Entrenatzaile titulua euskaraz atera daiteke Debagoienean

Leire Kortabarria 2013ko abe. 12a, 08:12
Mondrako bi entrenatzaile –ezkerrekoa, Iker Uribarren–, infantil mailako jokalariekin.
Debagoiena berriz ere aitzindaria da euskararen normalizazioari dagokionez. Izan ere, urria ezkero, Arrasaten ematen da futbol entrenatzaile titulua lortzeko euskarazko formazioa, lehenengo aldiz Euskal Herrian. 30 lagun inguru dabiltza astero bi egunetan, astelehenetan eta zapatuetan eskola horiek jasotzen, Mondraren instalazioetan, Mojategin.

Kirola Euskaraz proiektuaren barruan bete den helburu bat izan da titulazio hori Arrasatera ekartzea, eta %100ean euskaraz, gainera. Debagoieneko Mankomunitatearen, udalen eta kirol kluben, batez ere Mondraren laguntzari esker lortu dute.

Mondrak zuzendaritzaren batzar-gela uzten die eskolak jaso ditzaten, eta, eskola praktikoak egin behar dituztenean, errugbi edo futbol zelaian egin ahal izango dituzte.

Kirola Euskaraz programako arduradunek diote bi gauza lortzen direla ikasketa horiek Debagoienera ekartzearekin: "Beti gu izaten gara Debagoienetik irten behar izaten dugunok, eta gure buruari galdetu genion ea zergatik ez ginen ahalegintzen oraingoan ikasketa horiek gurera ekartzen; eta gainera, euskaraz. Horrela, zeharka, Debagoieneko futbola euskalduntzea lortzen dugu". 

Hiru maila, hiru titulu 

Eskolak Kirolenek ematen ditu, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren mende dagoen Kirol Irakaskuntzaren Ikastetxe Publikoa. Irakasleak, gai didaktikoak eta materiala Kirolenek ipini ditu, eta berak moldatu du materiala euskarara. "Kirolenek ere lan handia egin du", esaten dute Kirola Euskaraz-eko arduradunek.

Entrenatzaile titulua lortzeko ikasketa horiek hiru maila dituzte, eta ez da derrigorrezkoa hirurak egitea. Orain, lehenengo mailako ikasketak ematen dituzte Arrasaten. Kurtso hori gainditzen dutenek dagoeneko lortzen dute titulu bat, eta gazte maila arteko taldeak entrena ditzakete. Bigarren mailako ikasketak egiten dituztenek futboleko 3. mailara arteko –3. mailakoak kanpo– taldeak entrena ditzakete; esaterako, gaur egungo Aretxabaleta edo Mondra taldeak entrenatu ahal izango lituzkete. Azkenik, 3. kurtsoa edo maila gainditzen dutenak futboleko 1. mailako taldeen entrenatzaile izan daitezke.

Orain arte, Durangon

Debagoiendarrak dira ikasle gehienak, baina badaude hiru soraluzetar, bi azpeitiar eta eibartar bat; debagoiendarren artean, gehienak arrasatearrak eta bergararrak dira. Bestalde, ikasle guztiak datoz futbol mundutik, baina, horren barruan, barietate dezente dago: "Futbola utzi berri dutenak, futbolean dabiltzan gazteak, klubetako jendea klubetarako formatzen dabilena… denetarik dago". Adin aldetik, 20 eta 40 urte artekoak dira.

Iker Uribarren da ikasleetako bat. Arrasatearra da, Athletic-eko harrobitik etorria eta Mondran umeen entrenatzaile. Horrez gain, Kirol Irakasle ikasketak egin ditu eta TAFYD (Ekintza Fisikoetako eta Kiroletako Teknikaria izenaren gaztelaniazko siglak) ikasten dabil. Helburuez galdetuta, hauxe dio: "Orain Mondran nabil, infantilak entrenatzen; ikusi nuen guk entrenatzaileengandik ikasi duguna erakusten diegula umeei, eta formazio bat jasotzea erabaki nuen, neuk entrenatzeko. Ez diot nire buruari aparteko helbururik ipini; oraingoz, gustura nabil". 

