Edukiontzi marroia zabaltzeko giltza bat behar da eta izena eman genuenok badugu organikoa birziklatzeko posibilitatea.
Behin baino gehiago entzun edo irakurri dut bosgarren edukiontzi sistemarekin %35 edo 40 birziklatzen dela.
Uste dut zenbaki horiek ateratzeko kontuan hartu direla edukiontzi marroien giltza dutenak eta ez dutenak, nahiz eta bigarrenek ezin duten organikorik birziklatu.
Hori dela eta, 2012. urtean hasi nintzen etxeko hondakinak neurtzen; eta orain arte lortutako emaitzak hauek dira: organikoa %66,3; papera eta kartoia %15,1; beira %10,2; plastiko eta metal arinak %6,1; zaborra %2,3
Birziklatzeko materialek %97,3 batzen dute guztira eta ez birziklatzeko zaborrak %2,3.
Kontuan hartuta emaitza hauek galdera batzuk egiten ditut: zergatik ez da bultzatzen bosgarren edukiontzia eta herri guztiari zabaldu?
Debagoienean atez atekoarekin, hasteko, dirutza dezente behar da: zintzilikarioak, aportazio eta larrialdi guneak, zortzi informatzaile, kanpaina eta kamioi flota berritu. Guztira, 1.292.000 euro.
Ez da merkeagoa bosgarren edukiontzia jartzea eta bultzatzea?
Orain arte laguntza gutxi izan du bosgarren edukiontziaren erabilerak, gero emaitza txarrak lortzen direla esateko.
Uste dut gogo apur batekin emaitza politak lor litezkeela bosgarren edukiontziarekin ere, baina gogoa behar da, bai agintarien, eta baita herritarren artean.
------------------------------
Anjel Guridi
Aretxabaleta