Euskararen alde Euskal Herri osoa zeharkatzen duen lasterketa hasi da. Barkatu, Euskal Herri osoa ez, eskualde oso bat Korrikatik at gelditzen da, ez herri bat, ez, 16 herri, eskualde osoa. Eta gure umeak: "Noiz pasatuko da gure herritik?". Eta gure gazteak: "Aurten gauez edo egunez egin behar dugu korrika?". Eta hemengo euskaldun eta euskaltzale guztiak: "Noiz elkartuko gara, noiz egingo dugu bilera Korrika prestatzeko?".
Baina aurtengo Korrika (18.a) berriz ere ez da Arabako Errioxatik pasatuko (17.a ere ez zen Arabako Errioxatik pasatu). Zergatik?
16 herri gara Arabako Errioxan eta Korrikak ez du bat ere ukitzen (ez eta hurbiletik pasatzen), ez aurten eta ez aurreko edizioan ere.
Guk, hemen, ez dugu Martin Ugalderik, ez eta horrelako pertsona esanguratsurik. Gu Araban gaude, Arabako hegoaldean, Arabako mugan, baina gu ere euskaldunak gara, gu ere emozionatzen gara Korrika gure herrietatik pasatzen denean, gure umeak eta gazteak "Korrika, Korrika!" oihukatzen dutenean.
Arabako Errioxan ez dago AEK-ko euskaltegirik. Agian horregatik ez da hemendik pasatzen. Horrek zer esan nahi du, AEK ez dagoen lekuetan ez dagoela euskaldunik edo euskara maite duten jenderik? Lorpen handiak egin ditugu eskualde honetan azken urteetan, gure ume gehienak D eta B ereduetan matrikulatzen dira (nahiz eta A eredua oraindik anklatuta dagoen). Hemengo gazteek euskaraz ulertzen dute eta hitz egin ahal dute, baina egunerokotasunean oso zaila da hemen euskaraz bizitzea, inolako zerbitzurik ez baita euskaraz eskaintzen, eta euskaltegitik kanpo edo ikastolatik kanpo talde txikietan besterik ez da euskaraz egiten. Euskara teknikaria ere badugu gure eskualdean (urte askoan eske aritu eta gero lortu genuen, nahiz eta orain lanpostu hori ere arriskuan dagoen), euskara proiektu polit bat eta gero eta jende gehiago euskararen aldeko eguneroko lanean.
Orain dela bi urte triste, goibel gelditu ginen Korrika gure herrietatik ez zela pasatuko jakin genuenean, baina aurten tristura baino gehiago da, amorru puntua ere bada, ez baitugu ulertzen zergatik ez den Korrika pasatzen Arabako Errioxatik.
Gu ospetsuak gara gure lurra ardo onen lurra delako eta jende asko hurbiltzen da hona gure upategiak ikustera, ardoa dastatzera eta eguraldiaz disfrutatzera. Eta batzuk harritu egiten dira: "Euskaraz badakizue? Nongoak zarete, ba?". Eta hemengoak garela entzutean: "Hemen ere euskaraz egiten da, ala?". Ba bai, hemen ere euskaraz egiten dugu, lau herritan dugu D eredua, eta, nahiz eta mugan egon, gu ere Euskal Herria gara. AEK-k antolatzen duen Korrika (ez baita AEKrena, herriarena baita) aurten ere ez da pasatu eta horregatik guk gure Arabako Errioxako Korrika antolatu dugu. Eta gure Korrika herri guztietatik pasatuko da eta gure umeek korrika egingo dute eta bukaera festa izugarria antolatu dugu, euskara plazara aterako dugu
Gure hizkuntzaren egoera ahula da gure eskualdean. Eman euskara elkarri izan da aurtengo Korrikaren leloa. Hori da, hain zuzen ere, guk behar duguna.
--------------------
Esti Besa Sanchez
(Eskuernagako Xirmendu Kultur Elkartea)
Eskuernaga