"Oñatiko ikastaroen harira"

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Carrascal 2011ko urr. 12a, 02:00

Gutun honekin, joan den irailaren 30ean Jose Luis Ugarte jaunak (guraso talde baten izenean) idatzitako gutunari erantzun nahi diot.

Bide batez, Zubikoa kiroldegian 2011-12 denboraldian eskaini berri ditugun igeriketa ikastaroetan onartuen eta itxaron-zerrendak egiteko, Udal kirol batzordeak onartu, eta ikastaroetan matrikula prozesuan aplikatu ditugun irizpideak eta zozketa prozedura azaldu nahi dut baita ere. Horrela, izen-ematearen gainean egon daitezkeen zalantzak argitu gura ditut, laburki:

-Ikastaroetako haur kopurua, horietan aplikatu behar den metodologiagatik eta horiek gauzatzeko ditugun instalazio ezaugarriengatik dator baldintzatuta batik bat. Horrela, denboraldi honetan abian jarri behar ditugun irakaskuntza-ikaskuntza programek (3-8 urte bitarteko haurrentzako ikastaroetan) gomendatzen dute 10 erabiltzaile edo ikasle baino gehiago ez izatea, ikaste prozesua askoz indibidualizatuagoa eta mailakatuagoa baita. Jaso dugun matrikula kopuru handia ikusirik, kiroldegiko uretako zerbitzuen lan-taldearen bilera batean honakoa erabaki genuen:
a-Ikastaroetan ikasleen ratioa 12ra igotzea, irakasleek taldeetan ikasle bi gehiago izatea posible zutela baloratu baitzuten. Erabaki hori itxaron-zerrenda txikiago egin eta zerbitzua zabaltzeko xedearekin hartu genuen, jakinean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari berari kalte egiten diola funtsean.
b-Itxaron-zerrenda dauden ikastaroetan, horien irakasleek erabakiko dute (instalazioaren arabera, haurren eta taldearen ezaugarrien arabera, igerilekuaren okupazio mailaren arabera, eta abar) horietan haur gehiago hartu edo ez, eta zenbat hartu, badagokio.
c-Eskaerari aurre egiteko eta ahalik eta haur kopurua handiena zerbitzuan onartzeko, orain arte inoiz igeriketa ikastaroak eskaini ez diren egunetan eta ordutegian eskaintzea, kanpoan (itxaron-zerrendan) gelditu direnentzako eskaintza osagarria eta alternatiba luzatuz (3-8 urte bitarteko haurrentzako ikastaroak). Horrela, nahiz eta ikastaroen lehenengo eskaintzan 174 plaza eskaini, zerbitzuen eskaintza osagarriarekin 105 plaza gehiago eskaini ahal izan ditugu. Guztira 279.318 matrikula jaso ditugu, Oñatikoak eta kanpokoak barne. Aipaturiko adin tartean, igeriketa maila ezberdina duten 60 haur gelditu dira itxaron-zerrendan, nahiz eta oraindik 27 plaza libre egon. Horiek betetzen badira, 33 haur geldituko lirateke itxaron-zerrendan. Aipatzekoa da baita ere adin horretan 25 ikastaro eskaini ditugula.

-Egia da 2 ikastaroetan (E1-E2 kodea dituztenetan, hain zuzen) 13 haur onartu ditugula 12 beharrean. Zerrendak gainbegiratuz, zerrendak egiterakoan akats administratibo bat izan dugula ohartu gara. Hori gure akatsa.

-Jabetzen gara eskaera handiena astegunetako egunetan, ordu berdinetan ematen dela batik bat. Egun eta ordu horietan eskaini ahal izan dugun ikastaro kopuru handiena eskaini dugu. Ez dago ikastaro gehiago eskaintzeko aukerarik egun eta ordutegi horietan; horregatik, beste alternatiba batzuk aztertu, onartu eta eskaini dira.

-Zerrendak egiteko, bai onartuen zerrendak eta baita itxaron-zerrendak ere, honako prozedura jarraitu dugu:
a-Lehendabizi, haurren ezaugarri eta igeriketa historialaren eta mailaren arabera puntuazio jakin bat jarri diogu matrikula bakoitzari: geurean, izen-ematean jaso genitzakeen kasuistika ezberdinak jaso eta puntuatu ditugu 1etik 20ra (20 kasu jaso baititugu guztira). Horrela, puntuazioaren arabera ordenatu ditugu izen-emateak ikastaro bakoitzean, puntuazio altuen dituztenak (joan den ikasturtean ikastaroetan ibilitako Oñatiko haurrak, eta zozketan kanpoan gelditu ziren Oñatiko haurrak, eta baita izena lehen aldiz ematen duten Oñatiko haurrak ere) zerrendan aurrenak izan dira, eta puntuazio baxuenak dituztenak azkenak. Horietatik guztietatik lehenengo 12ak izan dira onartuak. Itxaron-zerrendak ere irizpide honen arabera egin dira.
b-Zozketa ere egin da, baina ez ikastaro guztietan, beharrezkoa izan den ikastaroetan baizik. Taldean lekua hartzeko puntuazio berdina zituztenekin, edota itxaron-zerrendan puntuazio berdina zituztenekin soilik egin da zozketa, eta kasu guztietan, puntuazioaren "filtroa" pasa eta gero. Zozketa, makina batek egin du, ez pertsonak.

Bestalde, zalantzak eta mesfidantzak azaltzearekin bat egiten dituzun proposamenen gainean, esango dizut horiek ez datozela bat egungo igeriketa irakaskuntza metodologiekin, igeriketaren ikaskuntza, heldutasun psikomotor jakin bat eskatzeaz gain, praktikaren erregulartasun programatu bat ere eskatzen duelako, eta egiten dituzun bi proposamenetan praktika denbora erdira gutxitzen da.
Igeriketa abilezien ikaskuntza prozesu luzea da, zoritxarrez. Baina proposatzen duzuna, egin, egin daiteke, nahiz eta egokiena izan ez. Dena den, datorren denboraldiko ikastaroen eskaintza antolatzerakoan aintzat izango ditugu zure proposamenak.

Bestalde, ohartzen gara haurrak ikastaroetatik kanpo gelditzea sorrarazten duen gaizkiezarekin. Ahal bada, kanpoan inor ez gelditzea da gure eginbeharra eta xedea, eta horretan dihardugu buru-belarri, baina zerbitzu publikoetan ere gure mugak ditugu, eta baliabideak publikoak izanagatik ere, ez dira maiz nahi beste izaten. Denboraldi honetan, zerbitzuen eskaintza eraberritzeko, ikastaro kopuru handiena antolatzeko, eta zerrendak zorrotz eta gardentasunez osatzeko egin dugun ahalegina ezohikoa izan da Zubikoan.

Azkenik, zure idatzia esaldi honekin amaitzen duzu: "Ez dezagun ahaztu Oñatiko Zubikoa kiroldegia zerbitzu publikoa dela". Nik uste dut halakorik bota aurretik, batetik, "zerbitzu publikoaren" kontzeptua argitu eta kontrastatu beharko zenukeela, eta bestetik, Zubikoa kiroldegian eskaintzen ditugun zerbitzuen ezagutza zehatza beharko zenukeela. Biak bat eginez ohartuko zara Oñatiko kiroldegian ematen ditugun zerbitzuek "zerbitzu publikoaren" kontzeptua gainditzen dutela aise, nahiz eta zenbait zerbitzutan jendeak itxaron-zerrendetan egon behar duen. Dena den, badugu zertan  hobetu.

Eskerrik asko zuen zalantzak konpartitzeagatik eta kritika konstruktiboa egiteagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak