Zaborraren bilketaren eboluzioa aztertuko dugu; izan ere: "Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu". 1965. urtean aldaketa garrantzitsu bat egon zen, sukaldeak aldatu egin ziren eta ikatza erabili ordez gasa sartu zen gure etxeetan. Momentu horretara arte zaborra "etxean" erretzen zen.
Gasaren etorrerarekin batera plastikozko poltsak gure etxeetan sartu ziren zaborra jaso eta erretiratzeko funtzioarekin. Zabor poltsak kaleko hainbat puntutan uzten ziren, egun alternoetan, larunbatak izan ezik, eta, betiere, gaueko 9ak baino lehen. Galdetu diezaiegu 45-50 urte baino gehiago dituztenei: zaborra kalean zabaldurik, poltsak gaizki itxita edo puskatuta (katuak, txakurrak... janari bila). Bilketa manualki egiten zen eta kaleek erakusten zuten itxura nahiko zakarra zen.
Edukiontzien etorrera gradualak aurrerapauso nabarmena suposatu zuen. Geroago, beira, paper, plastiko eta, azkenik, organikoentzako edukiontziak ezartzen hasi ziren zaborraren bilketa optimizatuz modu egoki eta garbi batean. Hainbat edukiontzi soterraturen inplantazioak ere zabor bilketa geroz eta garbiagoa izatea suposatu du, eta, batez ere, kaleko itxura eta estetika inoiz baino hobeto zaintzen da honekin.
Aldiz, atez atekoen promotoreek, Bildu udaletan, 70eko hamarkadara bueltatzea eragin nahi dutela dirudi, horrek dakartzan arazoekin:
-Kale zikinagoak eta estetika okertzea.
-Herritarren inkomoditatea (bilketa ordutegiak, egunak, etab.).
-Inbertsio garrantzitsuen beharra: herritarrari inongo onurarik ekarri gabe gastu gehiago.
-Inposizioaren ondorioak eta "zaborraren turismoa" deritzona; izan ere, herritar guztiak ez daude prest beren burua inposaketaren mesedera ipintzeko: lehengo urtean Antzuolan, adibidez, zaborraren %40 Antzuolatik "desagertu" zen beste herri batzuetan "agertzeko".
Abantailak?: behartutako sistema batek dakartzanak. Hau nahi dugu? Zero-Zabor filosofiak bi sistemak onartzen ditu:
Edukiontziek herritarrak kontzientziatzen dituzte bilketa selektiboan parte hartzera; atez atekoak, aldiz, herritarrak hartara behartzen ditu.
Atzerapausoa, hemen ere, herritarrei ematen zaien tratuan.
--------------------------------
Juan Karlos Garitano, Maria Ubarretxena, Ibon Arrupe eta Juan Ramon Mendieta
(Arrasateko EAJ-PNVen Udal Taldea)
Arrasate