Zaborraren inguruko eztabaidak eztanda egin du...

... eta abisatu ziguten moduan kartitisa iritsi da. Ia egunero daukagu hondakinen inguruko albiste, iritzi edo kartaren bat. 

"Zikina da", "ezerosoa", "usaintsua", "intimitatea urratzen du"… gisako esaldiak entzun eta irakurri ditugu atez atekoaren aurkakoen aldetik.

Firmak batzen ere hasi dira. Herritar soilak omen, gaikako bilketaren aldekoak. Eta errauskailuaren aldekoak ere bai? Ala uste dute batak ez duela bestearekin zerikusirik? Zein da beraien alternatiba? Bosgarren edukiontzia? Eta honek dakarren errauskailua non? Begi bistatik urrun? Gure zaborrarekin usurbildarrak kutsatzen?

Makina bat herritatik pasa da errauskailuaren mamua (Amasa-Villabona, Urnieta, Txingudi–Irun, Hondarribia… Zestoa …) eta herri horietan guztietan aurkako iritzia azaldu eta lekuz aldatu zuten. Orduan aurkako masa hori lasaitu egiten zen. Baina Usurbilen zezenari adarretatik heldu zioten, beraiek nahi ez zutena besteek ere ez zutela nahi pentsatuz, alternatiba bila hasi ziren. Eta frogatu dute atez atekoarekin posible dela errauskailurik behar ez izatea, ez Usurbilen, ez Oñatin.

Bada bitxia egiten den kontu bat. Atez atekoaren aldekoek behin eta berriz errepikatzen dute atez atekoa bertatik bertara ezagutzeko, jarrita dagoen herrietara joateko, bertako herritarrekin hitz egiteko.

"Zikina, usaintsua, ezerosoa…" argudioen jabeen ahotik, berriz, inoiz ez dugu horrelakorik entzun. Zergatik ote? Zergatik baretu dira urak Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolan sistema hain txarra bada? Ze, jarri aurretik txarra bada, ondoren ere hala izango da, ala? Zergatik PSEk panfletoak banatu zituenean Antzuolan ez zituen banatu? Zaborra murrizteagatik?

Europara begiratzeko esaten digute. 80 kilometroren barruan dauzkagu lau herri, begiratzeko ez, bertatik bertara ezagutzeko.

Ez da gure komodidadeari begiratzeko momentua, zaborraren arazoari behin betiko irtenbidea ematekoa baizik, murriztu, berrerabili eta birziklatuz. Eta birziklatu ezin den hori birziklagarri nola bihurtu aztertu behar da. Hori da zero zabor. Eta esan beharra dago Europa hainbeste aipatzen duten horiei ahaztu egiten zaiela eurek aipatzen dituzten herri horietan organikoa "behartuta" jasotzen dutela.

Eta bukatzeko, esan, Lemoiz gabe azak jaten eta kandelekin biziko ginela esaten zuten berberak direla orain errauskailurik gabe zaborrak jango gaituela dioskutenak.

Orduko sinesgarritasun bera merezi dute.

--------------------

Iulen Romaratezabala 

(Oñati Zero Zabor)

Oñati

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak