Eta puntuz puntu erantzutea erabaki dugu:
-"(Antzuolan) zaborren kopurua bat-batean %50era jaitsi da. Antzuolako zenbait herritar ikusten omen dituzte Bergarako edukiontzietan zaborrak botatzen…". Jaitsi den %50 hori Bergaran proportzioan igo da? Atez ateko sistemak zaborraren inguruko ardura, kontzientziazioa, eragiten du eta horren ondorioz zaborra murriztu egiten da. Atez atekoa martxan jarri den toki guztietan gertatu da hori.
-"Herri guztietarako balio du (atez atekoak)?". Bai, zalantzarik gabe; milaka adibide daude: San Frantzisko, Antzuola, Milan, Hernani…
-"Gure etxe azpian zabor potoak eta zabor kiratsa egun osoz edukitzeko prest gaude?". Hori ez da horrela. Honen harira aipatzekoa da Usurbilen atez atekoa jarri eta hilabete gutxira zintzilikarioak etxe atarira gerturatzeko makina bat eskari egon zirela usainik botatzen ez zuelako. Bestalde, zaborrak kalean egungo sistemarekin baino askoz denbora gutxiago egiten du.
-"Zenbateko igoera suposatzen dio herritarrari zabor zergetan sistema hau aukeratzeak?". Eta zenbateko gastua suposatzen dio herritarrari errauskailuaren eraikuntzan diru publikoarekin egin behar den inbertsioak? Atez ateko "bilketa" izan garestiagoa da. Baina birziklatzen dena saldu egiten denez kostu totala txikiagoa da; hala adierazten dute Usurbilen burutu diren azterketek ere. Beraz, zerga igoera erraustegia eraikita baino txikiagoa izan beharko litzateke.
-"Errauskailuari ezetz esatea jarrera politiko bat besterik ez den susmoa daukat". Orduan baietz esatea ere hala izango da, ezta?
-"(Errauskailuaz aparte) Beste alternatibarik ez dago oraingoz". Bai, badago, atez ateko bilketa da, munduan zehar leku askotan martxan dagoena eta zabaltzen ari dena, gainera.
-"Flandesen… 10 errauskailu dituzte eta gu baino zorrotzagoak izan dira ingurumena zaintzen". Badirudi Flandes proposatzen duela Aintzanek eredu bezala. Jakin beharko luke Flandesen martxan dagoen "zabor bilketa sistema" atez atekoa dela. Flandesko erraustegietan atez ateko bilketa egin ondoren birziklatu ezin daitekeena bakarrik erretzen dute. Beraz, Zero Zabor taldeak eta Aintzane ados gaude, Flandesko eredua jarraituz atez atekoa bultzatu behar da. Eztabaidagarria litzateke errefusarekin (zati birziklaezina) egin beharrekoa.
-----------------------------
Andoni Agirre eta Haizea Agirre
(Oñati Zero Zabor)
Oñati