Entrenatzaile ikasketak Debagoienera ekartzeak haiek eskualdera moldatzea ekarri du: "Oso giro ona sortzen da ikasgelan; denok gara ingurukoak, eta debateak sortzen dira, izan ere, Kirolenekoen ikuspegia eta gurea beti ez dira berdinak". Alde horretatik, eskolak "oso aberatsak" dira. 

Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak ere naturaltasunez erabiltzen dituzte; hala, ikasleek Interneteko topagune edo plataforma bat daukate, ariketak igotzeko, eta irakaslea e-mailez jar daiteke eurekin kontaktuan.

Erik Badillo 29 urteko aretxabaletarra da eta Aretxabaletako Eskua hezkuntza eta kirol proiektuko –Errespetua Sustatzeko Kirola Ulertuz Aretxabaletan– bultzatzaileetako bat da. Bera ere ikaslea da. Honakoa diosku: "Orain arte, hemendik gertuen Durangon ikasteko aukera zegoen entrenatzaile titulua ateratzeko. Hau Arrasaten izanda, aukera ikusi nuen etxetik gertu ikasteko, eta, gainera, euskaraz bazen, askoz hobeto. Nik Irakasle ikasketak egiten ditut eta arlo asko antzekoak dira, eta Irakasle ikasketak euskaraz egiten ditudanez, erraztasun handiagoa daukat".

Erikek komentatzen duenez, bere motibazioa hauxe izan zen: "Futbol munduan nabil eta beti dago zer ikasi; gainera, Federazioak titulazio hori eskatzen du. Hortaz, nire lehenengo helburua lehenengo maila egitea da". Gero "ikusiko" du Erikek jarraitu edo ez. Ikasketa horiek gainerako zereginekin batera ondo eroatea da beste gakoetako bat.

Ikasketak Debagoienera ekartzeak askoz erosoago egin ditu ikasleendako, izan ere, askoz gertuago egoteaz gain, Durangoko ordutegiak "ez ziren oso egokiak" bertako ikasleendako. Arrasateko eskolen kasuan, denen artean adostu dituzte egunak eta ordutegiak.

Tituludun entrenatzaileak 

Kirola Euskaraz-eko ordezkariek azpimarratzen dute Debagoieneko klub guztiek lagundu dutela, baina, bereziki, Mondrak. Klubeko presidenteak, Ander Garaik, honakoa dio: "Proiektua aurkeztu ziguten eta, Arrasaten eta inguruan titulu hori emateko beharra zegoela ikusita, laguntzea erabaki genuen. Izan ere, gauza bat da laguntza gisa entrenatzea, eta beste bat, umeen progresioa jarraitzeko-eta, tituludun entrenatzaileak izatea". Garairen esanetan, Mondrako zuzendaritzak "harrera ona" egin zion proposamenari, eta baita jokalariek eta entrenatzaileek ere, azken horiek "titulua nahi" zutelako. 

Dena euskaraz izateari ere garrantzi handia ematen dio Mondrako presidenteak: "Lehenengo aldiz ematen dira ikasketa horiek euskaraz, eta kontua da bailara honetan, futbolean, euskara oso gutxi erabiltzen zela; entrenatzaileetatik hasita, ez zen bultzatzen euskara modu normalean erabiltzea; orduan, horregatik ere oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun". 

Eskua edo Kirola Euskaraz bezalako ekimenak asko laguntzen dabiltza kirola euskalduntzen; izan ere, arduradunek dioten moduan, "futbola oraindik oso erdalduna da", eta "entrenatzaileek euskaraz egiten badute, umeek ere euskaraz egingo dute".

---------------------------

Futbolari txikien euskal topagunea

2012ko azaroan aurkeztu zuten Kirola Euskaraz, euskal kirolari integrala sortzeko eta kirola euskalduntzeko. Gaztetxoendako hainbat ekintza antolatu izan dituzte. Besteak beste, iaz, 500 ume batu ziren Ipintzan eta Agustin Arantzabal eta Aitor Lopez Rekarte ezagutzeko aukera izan zuten. Arrasate, Aretxabaleta, Bergara eta Oñatiko klubetako ehunka umeri eragiten die programak; aurten, 2002 eta 2004 artean jaiotakoak dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak