Jose Luis Loidi: "Bergarako Arcelor Mittaleko batzordearen prentsa oharra"

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Loidi 2011ko mai. 7a, 02:00

Arcelor Mittalek Bergaran duen lantokiaren egoera larriaren harira...

... eta taldeko zuzendaritzak Bergarako altzairutegia aldi batez ixteko azaldu duen erabakia dela eta, batzorde honek  (4 LAB, 4 ELA, 1 CC.OO ), aho batez, adierazpen hau eman nahi du ezagutzera:

-Lehenik, taldeko zuzendaritzak esan zigun merkatuetan zegoen altzairu eskaerak, gutxi gorabehera, %50 egin zuela behera Zumarragako eta Bergarako lantokietan. Esan zigun biak 14 kilometrora zeudenez logikoena altzairutegi bat bete-betean lanean jartzea zela Bergarako ijezketa-trena eta Zumarragako bi trenak totxoz horni zitzan. Honela, gastu finkoetan aurrezpen nabarmena lortuko zuten.

-Zumarragako altzairutegia hautatu zuten, bi arrazoi argudiatuta: Zumarragako ekoizpen gaitasuna 930.000 tonakoa zen; aldiz, Bergaran, 800.000 tona ekoitz genezake. Bestalde, Zumarragan hiru ijezketa-trenek behar ohi duten altzairu kalitate mota guztiak atera zitzaketen; Bergaran, ez ordea.

-Batzorde honek ez du ezer esatekorik bigarren arrazoiari dagokionez; dena den, lehenengoari dagokionez, esan behar dugu 2010ean Zumarragako altzairutegian, urte osoan, etenik gabe eta eguneko 24 orduetan egin dugula lan eta ekoizpena 730.000 tonakoa izan dela. Taldeko zuzendaritzak egin zituen aurreikuspenekin alderatuz, 200.000 tonako alde honek berekin ekarri du hiru ijezketa-trenak gerarazi behar izan dituztela askotan materialik ez zutelako, edota, are okerragoa dena, bestetan, hiru ijezketako langileei Enplegua Erregulatzeko Espedienteak ezarri izan dizkietela. Ze fidagarritasun izan dezake zuzendaritzak horren nabarmenki huts egiten duenean aurreikuspenetan?

-Ijezketa-labean totxo hotza sartu izanak, batzuetan neurri estandarrekin lan egiteak eragiten dituen mermak eta lehen Bergaran ekoizten genuena garraiatu behar izateak ere, eragin dute azken produktuaren kostua nabarmen handitu izana.
-Bergarako Arcelor Mittalek, 2008ra arte, konpainiak merkataritza-erregistroari aurkeztu zizkion kontuen arabera, ekitaldi guztietan oso mozkin handiak izan zituen. 2009az geroztik, altzairutegia ixtearekin batera, konpainia dirua galtzen hasi zen.

-Hasierako altzairutegiaren "aldi bateko" itxieratik, Zumarraga eta Bergarako lantokietako zuzendaritzak bateratzea eta berau Zumarragako lantokian kokatzea ondorioztatu da. Administrazio sail osoa eraman dute Zumarragara. Beste horrenbeste gertatu da prebentzio taldearekin eta antzeko zerbait gertatu da zerbitzu medikuarekin eta botikinarekin. Atean lan egiten zuten zaindariei uko egin diete, Olaberrira bidalitako bertako langileak hango plantillan sartu dituzte, teknikariak kentzen ari dira eta Zumarragan integratzen ari dira... Eraispen honen ondorioz, plantilla herenean murriztu dute aldi honetan.

-Arrazoi hauek direla eta, batzorde honek duela urtebete eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Industria sailburuari hitzordua; tamalez, ez digute erantzun ere egin. Ez dugu ulertzen nolatan gobernu honek, zergadun guztion diruarekin, multinazional honen proiektuei diru-laguntzak ematen dizkien eskualdeko enpresa adierazgarrienetakoa itxi dezaten, eta bien bitartean, ez duen asmorik azaldu langileen ordezkariekin elkartzeko.

-Horren kezkatuak gaude, Europako Arcelor Mittal Largoseko arduradun Arnaud Pouparri biltzeko eskaera egin diogu; apirilean egingo genuela zirudien arren, eta zentzuzko justifikaziorik eman gabe, atzeratu egin dute bilera.

Bergarako Arcelor Mittaleko langileei zor diegun erantzukizunagatik, batzorde honek adierazi nahi du ez duela etsiko, Bergarako lantegiaren itxiera eragotziko duten erabakiak har daitezen, zuzendaritza konbentzitu nahian eta mende bat baino gehiagoko historia duen lantegi honen aldeko erakundeen konpromisoa lortu arte.

--------------------------------------

Jose Luis Loidi
(Bergarako Arcelor Mittaleko batzordearen izenean)
Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak