... eta errauskailuez esan zituztenei erantzun nahi die Debagoiena Zero Zaborrek. Beste puntu batzuekin ere konforme ez egon arren, erantzuna lau punturi buruz egitea erabaki dugu. Hau haietako bat da:
Errauskailuan birziklapen eta konpostaje plantetan birzikla ezin daitekeena erreko duzuela diozue… Baina hori ez da egia. Zubietako errauskailua urtean 260.000 tona hondakin erretzeko diseinatu zenuten. Horrek esan nahi du Gipuzkoan sortuko litzateken zabor guztiaren %60 inguru erre nahi zenutela. Hain justu ere, gutxi gorabehera zuek proposatzen duzuen 5 edukiontzi bidezko bilketa sistemarekin Gipuzkoan lortzen ari den zabor nahasi kopurua. Birziklagarria eta konpostagarria den tona asko eta asko erre nahi zenuten. Errauskailuaren proiektu teknikoaren datuen arabera, erre nahi zenuten guztiaren %90 baino gehiago hondakin birziklagarri eta konpostagarriak ziren. Onartezina da esatea Zubietan egin nahi zen errauskailuak birziklagarria eta konpostagarria ez dena erreko lukeela. Onartezina da hori behin eta berriz entzun beharra.
Atez atekoa jartzen ez den herrietan edukiontzi berdea egongo da, edozer gauza botatzea onartzen duen edukiontzia. Eta edukiontzi berdeak, birziklagarriak eta konpostagarriak diren hondakinez beteta egon ohi dira. Hori da erre nahi duzuena. Europako herrialde batzuetan (Alemania, Austria, Flandria...) atez ateko bilketa sistemari esker %15-20ko errefusa (birziklatu eta konpostatu ezin litekeena) geratzen zaie. Eta erre egiten dute, zoritxarrez ja aurretik errauskailuak eraikita zituztelako eta inbertsio horiek amortizatu behar dituztelako. Bestela, geratzen den %15-20 hori egonkortu eta Europak baimentzen dituen zabortegietan utziko lukete, Italia iparraldean egiten duten bezala. Austrian, Flandrian, Alemanian... erre egiten dute birziklatu eta konpostatu ezin den hori. Baina tamalez ez da hori zuen kasua. Zuek 260.000 tona erre nahi zenituzten. Birziklagarria eta konpostagarria dena erre nahi zenuten Gipuzkoan. Bizkaian erretzen duzuen bezalaxe.
Birziklagarria den papera, kartoia, plastikoa; konpostatu daitezkeen ogi, letxuga, patata-azal sobrak... erre nahi zenituzten.
Hortxe daukagu Bizkaia, PNVren aginpidetzan. Eta zer erretzen da bertan? Birziklatu eta konpostatu litezkeen hondakinak. Tonaka. Hain eredugarritzat dituzuen Europako herri "aurreratuen" jokaeretatik oso urrun dabil Bizkaia.
--------------------
Andoni Agirre, Ander Lizarralde, Ibai Larrañaga, Amaia Osa eta Ane Egino
(Debagoiena Zero Zabor)
Debagoiena