"Debagoieneko ospitale berria, osasun iruzurra"

Ekainaren 5ean, espazio, ekipamendu eta puntako azpiegiturekin...

... Arrasaten eskualdeko ospitale berria zabaldu zen. ELAtik salatu nahi dugu, hedabideetan ospe handia eman zaion arren, "koloredun" argazki honek osasunari dagokionez, behintzat, oso bestelakoa den errealitate bat ezkutatzen duela. 

Jada, administrazio desberdinek inposatutako murrizketek, Madrilekoek nahiz hemengoek, osasungintzari izugarrizko kaltea ekarri diotela esaten badugu inor ez da harrituko. Kaltea Osakidetzako langileen baldintzei, baina baita Osakidetzak berak jendarteari ematen dizkion osasun zerbitzuei ere. Honi guztioni Arrasateko Ospitaleko zuzendaritzak bere gestiorako erabiltzen dituen irizpide merkantilistak gehitzen badizkiogu, eskualde honetan osasun zerbitzuaren kalitateak okerragotze nabarmena izan duela esatea ez da inolako atrebentzia.

Baina konkretuki zer ari gara salatzen? Langileen soldata murrizketak, bajak ez ordezkatzea, hutsik geratzen diren plazak hutsik uztea... Hori guztiori ez da bakarrik langileen eskubideei egindako eraso onartezin bat. Neurri horiek osasun zerbitzuaren kalitatea galtzea dakarte. Eta Debagoieneko Ospitalearen kasuan, aurretik esandakoa adibideekin egiazta daiteke.

Debagoieneko Ospitalean erditzeko bainuontzi bat dago, Osakidetzan aitzindari izan zitekeena, baina egun inork ez daki noiz hasiko den funtzionamenduan. Ospitaleak dituen bost ebakuntza-geletatik, hiru bakarrik erabil daitezke aldi berean, ez baitago nahikoa langile denak batera erabiltzeko. Horrek suposatzen du bi ebakuntza-gela momenturo geldirik daudela. Aste honetan bertan planifikatutako ebakuntza bat atzeratu da pertsonal faltagatik. Eguneko Ospitaleak izugarrizko ahalmena dauka gaixoak zaintzeko, baina pertsona bakar batek egiten du bertan lan. Pertsonal murrizketa etengabea denez, langileek beraien ardurakoak ez diren lanekin gainkargatzen dute beraien jarduna. Segurtasun pribatuko langileek administrari laguntzaile edo bedel izango balira bezala arreta egiten dute, administrari laguntzaileak bedel lanak egiten...

Solairu eta zerbitzu potentzial gehiago dituen ospitalea eta gero eta ugariagoak diren pertsonal murrizketak. Nola jartzen da martxan ospitale hori? Langileen lan baldintzen mende eta Debagoienerako gero eta pobreagoak diren osasun zerbitzuak eskainiz. Beste bi adibide jartzearren, aste bukaerako urgentziazko pediatria zerbitzua kentzeak eta laborategia Gasteizera eramateko planak denon haserrea piztu behar du, bai langileona, baita erabiltzaileona ere.

Ospitale honek dituen baliabide eta ahalmenak ikusiz, zuzendaritza taldeak kontuan izan behar du finean osasun zerbitzuaren bikaintasuna bermatzen dugunak langileak garela, eta puntako teknologia izate hutsa ez dela nahikoa beste faktore batzuk kudeaketa horretan alboratzen badira. Emaitzak, balantzeak eta zenbakiak ikustera mugatzen badira, eskualde oso bati eman beharreko  kalitatezko osasun zerbitzu publiko bat ikusi beharrean, osasungintza publikoa hiltzera kondenatua dago.

Baliabide materialak eta giza baliabideak, debagoiendarron ongizate beharren arabera kudeatuak. Hori da behar duguna, eta are gehiago krisi garai honetan. Langileak, nahiz administrazio publikoetakoak nahiz sektore pribatuetakoak, kooperatibako langileak, pentsiodunak, langabeak, inolako pentsiorik gabe daudenak, udaletako zinegotziak... Gu gara osasungintza publiko eta kalitatezkoa behar dugunak.

Egoera honen aurrean, ELAtik Debagoieneko Ospitaleko langileei nahiz erabiltzaile guztiei egiten diegu dei gehiegikeria basati honi erantzuteko eta deitzen diren mobilizazio ekintza desberdinetara batzeko. Eta gure instituzioei exijitzen diegu, benetan zerbitzu publikoetan siniesten badute, Madrildik datozen murrizketak publikoki gaitzesteaz gain, ez ditzatela aplikatu, jendartearen pobretzea ekarriko baitute.

---------------------

Begoña Saenz de Azkunaga

(ELA Osakidetzako ordezkaria)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak