Ikusgarria da, benetan, Bergara Garbia plataformak abiatu duen kanpaina. Harrituta nago herrian hondakinak erraustearen alde zenbat lagun dagoen jabetuta. Baina balkoian zabor poltsak jarri dituzten herritarren artean ez dut uste inork etxe ondoan erraustegia nahi duenik. Erraustegiaren aurka erantzun sendoa izan da non jarriko zen esaten hasi zirenetik, Urnietan, Irunen eta Hondarribian, Lasarte-Orian edo Usurbilen. Herri honetan jarri zen duela ia lau urte zabor-hondakinak jasotzeko atez ateko bilketa sistema, erraustegiak alternatiba zuela frogatuz. Gero jarri da martxan Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan. Datorren urtean Bergaran eta Oñatin jarriko dela iragarri dute.
Hernanin ezagutu dut nik atez ateko sistema hau eta oso eraginkorra dela ikusi dut, Europa osora zabaltzeko modukoa. Ez dago herri hauetan lortu den birziklatze datuei begiratu beharrik, beira, plastikoa, papera eta organikoa aparte aterata, geratzen den zaborra huskeria dela segituan konturatzen da bat etxean bertan. Horrentzat ez dago hainbeste milioi eta milioi balio duen erraustegiaren beharrik.
Bosgarren edukiontzia jartzearen alde daudenentzat atez atekora ohitzea oso erraza izango dela uste dut; azken finean, biltzeko sistema da soilik aldatzen dena. Hondakinak behin etxean bereizita, jaisteko modua aldatzen da, dagokien edukiontzietara eraman beharrean, etxe atarira eraman dagokion egunean dagokiona. Hala ere, herritar zabar asko dago dena batera botatzen jarraitu nahi duena. Horiei erakutsi egin behar zaie, horien jarrera zuzendu beharra dago. Eta bosgarren edukiontziak jarri diren tokietan ez da nabarmen jaitsi edukiontzi berdeetan dena nahastuta jasotzen den zabor kopurua. Atez ate biltzen den tokietan bai. Horixe da zikina eta garestia: zabor poltsan dena batera bota eta erraustea. Krisi garaian ehunka milioi euro erretzea eta airea zikintzea. Atez ateko bilketa hobetu daiteke, seguru, baina horretarako zabaldu eta ezagutu egin behar da, dituen gauza onak indartu eta eragozpenak zuzendu. Ezagutzeko, Hernanira etorri... edo Antzuolan bertan informa zaitezkete. Sistema ez da zikina, ezta konplikatua ere, herrian lanpostuak sortuko ditu... Nire ustez, sistema hain interesgarria izanik, harritu egin nau, ondo ezagutu aurretik, probatu gabe, atez ateko sistemaren aurka sinatu eta balkoian poltsa jarri duten herritarren kopuruak eta nokeatu horiek guztiak errausketaren alde egon daitezkeela pentsatzeak. Usteak sarri erdia ustela dauka, ez daukat zalantzarik, agian oker nabil, eta, seguru aski, hobe oker banabil. Zoritxarrez, hondakinak jasotzeko moduen eztabaida gaiztotu egin da, baina, zorionez, xextrak gure etxeetara ekarri du afera; beraz, herritarrek eta herritarren ordezkariek gai izan behar dugu modu eraginkor batean erantzun eta, ahal bada, erraustegia baino irtenbide askoz merkeago eta garbiagoa topatzeko. Nire iritziz, atez atekoa da bidea, baina beste batzuk egon daitezke. Gaur egun, arnasa eta aire garbia behar dugula uste dut, batez ere itoko gaituen krisitik ateratzeko.
--------------------
Jon Altuna
(Hernanin bizi den bergararra)
Bergara