... eta eztabaida ahoz aho dabilela; hainbat gizarte eragilek alarma soziala sortzeko baliatu duela nabaria da, gainera.
Arazoa hor dago, gero eta hondakin gehiago sortzen baitugu, gero eta ontzi gehiago, enbalatutako produktu gehiago, poltsa gehiago...
Era berean, gero eta gutxiago berrerabiltzen ditugu gauzak, eta "usar y tirar" delako hori gero eta barneratuago dugu.
Bestalde, sortzen dugun hondakin horren ehuneko txiki bat besterik ez dugu gaika berezituta jasotzen (papera-kartoia, ontzi arinak, beira eta organikoa), 2007an, EAEn, %30,5 besterik ez; azken urteetan ere, kontenedoreen bidezko gaikako bilketa moteldu egin da (Larrun aldizkaria – 148. zenbakia).
Hala, gaika biltzen ez duguna zabor bihurtzen da.
Goian azaldutako hau bera da Europako Parlamentuko 2008/98/CE zuzentarauak ere jasotzen duena; lehenik murriztu behar dela, bigarrenik berrerabili, gero birziklatu, eta soilik ondoren, beste balorizazio bat eman, hala nola energia bihurtu.
Erraustegiaren aukera lehenesten ari dena oker ari da, beraz.
Eskualdeko udalak, hondakinak atez ate jasotzeko sistema ezartzeko erabakia hartzekoak direla eta, bosgarren edukiontziaren erabilera sustatzea dela bidea aldarrikatu dute batzuek, konponbide gisa-edo, baina egia zera da, ez lukeela, inondik inora, sortzen dugun hondakinen gehiengoa gaika jasotzea bermatuko, ezta ikaragarrizko kanpaina etengabe bat aurrera eramanez ere.
Hori esaten duena seriotasun gutxirekin berba egiten ari da; edo bestela, jar dezala mahai gainean horren erakusgarri den kasuren bat.
Datuak adierazgarriak dira, gainera: Usurbilen, 2010. urtean, 55.560 kilo gai organiko jaso zen, urtarrilean zehar, Aretxabaletan bosgarren edukiontziaren bidez, aldiz, 6.640 kilo, edo, bestela esanda, bederatzi aldiz gutxiago (500 biztanleko aldea dute).
Berriz diogu, bosgarren edukiontziak ezin dio aterabiderik eman zaborraren arazoari, borondatezko izaera baitu –nahi duenak ez du zertan erabili–, eta, gainera, zaborraren bilketa ez da pertsonalizatua; norberak arduraz jokatu edo ez jokatu libre da.
Guk, aldiz, argi dugu: ez daukagu zaborrarekin bakoitzak gura duen moduan aritzeko inongo eskubiderik, arazoa guztiona baita.
Alde horretatik, eskualdeko udalek hartutako erronka txalotzen dugu, gaika biltzeko erarik eraginkorrena era parte hartzailean ezartzearen aldeko apustu sendoa egin baitute.
Ziur gaude, herritar guztiok, hartutako konpromisoaz harro egoteko eta gustura sentitzeko arrazoi asko izango ditugula aurrerantzean.
------------------------------
Josu Zaloña
(Aretxabaleta Zero Zabor taldearen izenean)
Aretxabaleta