Informazio ugari, kontrako ahots asko.
Zer gertatzen da gure herrian?
Zer dugu esateko honen aurrean?
Opor aurretik gaiaz kezkaturiko herritar talde bat elkartu eta gure kezka, ideia eta burutazioak konpartitzen hasi ginen.
Egungo hezkuntzaren egoeraz eta Wert-en aurre-proiektuak suposatu eta ekarriko lukeenaren inguruan informazioa, irakurketak eta eztabaidak konpartitu ostean, lege honi ezezkoa esan eta inposaketen aurrean planto egiteko arrazoi eta urraketa nagusiak mahai-gaineratu nahi ditugu, Lomcek suposatuko lukeen atzeraldia irudikatuz.
1-Helburu merkantilistak eta pribatizazioaren lehenestea. Helburu gisa ez da herritar bizitzarako prestakuntza eta garapen integrala aipatzen; hezkuntzaren helburu gisa, merkatuaren interes eta beharrei erantzuna ematea azaltzen da. Lomceren printzipioek, beraz, eredu neoliberal basatiaren ikuspegia islatzen dute.
2-Elitista. Emaitza eta botere ekonomikoan oinarritutako lehiakortasuna eta sailkapenak sustatzen ditu.
3-Hezkuntza eskubide eta printzipio inklusiboen urraketa. Curriculum bakarra eta bide paraleloak planteatzen dira homogeneotasunaren bidean, eta honek testuinguru ezberdinen eta existitzen den aniztasunaren kontra egiten du. Norberaren errealitatea ukatu eta murrizten du.
4-Segregazioa. Onartezina da parekidetasunean oinarritutako balore eta heziketari lotutako neurriek duten kutsu baztertzaile eta atzerakoia; esaterako, sexuen araberako segregazioa diruz lagunduz.
5-Curriculumaren kontrola-hezkuntza eredu zentralista eta hegemonikoaren gailentzea. Herri gisa, gure herri, kultura eta hizkuntzaren ukazioa areagotzen du, Euskal Curriculumaren alde egindako lan eta ibilbidea aintzatetsi gabe.
6-Euskara. Hirugarren mailako hizkuntza bilakatzen du.
7-Erlijio katolikoaren inposaketa. Erlijio bakar baten ideiak herritarrak batzen gaituzten balore etikoen maila berean jartzen du, beste erlijioak ere baztertuz.
8-Ebaluazio etengabeak eta kanpo-kontrola areagotzea. Ebaluazio sistema gogortuko da LH, DBH eta BH bukaeran, espainiar estatu guztian irizpide berdinak jarraituko dituzten frogak ezarriz.
9-Antolaketa hierarkizatu eta bertikala. Erabaki-guneen desagertzea eta hezkuntza-komunitatearen parte-hartze aukerak murrizten ditu. Eskola-kontseiluak aholku organo soilak bilakatuko ditu.
10-Masifikazioa. Ratioak handituko dituzte; hau, batetik, hezkuntza laguntzaren behar handiena duten ikasleen kalterako izango da, hauek porrotera eta irakasleak lan baldintza gogorragoetara kondenatuz.
Oinarrizko hezkuntza eskubide eta guztiontzako hezkuntza eskubideak bermatuko dituen hezkuntza eredu eta hezkuntza politikak aldarrikatzen ditugu honen aurrean.
Gure ezaugarri eta beharrizan propioei erantzunaz, orain arte egin dugun ibilbidea aintzat hartuz, hobetzeko ditugun alderdi eta erronkei helduz, gure herriak behar duen hezkuntza ereduari buruz eztabaidatu eta erabakitzeko eskubidearen alde egiten dugu.
Eta hezkuntza herri baten etorkizuna eraikitzeko zutabe garrantzitsuenetarikoa bada, Wert-en esku ezin dugula utzi uste dugu.
Beraz… Lomceri ez!
Euskal Herrian gure hezkuntza sistema propioa eraiki!
Urriaren 12an denok Bilbora!
-------------------
Iker Elexpuru, Garazi Garitaonaindia, Nerea Agirre, Mari Karmen Garrido, Oihana Aranburu, Maite Otxandiano, Alaitz Morras, Larraitz Herrero, Amaia Arrieta eta Eneritz Ugalde
(Hezkuntzaz arduratutako Arrasateko lantaldea)
Arrasate