"Zero Zabor, bai ala ez?"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Lizarralde 2012ko mar. 28a, 02:00

Atez atekoaren inguruan sortzen ari den eztabaidaren inguruan...

... nire hausnarketa konpartitu nahiko nuke. 

Lehenengo eta behin, sistema honen aldeko eta aurkakoen iritziak alderatu nahiko nituzke, nirea gerorako utziz.

Laburtuz, aldekoen artean, sortzen den hondakinen portzentaje handia (%85-90 inguru) sailkatuta batzen dela eta honek, batzen dena birziklatuta, errauskailuaren beharrik ez izatera garamatzala. 

Aurkakoen iritziz, aldiz, sistema hau oso garestia izateaz aparte, zikina eta jendea behartzea dela diote eta euren autua bosgarren edukiontzia litzateke.

Eta nik diot: arazoaren muinera al doaz aurkakoak? Zero Zabor filosofiarekin ados al daude? Zero Zabor filosofiaren oinarrietako bat zirkularra izatearena da; hau da, ez du mundua mugagabea balitz bezala hartzen eta baliabideak ez dira alferrik galtzen. Nola lortzen da hori? 

Bi betebehar ditugu:

-Ekonomian sartzen diren materialak berreskuragarriak izan daitezen neurriak jarri behar dira. Arauak eta legeak diseinu egoki horri begira egin behar dira.

-Ekonomia zirkuituan sartu diren materialak berreskuratzeko neurriak hartu behar dira. Hori bermatzeko bilketa sistema efektiboak jarri behar dira indarrean. Horrela zikloa ixtea lortzen da.

Azken helburu hau lortzeko ez dut atez atekoa ez den beste bilketa sistemarik ikusten, baina aurka daudenak gauza berdinaz hitz egiten al dabiltza? Ez dute aipatzen, baina, zergatik ez dute esaten bosgarren edukiontziak errauskailuaren beharra dakarrela? 

Eta horrela bada, prest al gaude errauskailua gure bailaran jartzeko? Eta berau eraikitzea merkea al da?

Herri galdeketa egitea ere eskatzen da eta badirudi arazoa herri galdeketa bera dela, baina, berau egin beharko balitz, ze galdera egin beharko litzateke? Zero Zabor filosofiarekin ados bata eta, bosgarren edukiontzia bai eta errauskailua ere bai, bestea? Eta azken hau non? Gure bailaran? Ez! Gure bailaran ez! Gure bailaran bosgarren edukiontzia eta Zubieta inguruan bizi direnak izorra daitezela! Beraz, nire autua Zero Zabor filosofia aurrera eramatea litzateke, horretarako atez atekoa martxan jarriz.

---------------------------------

Aitor Lizarralde Aiastui

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak