ez da Euskal Herrira itzuli. Aurten, baina, Gabonak etxean pasako ditu.

Beti uda
"Hau paradisua da; jendea atsegina da, eguzkia, hondartzak... hemen beti da uda!", dio aretxabaletarrak. Cancun nolakoa den galdetuta, Aretxabaletarekin, behintzat, ez duela berdintasunik dio Azkoitiak. "Eguraldia oso beroa eta hezea da, beti 33 gradu inguru egiten ditu. Euria egiten du, gogor batzuetan, baina hori urteko sasoi batean bakarrik gertatzen da, urakanen sasoian. Paisaia, berriz, ez da menditsua, hemen dena oihana da: sugeak, tarantulak, krokodiloak, tximinoak eta iguanak, esaterako, animalia ohikoak dira hemen. Kultura eta ohiturak ere oso ezberdinak dira, eta baita bizi izateko erritmoa ere. Askoz erritmo lasaiagoan bizi dira hemen. Industria askorik ez dago eta sarrera guztia turismoak dakar. Izan ere, Cancun oso herri gaztea da, 30 urte besterik ez du. Zaila da Cancunen bertan jaioa den norbait topatzea, gehienak kanpotarrak gara", jarraitu du.
Cancun ez ezik, Mexikoko beste toki batzuk ezagutzeko aukera ere izan du Garazi Azkoitiak. Mexiko herri aberatsa dela dio eta merezi duela hango kultura gertutik bizi izatea.

Gabonak direnik igarri ez
Urtea bukatzear egon arren eta Gabonak bertan direla ikusi arren, Cancunen ez ei da igartzen Gabonak direnik. "Hemen ez dira Gabonak askorik sumatzen. Izan ere, uda giroan murgilduta gaude urte osoan eta benetan arraroa da hemengo palmondoak hango pinuak egoten diren moduan apainduta egotea", dio hark.
Ospakizunei buruz, berriz, elkartzeko ohitura badagoela dio, eta askorendako lan sasoia ere izaten dela: "Familia eta lagunak elkartzen dira batera afaltzeko eta elkarrekin ospatzeko Gabon jaiak, baina ahal dutenak euren jaioterrira itzultzen dira eta beste gehienak lanean egoten dira data horretan Karibera oporretan datozen turistendako".

Gabonetako janaria
Gabonak ospatzeko ohiturak ezberdinak baldin badira ere, egun horietan jaten den janariak ere ez du antzik Euskal Herrian jaten ohituta gaudenarekin. "Hemen Gabon gauean jaten den janaria, esaterako, oso desberdina da hor jaten dugunetik. Hemengo afari normal bateko menuan jaki hauexek egongo dira: Rompope izeneko edari gozoa, sagar entsalada, tamal egosiak, Guajolotea (indioilarra guretako), Romerito gisatua eta txerri okela".
Gabon zaharretako afariko ohitura, baina, berdina da han eta hemen. "Bai, egun horretan hemen ere 12 mahatsak hartzen dituzte", zehaztu du.

Posada jaiak
Gabon egunak eurak asko nabarmentzen ez diren, urteko azken hilabetea, abendua, berezia izaten da Mexiko herrialde guztian. Izan ere, Posada izeneko jaiak antolatzen dituzte hilabete guztian zehar.
Garazi Azkoitiak kontatu digun moduan, "Mexikon abendu hasieratik Posada jaiak ospatzen dira. Nork bere etxean antola dezake familiakoa, baina, gainera, lantokian edo unibertsitateko lankide edo ikaskideekin ere ospatzen da jai berezi hori. Janaria, edaria, piñatak eta musika mexikarra ez dira inoiz faltako Posada on batean".
Aurten etxean pasako ditu Gabonak Azkoitiak. Mutil-laguna eta biak etorriko dira eta Aretxabaletan ospatuko dituzte, familiakoekin eta lagunekin. "Deseatzen nago hegazkina hartzeko", dio.

 

Antton Sagasta | Arrasatearra Saudi Arabian

"Ikasleen ahotik jakin ahal izan duguna da Bizarzuri ez dutela gogoko"Ramadan bete-betean, aurtengo uztailean joan da lehen aldiz Saudi Arabiara Antton Sagasta arrasatearra, Mondragon Educacion Internacional enpresak Muhayil herrian kudeatzen duen Lanbide Heziketako eskolan lan egitera.
Hasiera baten, bost urtez egongo da Saudi Arabian, eta apurka-apurka ohitzen doala esan arren, hasierako kontaktua gogorra izan zela kontatzen du: "Hegazkinetik jaitsi eta emakume guztiak begiak besterik erakusten ez duten abaya-k jantzita ikustea; erlijioak alkoholarekin, txerrikiekin edo zinearekin lotuta inposatzen dituen debekuak... Zaila da hori guztia onartzea, baina ez dago beste aukerarik". Baina era berean, gaineratzen du ongietorriak izan direla: "Azken finean, Muhayileko mendebaldar bakarrak gara!"

Gabonik ez
Gabonei dagokienez, "turroiak bezala" etxera itzuliko dela dio Sagastak: "Familiarekin eta lagunekin egoteko beharra dut, ahal den heinean deskantsatu eta deskonektatzeko".
Eta ez dirudi Gabonekin lotuta Saudi Arabian askorik galduko duenik, herrialde musulmana izanda ez dira-eta ospatzen. Hala, ez euren herrian, ezta Riad hiriburuan ere ez dago apaingarri berezirik. Dena den, bertakoek Gabonetako ikurrik ezagutzen dute, eta ez onerako: "Ikasleen ahotik jakin ahal izan duguna da Bizarzuri ez dutela gogoko".
Saudiarabiarrek ez, baina, antza denez, bai atzerritarrek: "Compound-ak hirietan dauden atzerritarrentzako eraikitako konplexuak dira. Bertan ez daude indarrean erlijio legeak, eta, beraz, Gabonak edo beste edozein ospakizun egiteko aukera dago. Ohikoena, baina, Saudi Arabiatik irtetea da".

Urte berria, azaroan
Eta Urtezahar egunarekin zer? Hori ere ez dute ospatzen Saudi Arabian; ez, behintzat, gure egun berean: "Musulmanek egutegi propioa dute, Hijri deritzona, eta Urteberri egunak ez dauka gurearekin zerikusirik. Azaroan 1435. urtean sartu ginen, eta ez genuen inongo ospakizunik ikusi". Ramadana eta Hajj izenekoa dira Saudi Arabiako ospakizun nagusiak.

 

Xabi Altzelai | Oñatiarra Alemanian

"Edateko, ardo beroa espeziekin da izarra"

Kolonian bizi da Xabi Altzelai, eta emaztea bertakoa duenez, Gabonak han pasako dituzte; 2014ari Oñatin emango diote ongietorria. Gabon hauek bereziak izango dira; semearendako, lehenak. "2014an Oñatin pasako dugu Gabon gaua, Olentzero pertsonalki ezagut dezan", dio aitak.

Gabonetako merkatuak
Gabonetako merkatuei esker, abendu hasiera ezkero nabari da kaleetan Gabon giroa. Etxeetan Adventskalender bat (abenduko egutegia) jartzea da ohitura: "Egutegi bat da, txokolatea eta halako opari txikiak barruan daramatzana. Egunero zenbaki bat irekitzen da, Gabon egunera arte", dio Altzelaik. Adventskranz koroa ere jartzen da, abenduan zehar pizten dituzten lau kandelarekin.
Opariak Christkind-ak (Kristo haurrak) eroan ohi ditu Gabon gauean, baina zintzoak izan direnentzat abenduaren 6an Nikolaus joaten da eta opari txiki bat uzten du.
Zeintzuk dira Alemanian Gabonetako plater ohikoenak? "Ehizaki gisatuak nahiko tipikoak dira, edo antzara labean, aza gorriarekin eta knödel-arekin. Postre bezala, sagar-erreak mazapanarekin eta banillarekin" dio Altzelaik. Eta edateko? "Glühwein-a da Gabonetako izarra: ardo beroa espeziekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak