... oinarritutako sistemaren bidez sailkatzen ditugu zaborrak etxean: papera-kartoia, beira, plastiko eta metalezko ontziak, organikoa, ehunak, olioa eta errefusa.
Etxeko zaborraren %85-90 gaika sailkatzen dugu, eta dagokion edukiontzira eramaten.
Beraz, gaika sailkatzearekiko helburua lortzen dugula esango nuke, sistema hau erabiltzen duten beste aretxabaletar askok bezala.
Azken berrien arabera, badirudi atez ateko sistema ezarri nahi dela.
Etxetik edukiontzietara zuzenean zaborra eraman ordez, etxe aurrean jarriko zaizkigun kakoetan utzi beharko dugu zaborra, eta orain arte mekanikoki batzen ziren edukiontzien ordez, langileek eskuz batuko dituzte kakoetan utzitako ontziak.
Edozein egunetan zaborra ateratzeko aukera izan ordez, egutegi jakin bat jarraituz atera beharko dugu zabor mota bakoitza, hein batean gure bizimodua egutegi eta ordutegi horretara baldintzatuz.
Guztiz deserosoa, sarri etxean zaborra pilatzera behartuko gaituena.
Azken finean, gaur egun guk geuk edukiontzietara eramaten dugun zabor berbera kakoetan eskegi beharko dugu.
Zaborra ez da gutxituko, zaborra biltzeko sistemak ez baitu eraginik sortuko dugun zabor kantitatean.
Zaborraren prebentzioa aurretik landu beharreko gaia da.
Beraz, zaborraren gaikako bilketa maila bera lortzea posible izanik, eta edukiontzietan oinarritutako sistema erosoagoa, merkeagoa eta txukunagoa bada, ez dut inolako abantaila errealik ikusten; are gehiago, atez atekoa atzerapausoa iruditzen zait.
Indarrean dagoen bosgarren edukiontzia (organikoarentzat edukiontzi marroia) bultzatu beharra dago, garbi dagoelako gaikako bilketa portzentaje ezin hobeak lor daitezkeela gauzak ganoraz egiten badira.
Herritarrak bultzatuz, sentsibilizatuz…
Bukatzeko, bosgarren edukiontzia (organikoarentzako marroi bezala ezagutzen dena) erabiltzen ez duten aretxabaletar guztiei, udaletxean izena eman eta bosgarren edukiontzia erabiltzen hasteko deia luzatu nahi nieke sistema honen onurak proba ditzaten.
Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak egin dira zaborraren gestioan Gipuzkoan; beraz, jarrai diezaiogun definitutako bideari, bultza dezagun bosgarren edukiontzia eta zuzendu ditzagun indarrak zaborren prebentziora.
------------------------------
Mikel Uribetxebarria Barrena
(Aretxabaletako EAJko zinegotzia)
Aretxabaleta