... errauste planten balizko balorizazio energetikoaren inguruan.
Sektore batzuetatik errausketa proposatzen digute Euskal Herrian hondakinak tratatzeko. Haien argumentazioan ohikoa da esatea hondakinak erretzean energia berriztagarria sortzen dela, eta errauste plantek hondakinen balorizazio energetikoa egiten dutela. Gauzak, berriz, oso bestelakoak dira, eta hori azaltzen saiatu nintzen. Gai hau oso teknikoa eta konplexua da, eta horretaz baliatzen dira gizartean informazio okerra zabaltzeko.
Europako Batasunak baldintza batzuk ezartzen dizkie errauste plantei, balorizazio energetikoko plantatzat hartzeko, eta Zubietako proiektuak ez ditu betetzen baldintza horiek. Zubietako proiektuak elektrizitatea bakarrik sortuko luke, eta horrela balioztatze energetikoa oso pobrea da. Hori jakina da, eta horregatik beste balioztatze eredu bat erabiltzen dute ipar Europan: hondakinen beroa zuzenean aprobetxatzen duena, adibidez hirietan berokuntza hornitzeko. Baina Euskal Herrian horrek ez dauka batere zentzurik.
Zabalgarbiren eredua ere ez da baliagarria. Zabalgarbin erretzen dituzten hondakinen beroa gas naturaleko ziklo konbinatu batera sartzen da, elektrizitate gehiago sortzeko. Baina kalkuluak eginez gero, argi geratzen da Zabalgarbiren emaitzak oso kaxkarrak direla: haren efizientzia beste zentralena baino baxuagoa da; elektrizitatea ez da berriztagarria –gehiena gas naturaletik dator–; eta funtzionamendua ez da batere malgua.
Gainera, elektrizitatea sortzeko, errauste plantak ez dira batere garbiak. Espainiako sare elektrikoan 1 kilowatt-ordu kontsumitzen dugun bakoitzean, atmosferara 300 gramo CO2 inguru isurtzen da, nonbait. Zabalgarbin, berriz, 450 gramo isurtzen dute, eta Zubietan 600 gramo baino gehiago. Argi dago sorkuntza elektrikoa garbiagoa dela errauste plantak geldituta daudenean.
--------------------
Gorka Bueno
(EHUko irakaslea)
Bilbo