"Sosegua versus abixaria"

Erabiltzailearen aurpegia Anaje Narbaiza 2013ko api. 17a, 02:00

Geroz eta bizkorrago bizi garen gizarte honetan, ez da samurra sosegua aurkitzea...

... den-dena abixariaren eta burrundariaren menpe dago, goizean goizetik hasi eta ohera sartu arte halaxe bizi gara. Eguzkiaren argitasunak iratzarri beharrean, iratzargailuak iratzartzen gaitu; ondoren, kalera irten eta autoen burrundaren artean lanera abiada bizian. Holaxe eguna joan eta eguna etorri. 

Denbora gutxi hartzen dugu gure isiltasunari eta soseguari bakean entzuteko, gure barruak esaten digunari kasu egiteko.Baina hori bai, munduko berri guztiak entzun eta aztertzen ditugu, nonbait inorenak norberarenak baino errazago aztertzen ditugu. Endredatuta gabiltza!

Makina bat autopista eta bide berri egin dira gure inguruan, ez dakit ondo nora heltzeko. Norabait eramaten gaituztelakoan gaude, baina Europan badira beste eredu batzuk; adibide modura herrialderik aurreratuenetarikoa Norvegia da eta ez du halako bide edo tren sare erraldoirik. Iraunkortasunari eman dio garrantzia, eta ez bizkor ibiltzeari. Duten herrialdea maite eta zaindu egiten dute, ondorengo belaunaldiek izan dezaten beraiek ezagutu duten lurraldea bere horretan ezagutzeko eskubidea. 

Gure lurraldean, berriz, ingurumenean egiten ari garen urratuak betiko dira ez dute atzera bueltarik, negarra baino ez dute sortzen lur horiek zaindu eta ezagutu dituztenen artean.Lehen gurdiak ziren eta orain kamioiak, baina iraunkortasunean oinarritutako eredua erabili beharra dugu, eta ez fikziozko bizkortasuna. Gure barruak esaten digunari kasu egingo bagenio, belaunaldiz belaunaldi izan ditugun baserritarrek soseguz egindako lan isila aitortu eta eredu horretan oinarrituta aurrera jarraitu beharko genuke. Horrexek bermatuko baitu ondorengo belaunaldiek ere paraje hauetaz disfrutatzen jarraitu ahal izatea eta ditugun baliabideen oreka zaintzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak