Bromaz aparte, gauzak aldatu nahi badira arazoa bistaratzea logikoa da, eta modu antolatuan bada hobeto.
Nik, behintzat, horrela funtzionatu dut beti, eta horregatik, noa manifestazioetara, eztabaidatzen dut edo idazten dut hau.
Kontrako sinadurak ere batu dira, ugari PaP Ez taldearen arabera.
Ondo legoke jakitea zenbatek sinatu duten kafea hartzen zuten bitartean, zikina eta kirasduna dela arrazoituta.
Ezker abertzalekoa izateagatik bakarrik atez atekoaren alde lerratu direnekin gauza bera.
Tipularen lehen azala ikustearekin konformatzen gara.
Orain galdera zein da, nork irabazi duen? Nork batu dituen sinadura gehien edo dekoratu dituen balkoi gehien?
Ez, galdera da zertan gabiltzan.
Esperimentu baten parte bagina, palkotik begira daudenek komedia gisa hartu dezakete, eta barre ederrak egin, interpretazioa bikaina izan baita; baina hau serioa da, eta suspentsoa momentuz biribila, erridikulua galanta.
Zergatik ez goaz kontrako ikuspuntua dutenen hitzaldiak entzutera?
Zalantzak gogoeta interesgarria bultzatzen du guregan.
Hitzaldietara, baina, energia partekatzera joaten gara, gure burua ondo ikustera.
Antzua, baina lasaigarria.
Badugu zaborra baino aurreragoko arazo bat, gure mentalitatea.
Eztabaidetan poro guztiak itxi eta gureari gogor eusten diogu.
"Nik arrazoia daukat, zuk ez. Ez nauzu engainatuko".
Txokera.
Gerratan horixe egiten da: elkarri bonbak jaurti, ez arazoari irtenbide logiko bat aurkitzeko, norberaren iritzia bestearenari gailentzeko baizik.
Materiala aldatzen da, baina jarrera berdina da.
Zein da debatea, atez ate edo 5. edukiontzia?
Ez, debatea da nola egingo dugun ahalik eta gehien birziklatzeko; erraustegi bat inork nahi ez duelako herrian, eta nik, behintzat, beste edozein herritan ere ez dudalako balioa duen zerbait erretzeko laberik ikusi nahi.
Hori ez da logikoa, hori negozioa da.
Bestela galdetu Xabier Garmendia, Nicolas Gaminde eta enparauei.
Instituzioetatik atez atekoa jartzea erabaki da.
Zikina eta usaintsua iruditzen bazaigu, saiatu gaitezen hobetzen, ez apurtzen.
Hori bai, lehenbizi garbia eta estetikoa definituko ditugu, eta gero, hernaniarrekin (tamainagatik) hitz egingo dugu.
Erdi Arora bueltatu badira eta arratoiak badituzte, haserre egongo dira.
Abertzaleak dira, baina ez tontoak.
Alternatiba ere badago, kontzientzia erabiliz eta inposizio gabe 5. edukiontziaren bidez.
Ideia ona da.
Kontzientziarekin Afrikan gosea ere bukatu daiteke, baina gustura bizi gara.
Ez diegu gure erosotasunei hain samur uko egiten.
Batzuk bai, baina batzuk bakarrik.
DV-ri eskatuko nioke errealista izateko, baina ez soilik logika txuri-urdinean.
Eta jendeari iritzi bat lantzeko, eta ulertzea lortzeko eztabaidatzea, ez norberak irabazteko.
Ez gara baso-erdian itoko.
--------------------
Pedro Larrea
Oñati