Bernardo Atxaga: "Idatzi ditudan liburu guztietatik aldatuko nuke zerbait"

Txomin Madina Milikua 2013ko abe. 19a, 00:00

Bernardo Atxaga.
2007ko abuztutik 2008ko ekainera arte AEBtan bizi izan zen asteasuarra eta orduan hasi zen idazten argitaratu berri duen 'Nevadako egunak' liburua, 150 piezaz osatutako puzzlea.

1. Liburuaaurkeztu zenuenetik zenbatgarren elkarrizketa da hau?

Hirugarrena izango da. Aurkezpen egunean dira gehienak, gero bakantzen doaz. Gero eta lan ederragoa zait idaztea, baina promozioak-eta ahalik eta gutxien egiten ditut; espero dut urte batzuetara uztea.

 

2. Liburua kronika gisa hasi eta nobela gisa bukatzen da. Nahita?

Idazkerak eroan nau horretara, baina hasieratik nuen pieza denek azpiko lotura izateko gogoa. Bob Earl pertsonaiak liburu osoa zeharkatzen du. Kronika zipriztinak daude, baina pertsonaiekin egia eta edertasun gehiago lor ditzakezu; zure mamuak eurengan proiektatu eta testuari sakontasuna eman.

 

3. 2007an idazten hasi arren, az-ken atala orain gutxi bukatu duzu.

Idazketa piezaz pieza izan da. Bi gauza egin zaizkit zailenak: liburuak batasuna izan dezan piezak aukeratzea; eta azpiko lotura egingo duten sekuentziak sortzea.

 

4. Liburuaz gain, zer gehiago atera zenuen Renoko esperientziatik?

Leku guztietatik ikasten dut; akaso eskolako maistra baten semea naizelako... Ikasi ez informazioa bakarrik, baita zure bizitza txukundu eta zuzenketa egiten ere; hori ere egin nuen han.

 

5. Idazle metodikoa edo kaotikoa zara?

Euskal Herrian rara avis bat naiz, idazle profesionala eta nahi eta nahi ez diziplinatua izan behar dut. 

 

6. Noiz pentsatu zenuen: "Bai, idaztetik bizi naiteke"?

Gaztea nintzela erraza zen lana utzi eta beste bat bilatzea. Gustatu barik Ekonomia ikasi eta 28 urterekin, irakasle nintzela, utzi nuen. Hogei urtez nahiko pobrea izan nintzen, kintako ekonomilariekin elkartzean lotsa ere pasatzen nuen. Baina idaztea nuen afizio handiena, eta afizioduna ondo bizi da beti.

 

7. Arrakasta izan izana nora arte da oztopo proiektu bati ekiteko?

Ez dakit. Arrakastarekin lagun berriak datozkizu, etsai berriak ere bai. Nabarmentzean, etxetik kanpo ere ez duzu askatasun gehiegi; bere horretan onartu behar da.

 

8. Zure zein liburutatik aldatuko zenuke zerbait?

Guztietatik. Niretzat Sara izeneko gizona-k grazia handia du, baina lehen orriak hitzaurre gisa jarriko nituzke. Baina amuarrainak joan eta gero, alferrik da saiatzea.

 

9.  Joseba Irazuri galdera: erraza da Bernardo Atxaga izatea?

Geografikoki bereizten ditut: bizi naizen herrian eta jaio nintzenean Joxe edo Joseba naiz; erosoago bizi naiz horrela. Bernardo izanda, bestelako galderak egin eta bestelako eginkizunak ematen dizkidate.  

 

10.  Sekulako imajinatuko ez ge-nizukeen afiziorik aitortzekotan...

Pilota. Jubeniletan, Gipuzkoako txapelketako finala galdu nuen gero profesionala izan zen Salbidearen aurka. Pilota ulertu ere egiten dut.

----------

Makila magikoa baneuka: "Makila horrekin, ziri horrekin, galaxia bat egingo nuke. Eman dezagun bertan 5.000 milioi bizilagun daudela, denak euskaldunak, lapurtera ukituarekin; eta gurekin konexioan jarriko nituzke. Benetako gogoa dut euskara ez izateko gutxiengo baten hizkuntza, gehiengo batena baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak