"Hamahiruak askatu; mendeku politikarik ez!"

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Azkarragaurizar 2012ko ira. 16a, 02:00

Ez dute sekula, inoiz, halakorik egin preso batekin.

Eta ulertezina da alde humanitariotik zentzua topatzen saiatzen den edonorentzako. 

Baina Iosurena momentu politiko berezi batean etorri da, euskal jendartea elkarrizketa bidezko soluzio batean lerrokatzen ari denean. 

Eraldaketa sozial eta politikoaren aldeko mugimendua indarra hartzen hasi denean.

Eskubideen errespetuan oinarritutako prozesuari mendeku politikaz erantzuten ari da espainiar gobernua. 

Presoei aparteko neurriak aplikatzen jarraitzen dute eta horren adibide dira: hiru laurdenak beteta dituztenak, Euskal Herritik kanpoko espetxeetan sakabanatuta daudenak, 1997/2006 dotrinarekin kondena luzatu dietenak eta gaixotasun larriak izanda ere, espetxean mantentzen dituzten 13ak.

Iosuk, eskubidez eta legez, aspaldian behar luke etxean, baina espainiar justiziak atzora arte lau poliziaren zaintzapean mantendu du Donostia ospitalean, 47 kilorekin, bere kabuz ohetik altxatu ezinda egon arren. 

Auzitegi Nazionalaren erabakia, pozgarria izan arren, beranduegi etorri da eta azken hilabeteotan euskal jendarteak egindako ahaleginak bultzatuta, zalantza barik. 

Hemendik aurrera bere senide eta lagunen babesean jarraituko du Iosuk bere bidea, baina ez dezagun ahaztu beste 13 preso gaixo larrik espetxean jarraitzen dutela. 

Beraien gaixotasunei duintasunez aurre egiteko eskubidea dute eta espainiar legediak berak aitortzen die askatasuna. 

Arrasateko Udal Gobernua osatzen dugunok mendeku politika desaktibatzeko exijitzen diogu espainiar estatuari, sufrimendua eragiteak ez diolako inori mesederik egiten eta halakorik ezin delako, inolaz ere, berriz gertatu. 

Era berean, jendea mobilizatzen jarraitzera animatzen dugu. 

Orain Iosurekin hasitako bidea jarraitu behar dugulako, beraien legea preso gaixo larri guztiekin, salbuespen barik, bete dezaten.

--------------------

Inazio Azkarragaurizar

(Arrasateko Udal Gobernu Taldea)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak