Isabel Mulas: "%90ek izaten dute bizkarreko mina behin, gutxienez; gehienetan, postura txarrengatik"

Leire Kortabarria 2013ko abe. 11a, 18:36
Isabel Mulas doktorea, kontsultategian, Arrasaten.
OSIk, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak, Bizkarraren Ikasgelak emango ditu abenduaren 11n, Oñatiko kultur etxean, eta 16an, Arrasateko Kulturaten, 19:00etan. Iñaki Agirreurreta fisioterapeutak eta Isabel Mulas medikuak emango dute eta aurrez Errehabilitazio zerbitzuak horretarako egoki ikusi dituen pazienteek jasoko dituzte eskolak. Errehabilitazio zerbitzuko mediku Isabel Mulasen esanetan, "bizkarreko mina ez da osatzen, baina asko arindu daiteke".

Zer erakusten duzue Bizkarraren Ikasgelan?

Bizkarraren anatomiaren gaineko oinarrizko ikasgaiak ematen ditugu, eta zergatik ematen duen min azaltzen dugu. Ikasgai horietan oinarrituta, bizkarra norberak nola zaindu behar duen eta mina txikitzeko ariketak erakusten dizkiegu. Horrela, norbera osasuntsuago dago. 

Edozein joan daiteke Bizkarraren Ikasgelara?

Ez; Errehabilitazioko mediku espezialistaren balorazioa pasa behar dute eta bestelako baldintza batzuk bete. Bizkarreko mina duten guztiendako ez da egokia Bizkarraren Ikasgela. 

Urtean zehar, zenbat bizkarreko min kasu ikusten dituzue?

Urtero 300 lunbalgia kasu inguru izaten ditugu Errehabilitazio zerbitzuan, baina iaz 100 lunbalgia kasu bidali genituen Ikasgelara. Patologia degeneratiboa da lunbalgia, eta horrelako patologiak edo gaitzak dituzten guztiak ez dira egokiak Bizkarraren Ikasgelara joateko. 

Ze irizpide dituzue?

Adibidez, bizkarreko min kronikoa eta ez gaiztoa izan behar da. Neoplasiak ere ez dira sartzen, ezta ebakuntzarekin tratatu behar diren gaitzak ere.

Adin muga bat ere badaukagu: gehienez ere 70 urte izan behar dute pazienteek. Horrek ez du esan nahi 70 urtetik gorakoek ezin dituztenik ariketak egin, baizik eta taldeko ariketa arautuak ezin dituela egin. Pazientearen jarrera ere baloratzen da: aurrerantzean ariketa-taula bat egiteko gertu ez badago, ez dugu Ikasgelara bidaltzen.

Zenbatero egin beharko dituzte aurrerantzean ariketa horiek?

Bizi osorako ariketak dira, eta astean egun baten edo bitan egingo ditu. Baina, ariketak egunero-egunero egitekoak ez diren arren, posturak zaintzea eguneroko lana, eta egunean 24 orduan egin beharreko lana da, esna zein lo gaudenean.

Bizkarraren Ikasgelara joaten diren pazienteek gero, euren kontura, jarraitzen dute ariketak egiten?

Gehienek, bai. Joan aurretik informatu egiten ditugu, zertara doazen azaltzen diegu; eta ikusi dugu ariketak hobeto hartzen dituztela Ikasgelan ikasita, gimnasiora bakarka datozenean baino; kontzientzia handiagoa hartzen dute, eta, bestetik, anatomia ikasgaiek interesa pizten dute, modu horretara norberak zer gertatzen zaion ulertzen duelako. Horrek denak mina arintzen die. Horrek ez du esan nahi mina kendu egingo zaienik, baina gutxienez ez dute hainbesteko mina izango eta, mina dutenean, zer egin jakingo dute. Horrela, medikuarengana ez dira horrenbestetan joan behar izango, eta botika gutxiago hartu beharko dute.

Lunbalgiak aipatu dituzu; baina ze bestelako bizkarreko min daude?

Zerbikaletako eta dortsaletako mina; baina, askogatik, lunbalgia kasuak dira gehiengoa. 

Zergatik sortzen da min hori?

Kausa nagusia postura txarrak dira, izan ere, guregana datorren jende gazte askok ez du arazo degeneratiborik, baina bai postura txarrak edo etengabeko esfortzuak, eta horrek arazo organiko bat sortu dio: adibidez, disko-hernia sortu dio. Horrez gain, prozesu degeneratibo normala dago; behin eta berriz hartzen ditugun postura txarrek bizkarreko mina sortzen dute. Postura horiek etengabe egiten ditugu, edozer gauza egiten dugula: adibidez, lanean zortzi orduan gaizki jesartzen bagara eta gero berriz etxeko sofan, bizkarra lesionatuko dugu eta min emango digu. 

Lehen arretako medikuarengana bizkarreko minarengatik doa jende asko, ezta?

Bai; lehen arretako kontsulten %70 bizkarreko minak dira. Kalkulatzen da pertsonen %90ek bizkarreko mina izango dutela gutxienez bizitzan behin. Oso kopuru handia da. Argi dago heziketa oinarrizkoa dela, eta postura onak ikasteko programak eskolan eman beharko lirateke; arazo asko galaraziko lirateke horrela eginez gero.

Hernia baino arazo larriagorik eragin ditzakete postura txarrek?

Kanalaren estenosia ere sor daiteke. Hezur-muina doan kanala estutzea da estenosia. Horrek gorputz-adarretako nerbioei eragin diezaieke, eta ondorioz, zangoetan indarra galtzea, balioezintasuna… ekar dezake. Baina hori muturrekoa da. Hemendik urte batzuetara estenosi kasurik ez egotea espero dugu, patologia degeneratibo gutxiago egongo delako. Ikusiko ditugu oraindik kasuak, baina gutxiago, nire ustez. 

Gero eta ohitura hobeak ditugulako?

Kontzientzia handiagoa dago orain. Enpresek hartzen dituzte askotan behar diren neurriak. Are gehiago, bizkarraren ikasgelak enpresetan sortu ziren, langilea hobeto egon zedin eta hobeto lan egin zezan. Oso gauza samurrak dira: mahaiak altuera egokira ipini, posturak zaindu…Hori zaintzearekin bakarrik, bizi-kalitatea hobetu egiten da.

Bizkarreko mina duena sarri joaten da medikuarengana, ezta?

Bai, eta Ikasgelarekin, maiztasun hori asko txikitzen da, pazienteak kontzientzia hartzen duelako eta, mina duenean, ez delako hainbeste beldurtzen, zer egin badakielako. 

Zelakoak dira, bada, ariketa horiek?

Talde txikietan egiten dituzte, eta egiten dituzten bitartean egiten ditu zuzenketak fisioterapeutak, eta norberak etxean egiten ikasten dute. Ez dago zertan sasoian egon behar. 

Bestalde, eurek ere dauzkaten zalantzak galdetzen dituzte, kontsultategian daudenean beharbada galdetzera ausartzen ez diren gauzak. 

Iaz parte hartu zuen jendeak, adibidez, hobera egin du?

Gutxik ingresatu behar izan dute berriro. Nola zaindu badakite orain, eta hobeto daude. Galdeketa bat egin genien eta pozik daude.

Ikasgelara ez doazenek ere ikas ditzakete ariketa horiek?

Bai. Ikasgelara joateko egokia ez den jendeak ariketak eta postura egokiak ikas ditzake.

Errehabilitazioaz eta ariketez gain, ze beste tratamentu dago gaur egun bizkarreko minetarako?

Osakidetzak mediku-tratamentua ematen du, botikak, errehabilitazioa, infiltrazioak eta kirurgia.

Eta bizkarreko min guztietarako dago tratamendua?

Bai, baina asko ez dira osatzen. Horretan, berezia da bizkarra. Adibidez, belaunean mina duen bati belauneko hezurra kendu eta protesia ipin diezaiokegu; bizkarrezurra, ordea, ezin da ordezkatu. Beraz, hobetu egin daiteke, halako konponketak badaude, baina ez da guztiz osatzen.

Bestalde, edozeini gerta dakioke: 17 urteko pazienteak ditugu, eta 80 eta 90 urtekoak ere bai.

Kirola egitea ona edo txarra da bizkarrerako?

Kirol mota guztiak ez dira onak bizkarrerako, eta kirola egiteak bizkarra lesionatu dezake. Pazienteek galdetzen dute hori ere.

Postura txarrez gain, beste zer edo zerk eragindako arazoak ikusten dituzue?

Bai; neoplasia, infekzioa edo bestelako arazo larriren batek sortutako lunbalgiak eta zerbikalgiak etortzen zaizkigu. Horiek ez dira errehabilitaziorako pazienteak. Baina patologia degeneratiboak dira ohikoenak. Adinarekin okerrera egiten dute, prozesu degeneratiboak direlako. Ariketek eta ohitura onek hobeto sentitzen laguntzen diote pazienteari. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak