Baina munduaren zilbor sentitzeak, ditugun arazoak edo bertuteak geuk bakarrik ditugula pentsatzeak ez digu mesederik egiten. Besteak beste, altxor izugarria baztertzen dugulako, hain zuzen, besteengandik ikas dezakeguna eta haiek guregandik jaso dezaketena. Brigadek honetarako balio digute, gainerako herri borrokalarien hartu-emanetik eta joan-etorriko elkartasunetik, esperientzia konkretuen kontrabandorako, alegia.
Europa zahar deiturikoan azken urteetan, esaterako, borroka adoretsuak izan ditugu, mobilizazio eta grebak, kaleratzeak eta protestak... Agian, baina, badira aurrera egiten lagun dezaketen adibide eta borroka esperientzia zenbait, batik bat, protesta hutsera mugatzen ez diren haiek; Argentinan, esaterako, gurearen antzeko krisi egoeran, lantegiak langileak eurak bereganatzen hasi zirenekoak, prozesu iraultzaile baten baitan Venezuelako lantegi sozialisten adibideak, behetik gorako ereduak, auzoetako kontzeju komunalak...
Jatorrizko herriek, berriz, ez al dute euren bizkarrean milaka urtetako borroka esperientziaren bidezidorra? Mendebaldean hainbeste urtetan sinestarazi diguten ongizatearen pentsaera kontsumista baino gehiago, norberarekin, inguruarekin edo ingurukoekin ongi egotearen kontzeptua guztiz garatua dute, eta egunerokoan gauzatua. Venezuela, Argentina, Uruguai eta Boliviaz gain, Saharako lurralde okupatuetan edo Palestinan, gurean bezala, herri okupatuan bizi beharraren gorabeherak eta erresistentziaren inguruko hartu-emanak ezin uka irakaspen bikainak direnik! Badakizue, beraz, animatu eta eman izena Askapenak aurten antolaturiko brigadetan.
--------------------
Kirmen Gaztelu
(Askapeneko kidea)
Arrasate