Hasteko, Espainiako eta EAEko araudiak daude; bestetik, zurrumurruak zabaldu dira azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzak hasieran ipini ziren epeak luzatu egingo zituela; hirugarrenik, etxebizitzei eragiten dien Energia Eraginkortasun Ziurtagiriaren derrigortasunarekin batera etorri da, denboran, eta konfusioa sortu du horrek askorengan; eta, azkenik, araudiak dituen ondorio praktikoek zalantzak sortzen dituzte. Izan ere, askotan ITEak etxe-jabeei jakinarazten die etxebizitzak dituen mantenu-akatsak edo hutsuneak, eta horiek konpontzea jabeei dagokien arren, askotariko egoerak sor daitezke eta ez dago beti garbi legeak dioena betearaztea nori egokituko zaion.
Bada, nahasmen hori erabat argitzen ikusteko, 2014 urte bukaera aldera itxoin beharko dugu; horrela aurreratu digu eraikinak birgaitzen laguntzeko Suradesa agentziako arduradunak, Luis Laskurainek. Berak Eusko Jaurlaritzaren egitasmoen berri dauka eta, aditu horrek dioenez, datorren urte bukaera inguruan onartuko du Eusko Jaurlaritzak ITEaren inguruko araudi berria. Helburuetako bat izango da Espainiako eta EAEko araudiak bateratzea eta elkarren arteko kontraesanak ezabatzea. Seguruenik, gaur egungoa baino orokorragoa izango da, Espainiako legearen antzekoa. Espainiako legea EAEkoaren gainetik dago, eta hark epe orokor batzuk ezartzen ditu: 50 urte baino gehiago dituzten eraikinak errebisatu behar direla esaten du, eta ez du epemuga jakinik ipintzen. EAEko araudia zehatzagoa da eta, era berean, mugatzaileagoa, epemuga jakin batzuk ipintzen dituelako. Baina epemuga horietako lehena –abenduaren 31– ez dabil betetzen. Luis Laskurainek honakoa dio: "Estatuko legearen antzekoagoa izango da Euskadiko araudia".
Oraingoz, zigorrik ez
Bien bitartean, iazko abenduaren 15a ezkero, oraindik indarrean dago 241/2012 Dekretua. Horren arabera, hainbat epe ezartzen ziren Euskadiko eraikin eta etxebizitza guztiek, antzinatasunaren arabera, ITEa pasatzeko. Lehenengoak 1901. urtea baino lehen eraikitakoak ziren, eta aurtengo abenduaren 31 baino lehen izan behar zuten ITEa eginda. 1901 eta 1940 artean eraikitakoendako, 2014ko abenduaren 31 ezartzen zen epemuga gisa; eta 1941 eta 1965 artean egindakoendako, 2015ko abenduaren 31. Hortik aurrera, 50 urte betetzen doazen neurrian egin beharko zuten eraikinek lehenengo azterketa teknikoa.
Dekretuak udalen esku uzten zuen zegokien bizilagunei jakinarazteko lana, eta, behin ITEa eginda, txostena Udalari entregatu behar zioten bizilagunek.
Handik hilabete batzuetara, Jaurlaritzak beste dekretu bat egingo zuela zabaltzen hasi zen, eta horren bidez epeak atzeratu egingo zituela. Epe berri bat ere aipatu zen: 2018ko abenduaren 31ra atzeratuko litzateke lehenengo epemuga, eta egun horretarako ITEa eginda eta dagokion Udalari entregatuta izan beharko lukete aurtengo ekainaren 27an 50 urte edo gehiago zuten eraikinek.
Argi dago lehenengo helburua ez dela beteko, 1901 baino lehenagoko eraikin gehienei ez dietelako ITEa egin. Debagoieneko udal arduradunek txosten gutxi, oso gutxi jaso dituzte, baina, dekretu berria noiz etorriko den ez dakitenez, impasse baten daude: "Ez gabiltza jendea behartzen, baina, era berean, oraingo epeak hor daude eta ezin diegu ez aurkezteko esan; beraz, gu ere zain gaude", esan digu Debagoieneko udal aparejadore batek.
Eusko Jaurlaritzak 2014 bukaeran argitaratzen badu behin betiko araudia, zer gertatuko da bitartean? Bada, epeek indarrean jarraitzen dutela eta, teorian behintzat, hainbat etxe-jabek ITEa entregatu beharko luketela datozen hilabeteotan. Dena dela, araudi berria egiten dabilenez, pentsatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ez duela horren gainean neurririk hartuko ez araudia betearaziko, baldin eta ezbeharren bat gertatzen ez bada; adibidez, eraikin baten aurrealdearen zati bat jausi eta kalteak egin, eraikina gaizki kontserbatuta dagoelako. Horrek arazo larria sor lezake. Baina, horrelakorik gertatzen ez den bitartean, iazko dekretuak aparkatuta jarraituko du, praktikan behintzat.
Aretxabaletako Udal Hirigintza saileko ordezkariek diotenez, Udalak oraindik ez du erabaki zer egin: "Oso jende gutxik aurkeztu du txostena, baina ez dugu jendea estutu nahi". Aretxabaletako Udala ere Eusko Jaurlaritzaren arau berrituaren zain dago. Bitartean, bihar, martitzena, gai horren gaineko batzarra izatekoak dira. Teorikoki, zenbait aukera izango lituzke udal batek: "Lehenengo, bizilagunei gutuna bidaltzeko aukera dago, ITEa gogorarazten. Bi hilabeteko epea ematen du legeak hortik aurrera eta, gero, errekerimendua egin dezake Udalak. Orduan ere ez badute ITEa aurkezten, Udalak subsidiarioki egin lezake". Dena dela, hor beste arazo bat etor daiteke: zenbat ITE egin ditzake udal batek? Eta, egitekotan, zenbat eta zeintzuk egin beharko lituzke?
Kontu horiengatik, besteak beste, eta dekretu berria egongo dela jakinda, zentzuzkoa dirudi pentsatzeak udalek ez dutela aparteko neurririk hartuko.
Dirulaguntzak, aparte
Litekeena da dekretu horrek ITEa egiteko dirulaguntzak ere arautzea. Momentu honetan, Eusko Jaurlaritzak 1.000 euro eta BEZ kubritzen dituen dirulaguntzak ematen ditu, baina bakarrik egindako ITEaren eraginez obrak egin behar badira. Eusko Jaurlaritzaren arau berriarekin, litekeena da ITEa egiteko dirulaguntza sistema bat ere inauguratzea.
Gaur egun, gauza bat da ITEa egiteko dirulaguntzak –bakarrik horren ondorioz obrak egin behar badira ematen dira–, eta beste bat, birgaitze edo konponketa obrak egiteko dirulaguntzak. Bi gauzak guztiz desberdinak dira, juridikoki. Etorkizuneko arauak bi alderdi horiek bateratzera joko du, hau da, ITEa eta eraikinak konpontzeko obrak. Seguruenik, obrak egiteko, ITEa eginda izatea eskatuko da. Birgaitze obrei dagokienez, aurten, esaterako, energia eraginkortasunarekin lotutako obrak egiteko dirua eman du Etxebizitza Sailak: aurrekontuaren %50, gehienez ere 15.000 euro, itzultzeko beharrik gabe.
Irisgarritasuna ziurtatu
Gauzak gehiago nahasteko, ITEaren gaineko arauak dagoeneko badabiltza aldatzen. Mikel Altube arkitekto oñatiarrak honela argitzen digu: "Azaroaren 17an ITE bat egin nuen, eta hori bera gaur egun ez zidaten onartuko". Izan ere, azaroaren 19an arauaren eranskinak dagoeneko aldatuta zeuden, eta modu garrantzitsuan, gainera: izen berriarekin –Eraikinen Ebaluazio Txostena–, funtsean gauza bera da, baina bi exijentzia berri sartzen ditu: eraikinaren efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna ere baloratu beharko ditu adituak txostenean.
Baina hori ere behin-behinekoa izango da, 2014ko dekretu berrian gehiago zehaztuko direlako bi aspektu horiek. 2017 bukaerarako, irisgarritasun oztopo guztiak konponduta izan beharko dituzte eraikinek, eta irisgarritasun baldintzak bete beharko dituzte beste birgaitze obraren bat egin nahi badute. Momentu honetan, euskal dekretuak modu oso orokorrean agintzen du irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa baloratzea.
Familia-medikua bezalakoa
Eraikinaren ebaluazio bisuala da ITEa, eta egitura, aurrealdea eta estaldura eta, bestetik, saneamendu eta hornikuntza sare orokorrak hartu beharko ditu; eta, azaroaren 19a ezkero, eraikina irisgarria den eta energia aldetik eraginkorra den ere ebatzi beharko du.
Eraikina ebaluatu eta gero, txostena egin beharko du adituak, eta hor azaldu beharko ditu ikusi dituen akats guztiak, larriak zein arinak. Segurtasunari –bizilagunendako eta gainerako herritarrendako–, osasun-egoerari eta apaingarritasunari kasu egin beharko die. Antzematen diren kalteak baloratu eta horiek konpontzeak zenbateko premia duen ere adierazi beharko du arkitektuak, eta nola konpondu ere gomendatu beharko du.
ITEa egin egin behar da; hori deritzo Mikel Altube arkitekto oñatiarrak. Eta honela azaltzen du ITEa: "Familia-medikua bezalakoa da. Gaixorik zaudenean, medikuarengana zoaz; baina, nahiz eta ondo egon, ez da txarra urtean behin analisia egitea. Era berean, familia-medikuak ez dizu erradiografia bat egingo; arazoren bat ikusten badu, espezialista honengana edo harengana joateko gomendatuko dizu".
Altubek dagoeneko egin ditu ITE batzuk, eta honakoa dio: "Urteetan eta urteetan, hemen ez da eraikinen mantenurik egin, baina ez zaio garrantzirik ere eman. Fatxada baten pitzadura bat agertzen bazen, normal-normala iruditzen zitzaigun. Ni orain hasi naiz ITEak egiten eta fatxada batzuk kalea ixteko moduan daude. Zatiren bat jausten denean, ez baldin badu inor azpian hartu, oso inportantzia txikia ematen diogu".
Eraikinaren estrukturetan ere oso ezuste txarrak hartzen dabil Altube: "Ikusten nabil lehen 25 milimetro eta orain 10 duten burdinak, etxea sostengatzen duten burdinak. Eta ez diogu garrantzirik ematen. Jendeak ez daki arazo horiek daudela, horregatik da hain inportantea ITEa pasatzea".
Lehenago edo geroago, borondatez edo legeak dioelako, etxe-jabe guztiek bilatu beharko dute ITEa egiteko adituren bat, eta etxebizitza segurua eta egokia den jakin.
---------
Ez da hain zorrotza izango
2014an: urtebete barrurako espero da ITEak erregulatzeko dekretu autonomiko berria.
Epeak: oraingoz, lehenengo epemuga –1901 aurretik egindako eraikinendako– abenduaren 31 da, baina ez da betetzen ari, eta erakundeek ere ez dituzte betearazteko neurriak hartu.
Nasaiagoa: EAEren arau berria Espainiako legearen antzekoagoa izango da, eta ez oraingo euskal araua den moduko zorrotza.
Berritasunak: Orain eranskin baten dauden derrigortasunak zehaztu egingo ditu arau berriak: energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna.
----------
Fatxada 'efizientea'
Energia aldetik etxebizitza efizienteagoak eta irisgarriagoak egiteko neurriak badabiltza hartzen herritarrak, pixkana-pixkana bada ere. Eusko Jaurlaritzak aurten emandako dirulaguntza deialdi batera aurkeztu dira Oñatiko eta Bergarako etxebizitza bloke bana. Argazkian agertzen da Oñatiko Errekalde auzoko 31. ataria, bi bloke horiek egin nahi dituzten obren antzekoak eginda dituena. Fatxada berriarekin, hiruzpalau gradu irabaziko dituzte bizilagunek. Hau da, kanpoan 0 gradu egiten badu, barruan lehen baino hiruzpalau gehiago egingo ditu, eta kanpoan 30 egiten badu, lehen, beharbada, 25 egongo ziren etxe barruan eta orain 22 inguru egongo dira. Altube Artabe Baquedano Arquitectos enpresak egin ditu obrak.