Berriro ere, herri honekiko beraien konpromisoagatik eta egunez egun gizarte justuago baten alde lan egiteagatik, beste 8 gaztek 6 urte pasatu beharko dituzte espetxean. Ulertezina, Euskal Herrian bizi dugun garai berri honetan horrelako sententziak lekuz kanpo daudelako. Mingarria, beste zortzi pertsonak lau hormaren artean igaroko dutelako beraien gaztaroa.
Bidegabekeria hori salatzeko asmoz, apirilaren 9tik 19ra aurrekaririk gabeko ekimen solidarioa burutu zen Donostiako Bulebarrean: askegunea. Eskubide zibil eta politikoen defentsan eraikitako gune horrek jasotzen zituen nazioarteko atxikimenduak amaigabeak ziren, eta inor gutxik aurreikusi zezakeen garrantzi politikoa izatea lortu zuen. Bazirudien, lehen aldiz, tankera honetako sententzia politikoen aurrean inflexio puntu bat markatuko genuela. Baina, berandu baino lehen, batzuek guztia desegitea erabaki zuten.
Bai, egia da, sententzia Madrilek ezarri zuen. Baina PNVk bidalitako polizia izan zen bertan zeuden pertsonak jipoitu eta askegunea suntsitu zuena. Gero, gainera, atxiloketak modu baketsuan egin zirela entzun behar izan genuen komunikabideetan. Bertan geunden 15 oñatiarretatik, batek ospitalean amaitu zuen, beste bati behatzak begietan sartu eta lepoa gogor estutu zioten, arnas gabe utziz, eta guztiok jasan genituen kolpeak, irainak eta mehatxuak (neska batzuk bortxatzearekin ere mehatxatu zituzten).
Azkenaldian, alderdi honetako kideen aldetik sarritan entzun dugu bake eta normalizazio politikorako lan egingo dutela. Gaizki hasi gara. Berriro ere, PNVk ez du inongo arazorik izan Ertzaintza bidali eta euskal gazteria jipoitu eta espetxeratzeko, nahiz eta beraiek ere sententzia hori injustua dela aitortu. Argi gelditu da Madrilekin daukaten konplizitatea egoera politikoaren normalizazioaren gainetik dagoela beraientzat. Zuek zarete gertatutakoaren erantzule politikoak. Herriak ez du ahaztuko.
--------------------
Igor Tome
(Oñatiko Ernairen izenean)
Oñati