... gehienok gogoratzen dugu txikitan Gabonek zuten magia. Olentzerok ala Errege Magoek ekartzen zizkiguten oparien magiak lilura batean edukitzen gintuen egun hauetan. Baina denborak erakutsi zigun magiarik ez zela. Errealitatea nekez izaten da ametsak bezain ederra, baina errealitatea onartzea beste erremediorik ez dago.
Hondakinekin ere, Olentzerorekin bezala gertatu zaigu askori. Edukiontzian bota eta... "magia", desagertu egiten ziren. Akabo arazoa! Eta gu geurera. Baina gauzak horrela ez direla ohartu gara, gustuko ez izan arren, ez dagoela magiarik. Gure hondakinak, zabor bihurtuta, beste herri batzuetara doaz, beste herritar batzuen etxe ondoan usteltzen dira, beste familia batzuek pairatzen dute gure "inozentzia". Guk ez dugu gure erosotasunak beste familia batzuk kaltetu ditzan nahi. Errealitateaz jabetu behar dugu, gustuko izan edo ez. Zaborra gutxitze aldera, irtenbide magikoak albora utzi eta emaitza onak emateko gai direla frogatu duten sistemak abian jarri behar ditugu geurean. Geure zaborra auzoan hartzen duten familia horien elkartasunak ahalik eta zabor gutxien eta ahalik eta garbiena bidaltzea adina merezi du, ezta?
Atez atekoak erakutsi du hondakinak gaika biltzeko sistema onena dela. Onena bakarrik ez, parerik gabea ere bada. Atez ate %80tik gora bildu daiteke gaika. Edukiontziekin %35 gainditzerik ez da inon lortzen organikoarena gehituta ere. Ez dezagun datu hori bazterrean utzi.
Guztiok diogu ahalik eta hondakin gutxien sortu eta ahalik eta gehien birziklatu behar dela. Ez da elkarlanerako abiapuntu txarra. Guztiok eragiten dugu arazoa eta guztiok eman behar diogu konponbidea. Utz ditzagun alde batera liskarrak, irainak eta boikotak, eta jar gaitezen elkarrekin lanean. Azter dezagun zerk egiten duen atez atekoa hain eraginkor, berma dezagun hori, eta jar ditzagun mahai gainean kezkatzen gaituzten ezaugarriak eta hobetu daitezkeenak. Guztion ekarpenak dira garrantzitsuak, guztiok gara garrantzitsuak. Herritarrok horretarako aukera eta gunea edukiko dugu. Parte hartze prozesua. Jarrera eraikitzailea nagusitu eta arduraz jokatuz gero, bilketa sistema eraginkor, eroso eta garbia adostu dezakegu geure herrirako. Ez dezagun aukera gal. Erakutsi dezagun gauzak elkarrekin egiteko gai garela. Erakus dezagun gauzak elkarrekin eginda gauza onak egiteko gai garela. Gure eskua luzatuta dago. Izan gaitezen arduratsuak, joka dezagun errespetuz eta zintzo, ea Olentzerok opari onak ekartzen dizkigun. Hori bai, aurtengoan, Olentzerori ahalik eta enbalaje eta bilgarri gutxien jar ditzala eskatuko diogu, hondakinik onena sortzen ez dena delako.
--------------------
Andoni Agirre eta Ane Egino (Debagoiena Zero Zabor) Debagoiena