... eta egunkarietan hainbat artikulu eta iritzi agertu dira gure bailaran zein Euskal Herri osoan. Debagoieneko herri batzuetan orain dabiltza ekimen talde horren aurkako kanpaina gogorra egiten, eta gai honetaz denboraldi luzez ibili ondoren, herritarrei eskatzen digute orain balkoietan plastiko poltsak zintzilikatzea; asko dira hori egiten ari direnak, Gabon garai honetan ohikoak diren bestelako zintzilikarioekin nahasten dituzten bitartean. Neuk ez dut ezer ipini behar; ideia erakargarri hau oso bestelako eskakizun garrantzitsuentzat erabil dezakegu. Agian, horietako bat laster batean gerta daiteke, errauskailua gure eta norberaren herrian jartzea erabakitzen bada, herri bati edo besteari potoloa tokatuko zaigu-eta loteria honetan.
Debagoieneko hainbat herritako politikariek urte askotan gobernatu gaituzte eta haien aginduak derrigorrez onartuak izan ditugu; diktadorea hil zenetik hona ez dut inongo udaletan erreferendumik ikusi, nahiz eta maiz eskatu herri askotan eta modu herrikoian botazioak eginak izan diren, udal horiek emaitzak baliogabetu egin baitituzte eta kito! 30 urte pasa eta ezker abertzalea udaletara eta Diputaziora heldu den honetan, eta hainbat aldaketa egiten ari direnetan, batzuk lehen unetik zarataka ari dira, non eta kalean, orain arte usaindu ere egiten ez zuten lekuan. "Demokrazia" aldarrikatzen dute. Ondo iruditzen zait kaleratzeko pauso ausart hori ematea. Zorionak! Ondo pasa edaten eta jaten egun hauetan, ez zaitezte larritu zaborrengatik, momentuz.
Lemoiz zentralaren martxa gelditu eragin zenetik pasa dira urte batzuk, eta burura datorkit zenbat aldiz ibili ginen etxeko balkoietan lapikoak astinduz eta joaz; udaletatik ez ziguten kasu handirik egiten; zenbaiten ustez, gu ginen "Cro-Magnonak", kobazuloetan trogloditen antzera bizi nahi genuenok. Baina batzuek nahi dugun gauza bakarra da datozen belaunaldiei herriak gero eta garbiago uztea, eta hemen bereiztu behar dira zer den ekologia eta zer estetika, eta benetako garbitasunaren aldeko pertsona guztiek ez ginateke talde ezberdinetan aritu beharko, batean bakarrik eta guztiok batera lana eginez baizik. Egunerakotasunean ohiturak pittin bat aldatu behar izana bada ere ez du inporta, oraingoan erosoena baino hauxe baita Ama Lurrak gizarteari eskatzen diguna, eta horretarako izan behar dira gu guztion joera eta jarrera.
--------------------
Jexus Urmeneta
Oñati