Igor Letona: "Legalizazioa orain"

Erabiltzailearen aurpegia Igor Letona 2011ko mar. 26a, 01:00

Eskubide Estatu baten ezaugarrietako bat Estatuko bertako biztanleriaren eskubideak legediak dioen arabera bermatzea da.

Demokrazia formalek erakusten duten herritarren eskubideekiko jarreran dago, beraz, Eskubide Estatuaren errespetua. Demokrazia batean, herritarrak dira lehenik eta behin Eskubide Estatuaren bermatzaile, eta ondoren, Estatuaren egitura desberdinak, direla exekutiboa, legegilea edota judiziala.

Demokrazia zenbat eta zuzenagoa, legedia orduan eta malguagoa izango da herritarren eskubide zibil eta politikoen errespetua dela eta.

Demokraziak zenbat eta barne arazo gehiago izan, orduan eta murritzagoak eskubide zibil eta politikoak bermatzen dituen legedia.

Ezin dugu ahaztu, dena den, demokraziaren bermatzaileak herritarrak direla, eta "lehenengo ijitoen bila etorri ziren eta nik ez nuen ezer egin, ondoren judutarren bila, eta orduan ere nik ez nuen ezer egin, geroago…" bezalako jarrerekin nekez izan dezakegu geure burua demokratatzat.

Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin duen gatazka politikoaren ondorioz, euskal herritarren atal handi baten eskubide zibil eta politikoak deuseztatu zituzten Espainiako Estatua kudeatzen duten guneek.

Deuseztatutako eskubide horiek bultzatzeko erabilitako argudioek gure ustez ez dute tokirik demokrazia batean eta are eta gutxiago prozesu demokratiko baten agertokian.

Eskubide zibil eta politikoen onarpenak ados ez gauden eta inposatzen zaigun Estatu bateko partaide oso egiten gaitu.

Egungo agertokian ere jakin badakigu Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeko, alderdien eta eragile sozialen arteko negoziazioa dala bidea.

Euskal herriaren zein euskal herritarron geroa guk geuk, euskal herritarrok bideratzea ahalbideratzeko negoziazio mahaietan egoteko ere beharrezkoa da legalizazioa.

Era berean, justuagoa dela sinesten dugun proiektu politikoa bideratu ahal izateko, askatasunez aritzeko eskubidea dugu, kalean, komunikabideetan edota instituzioetan, besteak beste.

Demokrazia parte-hartzailea herritarron eskubideak bermatuak izan daitezen dagoen eta modurik zuzenena eta demokratikoena dela sinesten dugulako, instituzio batzuetan egotea lortu dugu, egoten jarraitzeko eskubidea dugu, eta, guk horrela erabakiz gero, beste batzuetara joateko eskubidea ere bermatua izan dakigun eskubidea dugu.

Dena den, legalizazioak mesederik handiena demokraziari berari egiten dio, eta, ondorioz, herritarrei. Guztioi.

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeko, herritarrek nahi duten aukera politikoa bozkatu ahal izateko, Eskubide Estatua itxuragabetzeko ahaleginak deuseztatzeko, Euskal Herriaren hegoaldeko instituzioetatik politika abertzale eta ezkertiarra garatzeko eta Euskal herritarrok erabakiko dugun geroa eraiki ahal izateko, legalizazioa orain!

------------------------------------------------

Igor Letona Biteri
(Arrasateko Ezker Abertzalea)
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak