"Murrizteari bai, berrerabiltzeari bai eta birziklatzeari ere bai"

Erabiltzailearen aurpegia Piter Encinas 2013ko mar. 17a, 01:00

Ezer esan baino lehenago, ironia pixka bat erabili nahi dut.

Bergarako biztanle askok birziklapenari ezetz esaten diote eta erraustegiari baietz esaten diote.

Hasteko, esan behar dut aspalditik Bergarara joan gabe nengoela, irudi batzuk ikusita neuzkan, baina ez nuen espero horrela izango zenik, hainbeste balkoi eta leihotan zabor poltsak egotea. Hau ikusi eta berehala sentimendu nahasketa bat eduki nuen, baina batez ere triste sentitu nintzen.

Alde batetik, lotsa eman zidan eta auzo-lotsa sentitu nuen ikusitakoagatik, ikusi nuena sentsibilizazio faltaren sinonimo delako; baina ez da hori bakarrik, baizik eta kontzientzia falta nabarmena ere bada. Batzuek esan dezakete hitz gogorrak direla, baina niri gogorragoa iruditzen zait geuk, gizakiok, egin dezakeguna, bai izadiari, bai geuri ere. 

Dirudienez, gizakiok ez ditugu nahi sortzen ari garen arazoak konpondu.

Bestalde, onartu behar dugu metodo honek gure ohitura batzuk aldatuko dituela, baina batez ere txarrak direnak. 

Gai honetan inportanteena ez da metodoa, baizik eta helburua, emaitzak, e.a. 

Zoritxarrez, Euskadin gai gehienak politikoki ustelduta daude, eta hemen oso garbi ikus daiteke; beraz, eta mesedez, hipokrisiarik ez.

Era berean, Katalunian 15 urte baino gehiago daramate modu honetan hiriko zaborrak jasotzen, 100 herritan baino gehiagotan; horrek esan nahi du arazoak hemen daudela, ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik.

Ildo beretik, zaborraren arazoa konpontzeko, gauza batzuk egin behar ditugu: alde batetik, zaborraren tratamendua aldatu behar da; bestela, erraustegi, zabortegi eta diru mordo bat beharko da-eta arazoari aurre egiteko. 

Beste alde batetik, gogoratu nahi dut 2011. urtean 2.270.000 euro ordaindu zutela (gure diruarekin) beste herrialdeetara eramateko.

Bukatzeko, atez atekoaren alde gaudenok, bai herritarrok baita alderdi politikoetako kideok ere, zerbait gaizki egin dugu; agian ez dugu jakin gure ideiak ondo azaltzen, emaitzek horrela esaten dute eta.

--------------------

Piter Encinas 

(Ekologistak Martxan taldeko kidea)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak