Ospakizuna, ordea, ez da hor geratu, Arrasate Press aldizkariaren lehen aletik ere 25 urte bete direlako. Aitzindariei zor, etorkizunera begira jarraitzen du Goienak.
Iban Arantzabal, Goiena Komunikazio Taldeko Zuzendari nagusiak, Eneko Azkaratek, Goienako Edukien Zuzendariak eta Miren Arregi 'Goiena.net'-eko Komunitatearen arduradunak eta Goiatz Arana webguneko editoreak azaldu dituzte proiektu berriak.
Ekitaldian izan dira Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako zuzendaria eta Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea.
Erakundeetako ordezkaritzak ekitaldiaren babesle izan dira, Gipuzkoako Foru Aldundia ere baden moduan. Aitor Izagirre Goienako presidenteak itxi du ekitaldia Arrasate Press-i omenaldi xumea eginez. Xabier Zubizarreta, alkate Arrasate Press sortu zen garaian, eta Eñaut Muxika, AED elkarteko presidentea izan dira ekitaldian.
Denona izatetik denon artean egina izatera
10. urtemugan, erabilgarri dago jada 'Goiena.net' berritua: erabiltzaileek –norbanako, eragile...– zuzenean edukiak gehitzeko aukera dute orain
Zu entzun nahi zaitugu, ez zaitez isildu. Orain hiru urte, Goienaren hamargarrena zela-eta egindako kantuaren pasartea da. "Ez zaitez isildu, esaguzu [eta guk zabalduko dugu]", izan zen orduko mezua. Hiru urte pasa dira eta Goienako senide gazteagoetako beste batek ere bete ditu hamar, eta esaguzu hori bihurtu da "esan ezazu", "tori tresna eta jarri ezazu zerorrek gainerakook jakitea –irakurtzea, entzutea edo ikustea– nahi zenukeen hori". Eta zuk, zuk ere bai, eta zuk ere esazu esatea nahi duzun hori, ze intentzioa da zuentzako ez –edo hobeto, zuentzako eta...–, zuekin egitea Goiena. Komunitatearekin.
Eta Goiena osoarena den helburu eta izan nahi duen jarduteko modu hori Goiena.net berrituak jarri du –hasteko, behintzat– agerian: izan ere, Komunitatea –horrela deitua eta adierazia azaltzen dena pantailan– da webgunearen berrikuntzetako bat, nagusia jarduteko moduari dagokionez –edukiari begiratuta, Aurreztu.com da beste bat, eta Gida atala ere badator berrituta–.
Komunitatea indartzen
"Aldaketok lagunduko digute maila filosofikoan landua genuena gauzatzen. Gure nahia da herritarrak parte aktibo izatea eta herriarekin eta herriarendako egitea Goiena. Gure asmoa da Goienako kazetarien laguntzaz euskaraz idazten duen jendea biderkatzea", dio Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi Iban Arantzabalek.
Eta: "Gure komunitatea handitzeak Goienari egiten dio ekarpena, bailarari eta, noski, euskarari", Miren Arregik, azken hilabeteotan "norbanako, eragile, elkarte, alderdi politiko, ikastetxe, mugimendu eta abarrekin" harremanetan jarri eta Komunitateko kide izan daitezen animatuz dinamizazio lanean diharduenak –edonork bere kabuz ere sor dezake profila–. "Oñatin, Bergaran eta Arrasaten egin dugu, oraingoz, proposamena, eta oso harrera ona izan dugu, oso erabilgarri ikusten dute aukera berria", gaineratzen du. Horrekin batera, eta antzerako helburuekin, Blog Komunitatea handitzeko lanean ere badihardu Arregik.
Gida komertziala on line
Eta beste berrikuntzei dagokienez: Gida Komertziala; iaztik gida barruan orri berezitua edukitzeko ematen zen aukerari beste bat gehitzen zaio orain, iragarleari bere behar eta nahien araberako webgune propioa egitearena –gidatik lotura izango du bertara, eta, nahi izanez gero, Goiena arduratuko da mantentzeaz ere–. Abantaila, bilatzaileetan lehenengoetako aukera moduan agertzea, besteak beste.
Gida barrurako iragarleentzako berrikuntza gehiago –haien balizko bezeroek ikusgai eta erabilgarri izango dituztenak, ondorioz–: euren aktibitatea edota produktuak azalduz ikus-entzunezkoak egiteko aukera, edo produktuak argazkitan jartzekoa.
Eta Aurreztu.com beste nobedadea; Goiena.net berritik lotura zuzena duen ataria, Debagoieneko merkatari eta zerbitzu-emaileen produktu eta zerbitzu eskaintza bereziak jasoko dituena –%40tik gorako deskontuekin ere bai–, "bertako komertzioa eta kontsumoa sustatuz": "Eskaintzak eguneratuz joango dira, eta egun kopuru jakin bat egongo da erosketa egiteko. Erosketa ordaindu egingo da eta produktua edo zerbitzua jasotzera baino ez da joan beharko gero leku fisikora", azaltzen du Goienako komertzial saileko Imanol Elortzak.
"Promoziorako bidea"
Elortzaren arabera, merkatarientzako "promoziorako bidea" da hau, salmentarako beste era bat izateaz gain; merkatariek ez dute ezer ordaindu beharko eskaintza egiteagatik. Herritarrentzako, berriz, gustuko duten edo behar duten produktu edo zerbitzu hori merkeago eskuratzeko aukera.
Eta asmoa da, gainera, aurrerago gure bailaraz kanpoko iragarleen produktu eta zerbitzuak ere izatea aukeran Aurreztu.com-ek: "Izan ere, euskarazko tokiko hedabideez osatuta dagoen Tokikomekin lankidetzan gauzatutako egitasmoa da, eta beste hedabide batzuen bitartez ere ekimena zabaltzea bada asmoa".
Tokikomen asmoak
Baina Aurreztu.com bakarrik ez, Goiena.net berria da, oso-osorik, Tokikomekin lankidetzan sortua, Inazio Arregi zuzendariak azaltzen duen moduan: "Tokikomek eskainitako plataforma baten gainean eginda dago Goiena.net berria. Tokikomek plataforma moderno bat du bere bazkideei eskaintzeko; horrela, kostuak murrizteaz aparte, beste hainbat abantaila eskainiko dizkie".
Urtebete barru, hamar
Eta hedabideok kontsumitzen dituztenentzat ere izango da, noski, onura, informazio eta zerbitzu eskaintza zabala jaso ahal izango dute-eta: "Honela, 2013an bost agerkari egongo dira abian –Nafarroako bat eta Gipuzkoako eta Bizkaiko bi–, eta 2014rako erronka bikoitza dugu: agerkari guztiak saretuko dituen aplikazio teknologikoa sortzea eta sarera beste bost agerkari elektroniko biltzea", dio Arregik.
Goiena.net hazi eta hazi ari da urtez urte, eta berdin –edo are hobeto– jarraitzea da asmoa berrikuntzokin guztiokin; horretarako, "diseinu argiagoa eta garbiagoa ere baditu Goiena.net berriak, eta askotariko gailuetan –mugikorretan, i-Padetan...–, aplikaziorik jaitsi beharrik gabe, egoki ikusteko pentsatua dago", Goiatz Arana webgunearen arduradunaren esanetan. Hori guztia horrela izanda, aurrera begira baikor da Goienako zuzendari nagusia, eta kopuru batekin ere ausartzen da Arantzabal: "Etorkizun ez luzean eguneko 10.000 bisita bakar izatera helduko gara". Denborak arrazoi eman diezaiola.