Bere 40. urtebetetzearekin batera etorri zaizkio aldaketa handiak, itxaropentsuak, pozgarriak.
Izan ere, 2011ko ekainean, UNED Patronatuari esker, Aranzadi Ikastolak fraide dominikoek egindako "lagapena" berreskuratu zuen eta horren atzetik aldaketak etorri dira. Horietako batzuk bergarar guztiek biziko dituzue. Esaterako, nork ez du herri bazkari bat egin zutabe patioan (patio-columnas), edo nork ez du entseatu danborrada patio horretan? Orain, berriz, bere itxura eraberritu, garbitu, txukundu egin dugu eta prest dago haur txikiak hartzeko, 0 eta 2 urte bitarteko haurren barreak, alaitasuna hartuko ditu bere baitan. Bestalde, beirate dotore horren beste aldean urteetan egondako Gureak Tailerren ordez, 3 eta 4 urteko haurrak kokatuko dira, makinen ordez, jostailuek beteko dute leku hori.
Beste aldaketa garrantzitsu bat herriarentzat Haurtxoaren desagerpena izan da. 1974ko urrian ireki zuen Alkartu Naik haurtzaindegia herriaren beharrak ikusita, eta herriari zerbitzua ematen 38 urte egon ondoren, Aranzadirekin batzea erabaki du.
Eta horrekin guztiarekin batera, UNED Patronatuak egindako lagapenaren ondoriorik garrantzitsuena etorri da: obrarako baimen eta, horri esker, 30 bat urte ikastolako kideak bananduta egon eta gero, batuta egotea.
Aste honetan egin dugu, hainbat urtetan zain egon eta gero, poligonotik plazarako trasladoa. Hori bai aldaketa sakona eta pozgarria, nahiz moduak ez diren egokienak izan, obretan bete-betean dagoen eraikin batean beste 125 ikasle sartu behar izan ditugulako eta beste 100 gela prefabrikatuetan. Horren ondorioz aurten gure ikasleek ez dute teknologia tailerrik izango, ezta gimnasiorik ere. Bi informatika gela izango ditugu 750 ikaslerentzat, ikasturte zati batean laborategirik ez… Hauek denak derrigorrezko gaiak izan arren eta Hezkuntza sailburuordeari ekainera arte itxarotea eskatu, erantzuna ezetza izan zen, Aste Santu ondorengo egunean beraiek hasi behar omen dituzte-eta Martinez de Iralako obrak. Hala ere, pozik gaude, bukatu da urte hauetan izan dugun hainbat deserosotasun, hainbat eraso, hainbat arazo.
Ikastola berriz batuta dago, handitu egin da, gainera, eta egun 0-18 urteko eskaintza egiteko moduan dago. Berritu egin da, gaztetu egin da, modernizatu egin da.
41 urte hauetan gurekin egon zareten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu eta, benetan, asko zaretela eskerrak merezi dituzuen bergararrak, ikusi besterik ez zegoen Kilometroak jaia antolatzeko lan egin zenuten 2.000 herritar horiek. Hemen dago zuen ekarpena, ikastolak egun bizi duen obra honetan.
Bukatzeko, esan, Aranzadi Ikastolak herriarekiko duen konpromisoa berretsi egiten duela: kalitatezko euskal heziketan eskaintzeko konpromisoa, alegia, indar gehiagorekin, baliabide berriekin, ilusio handiarekin, berrikuntza pedagogiko nahiz arkitektonikoekin.
Aro berri bat hasi du Aranzadi Ikastolak.
--------------------
Ane Barruso
(Aranzadi Ikastolako zuzendaria)
Bergara