Oroimenik gabeko herria ume jaioberri baten antzekoa da. Babesgabea. Etorkizuneko erronka eta ardurei aurre egiteko gai ez dena.
Mota horretako hausnarketek balio dute ikusteko historiak eta memoria historikoak daukaten garrantzia herrien soziabilitatean, globalizazioa eta industrializazio ondorengo modeloa gure bizitzetan inposatu diren garai hauetan.
Bada, Oñatiko kongresuan gauza bat geratu zen garbi: euskal gizarteak historia luze, bizi eta zoragarria duela. Eta era berean, bizi duen menderatze testuinguruaren barruan, hura ezabatu eta manipulatua izateko borondate argia sufritzen du, eta bueltatu egin nahi gaituzte babesik gabe dagoen eta zizakatu besterik egiten ez duen jaioberriaren egoerara, burua hutsik duela.
Oñatin batu ziren txosten, eztabaida eta hausnarketetatik, hiru argumentu-hari bereiz daitezke, oro har.
Lehenik eta behin, euskal historiaren ibilbide edo ikuspegi transbertsala, diakronikoa, nabarmendu zen: pertsonalitate eta bateratasun handiko giza kolektibo bat irudikatzen duena, hausturen eta zatiketen gainetik. Euskal herria, edo baskoia, Euskal Herria, historiaren subjektu izan da mendeetan. Eta alor askotan ikusten da hori. Nafarroako Estatu historikotik hasita –herri hau bizi izan zen lurrek osatutakoa– euskal hizkuntzara edo Pirinioetako eskubideen ondare komuneraino, geografia osoan presente dagoena, foruetan, komunaletan eta beste ohitura eta arrasto batzuetan.Ezaugarri adierazgarri bat dauka Arabako lurraldearen historiak; bertan, oso antzinatik, borrokaldi bortitzak eta gatazkak nabarmentzen dira, hegoalderantz eta mendebalderantz orientatuak, handik etortzen baitziren erasoak eta aurkariak. Dedukzioz, horrek esan gura du iparralderantz eta ekialderantz beste erlazio mota batzuk zeudela, lurraldetasun, antolaketa politiko eta defentsa loturak, edozein zela gradua. Irudikapen espazialeko ariketa soil bat egiten badugu, emaitza da pertenentzia-mapa bat, garaien eta mendeen gainetik mantentzen dena.
Oñatiko kongresuaren bigarren argumentu-haria izan zen 1512ko konkista eta mendebaleko lurralde hauek (konkistatuak halaber 1200ean) jokatu zuten papera inbasio hartan. Ezustekoak dira, eta berritasunak ikuspuntu historiografikotik: baskongadoen entusiasmo txikia enpresa horrekiko; eliteen papera, interes handiena zutenak negozioan; herritarrei eragindako presioak, jarritako isunak eta eragindako jazarpenak, kolabora zezaten; eta, are gehiago, asaldura eta aurkakotasun ahaleginak.
Herrixkak eta gizonak gerrara joan ziren, behartuta nolabait. 1512ko gerra herrialde guztiak sufritu zuen; alde batean zein bestean; eta onuradun bakarra inperioa izan zen, harrapakinarekin eta kolonia okupatuarekin gelditu baitzen.
Oñatin aurkeztu ziren txostenek hirugarren argumentu bat ere utzi zuten, mendeetan nabarmendu dena gure begirada galduaren aurrean, baina ez dugu jakin izan hura nola ezagutzera eman. Izan ere, herrialdea poliki-poliki okupatzen joan den neurrian, progresiboki, lurraldez lurralde (Errioxa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Sonsierra, Goi Nafarroa...), Gaztela arduratu da bere gaiztakerien arrastoak ezabatzeaz eta gertatutakoaren memoria difuminatzeaz. Iraganaren beste kontzientzia bat asmatzeaz. Dokumentuak erre ditu, gaur egun ez daudenak. Nazioartean dauden agiritegiak arakatu behar ditugu, toponimiak, gazteluen kokalekuek eta beste elementu patrimonial batzuek jakinaren gainean jartzen duten datuak berreskuratzeko. Idoia Arrieta doktorearen txostenak dokumentu esplizitu bat dakar, Donostiako okupazio odoltsuaren datuak dituena, Gaztelako Alfontso VIII.a erregearen aipamen batekin ("Jainkoak barka dezala", sic) eta ohartarazpen-ohar batekin marjinan: "Adi! Konkistaz ari da". Ez dezala argirik ikusi; ez dezala inork ezagutu; itzalean gera dadila menderik mende.
Floren Aoiz eta Juan Antonio Urbeltz txostengileek zera azaldu zuten: asmatutako eta nahierara magnifikatutako mito, alarde eta elezaharrak erabili direla sinboloak eta ideologia sortzeko. Zatiketa baten kontzientzia sortzeko, muga militar batena, gerrako zauri batena, herritarrengan –homogeneoa, jarraitua– existitzen ez zena. Eta halaxe ospatu dizkigute Beotibar moduko batailak, edo San Martzial, gaizkileen muga baten irudia ereiten joateko, aurkari nafarraren, arrisku gipuzkoarraren, nortasun borrokatuaren eta elkarrenganako etsaitasunaren ideia asmatzeko.
Nafarroa, euskaldunen Estatua, Gaztelak zatikatu eta puskatu zuen, mendez mende. Beste herrialde batzuek egoera honetan (Flandes, Eskozia...) euren osotasun historikoaren kontzientzia gorde dute. Guk ez. Zatitan banatu gaituzte eta uste dugu Nafarroa dela puzzlearen azken pieza bakar-bakarrik –edo azken aurrekoa–. Memoria kontua da. Hau ere batailaren parte da. Ez dezagun borroka hau galdu utzikeriagatik, ergelkeriagatik edo ezjakintasunagatik.
-----------------------------
Angel Rekalde
Tolosa