"Atez atekoa ala 5. edukiontzia?"

Erabiltzailearen aurpegia Migel Mari Guridi 2012ko ots. 29a, 01:00

Zabor bilketaren gaian ezarri beharreko sistema dela eta...

... Oñatin sortu den eztabaida ikusita, hona hemen horri buruzko gure hausnarketatxoa.

Demokrazia hitzak "herriaren agintea edo gobernua" esan nahi du; demokrazian, herritarrek lau urtetik behin hauteskundeetan euren ordezkariak aukeratzen dituzte zeregin batekin: komunitatearen beharrak gestionatzea.

Definizioz, ordezkari politiko horiek herriaren zerbitzura egon beharko lukete, eta ez euren alderdi politiko edo interes partikularrei begira.

Hori garbi utzita, eta zabor-bilketaren inguruan herritar askoren sentipena hona ekarriz, honako gogoeta dakarkigu lerro hauetara, batik bat ordezkari politikoen arteko ezadostasunak medio.

2011n, orduko korporazioak, EAJ, Hamaikabat, Aralar, PSE eta PPren botoekin, plenoan erabaki zuen Oñatin zabor- bilketa selektiboaren alde 5. edukiontzia jarriko zela, hori zelakoan Oñatirako egokiena eta atez atekoa baino merkeagoa.

Orduan ez zen herri kontsultarik egin, nahiz eta herritarroi asko eragiten digun gaia izan, eta atez atekoaren aldekoek oso kritikatu zuten hori.

2012an, korporazio berriak jakinarazi du orduko erabaki hura bertan behera utziko duela, eta atez atekoa ezarriko.

Oraingoan ere ez dirudi herri-galdeketarik egingo denik, aurrekoek ere egin ez zuten aitzakiarekin.

Nola liteke aurrekoen erabakia antidemokratikoa zela esanez kritikatu zutenek ondoren akats berbera egitea?

Hau guztia ikusita, herritar asko dago ordezkari politikoen arteko eztabaida absurdoen kontra, eta herritar guztiak ukitzen dituen arazoa ez konpontzeaz gain, aho zabalik ikusten dute beraien arteko ezadostasunak herrian, familietan, kaleetan, elkarteetan nola ari diren hedatzen; gainera, begi bistakoa da ezadostasun artifizialak direla guztiz; izan ere, garbi dago bi aukerak izan litezkeela zilegiak Bilduk berak demostratu duen bezalaxe, herriaren arabera: Antzuolan atez atekoaren alde egin dute eta Zarautzen, berriz, 5. edukiontzia ezarri dute; ziur aski, besteak beste, herriaren erakarpen turistikoa, zintzilikako zabor poltsen bistarako inpaktua eta, dudarik gabe, merkeago izatearena kontuan hartuta.

Aurreko adibidea ikusita, garbi dago herri bakoitzak duela behar besteko autonomia bere ezaugarriak kontuan hartuta ondoen doakion sistema zein den erabakitzeko; alde batera utzita errauskailua, konpostajea eta bestelako aztergaiak, beste erakunde batzuek erabaki beharrekoak baitira, gure kasuan Diputazioak, une honetan Oñati arduratzen duena zabor bilketa-sistema da.
Idazki hau izenpetzen dugunok honakoa eskatzen diogu Udalari:

1-Atzera dezatela aurreko korporazioak erabakitakoa indargabetzeko asmoa, eta alderdi politiko bakar batek erabakita atez atekoa ezartzeko erabakia.

2-Bilduk eta EAJk bidal dezatela herriko etxe guztietara sistema bakoitzaren inguruko informazio teknikoa, alde eta kontrako ikuspegiak eta familia bakoitzarentzat bi aukerek ekarriko duten benetako kostua.

3-Egin dadila erreferendum edo herri-galdeketa bat, Oñatiko familien gehiengoak zein sistema nahi duen jakiteko, eurak baitira hasieratik bertatik zaborra sailkatu eta bi sistemetako edozeinek sortuko duen gastua jasango dutenak.

Horren ondoren, Udalaren ardura izango da galdeketa-prozesua gauzatzea, garbi utziz galdeketaren emaitza binkulantea izango dela Udalarentzat eta herritar guztientzat.

-----------------------------

Migel Mari Guridi, Luis Mugarza, Jesus Mari Igartua, eta beste batzuk
Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak