"Juan Karlos Garitanori erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia Enrike Letona 2013ko mar. 14a, 01:00

Joan den astean idatzi zenuen artikuluan esaten dituzunei erantzuten saiatuko naiz.

Zuk zortzi urte daramazu konposta egiten –zorionak!– eta animalia-jatorriko hondakinekin ez duzu konpostik egiten. Zure erabakia da. Oso errespetagarria, gainera, baina gure baserrietan zer egin da betidanik animalia-jatorriko hondakinekin? Bada, txerri, txakur, katu edo oiloei eman edo besterik gabe konposta egin beste hondakinekin batera, sats-piloan. Salbuespena egiten zuten animalia handi bat hiltzen zenean; orduan, lurperatu egiten zen zelaian. Urte askotako praktika da. Intoxikazio asko ezagutu dituzu hemengo baserrietan? 

Bestalde, 1069/2009 Europako araudia aipatzen duzu (norbaitek irakurri nahi badu, hemen: http://www.madrid.org/rlma_web/html/web/FichaNormativa.icm?ID=1825). Udalak martxan jarri duen konposta egiteko modu honen kontra hitz egiteko zergatik aipatzen duzu araudi hori? Izan ere, zuk esaten duzunaren kontra doa. Nire ustez, araudi hau ez da zentratzen bereziki etxeko hondakinetan, hauek ere aipatzen dituen arren. Etxeko hondakinak 3. kategorian sartzen dira eta horiek tratatzeko modu desberdinak aipatzen dira araudian eta horietako bat konposta egitea da (14. art., F puntua), hain zuzen ere, Udaletik planteatzen dena. 

Bestalde, konpostaren erabilpenari dagokionez, esan beharrekoa da konpostak erabilera ugari dituela, ez bakarrik lorategietarako, gure mendi ihartuak biziberritzeko ere erabil dezakegu.

Europan gai honen inguruan zer esaten den gogoko baduzu, hona hemen Europako Ingurumeneko Zuzendaritzak egin zuen txostena konposta egiteko praktika onekin: (norbaitek ikusi nahi badu, hona hemen helbidea: http://ec.europa.eu/environment/waste/publications/pdf/compost_es.pdf). Praktika on horien artean honako hauek agertzen dira: Espainiako Estatuan, Area del Baix Camp, Area Metropolitana de Barcelona eta Montejurra; Frantziako Estatuan, Bapaume, Gironde, Niort; Irlandan, Cork, Kerry eta Limerick; Italian, Cupello, Monza, Padova; Portugalen, Amtres eta Lipor; eta Britainia Handian, Arun, Castle Morpeth eta Wyecycle. Leku hauetan guztietan jasotzen dira etxeko hondakinak, arraina eta haragia barne. Eta harrigarria! Europako praktika onak dira.

Azkenean arratoiak aipatzen dituzu. Usurbil, Oiartzun, Hernani eta Antzuola arratoiz beteta daude? Lasai egon, egongo balira behin eta berriz azalduko lirateke guztiok dakigun hedabideetan. Nik ez ditut ikusi, eta zuk? 

Eta Europatik babestu eta txalotzen den proiektu ekologiko, jasangarri, osasungarri, serio, praktiko, eginerraza, eta garrantzitsuena, gure ondorengoei etorkizuna eskaintzen dien honetan, arazoak aurkituz gero, egon egongo direlako, denon artean bilatu beharko diegu irtenbidea. A! Ez da erraza; bai, ordea, ezinbestekoa. Bestela, hau bezalako hiru mundu beharko liratekeelako, eta bakarra daukagu.

Bukatzeko, konposta egiteko izena eman duzuenoi, animo! 

Gure seme-alabek mundu honetan etorkizuna izan dezaten bide onetik goaz eta. Udaleko Bildukoei eta zehazki gai honetaz arduratzen den Josu Peredari, animo eta eutsi goiari!

--------------------

Enrike Letona Biteri

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak