Dena den, denok testuingurua ondo ezagut dezagun, hainbat datu gogoraraziko ditugu: sustapenak 12 etxebizitza-bloke hartzen ditu bere gain. Horietako bi BOEkoak dira eta bere sustapena beste enpresa batek hartu zuen. Bruesak kudeatzen dituen 10 blokeetatik, 4 ez dira entregatu oraindik, eta salerosketa-kontratuak betetzeko epea joan zen abenduan eta urtarrilean zen.
2010eko ekainean, Aretxabaletako Eguzkienea sustapeneko etxebizitza-bloke batzuen obrak gelditu egin ziren. Ez zegoen horren ziurtasunik, baina, egunak joan egunak etorri, jabeok ez genuen obretan inolako mugimendurik ikusten. Irailaren 1a izan zen Bruesa Inmobiliariak Bruesa Construccion-en egoera larriaren berri eman zigun eguna. Gu lasaitzen saiatu ziren, obrei irailaren bukaeran berriro ekingo zietela esanez; hainbat izan ziren obrari berriro ekingo zietela agindu ziguten epeak: urriaren 15a, urriaren 25a, urriaren 28a, azaroaren 17a…
Azaroaren 19an, obren lanekin berriro hasi ziren, nahiz eta espero genuen erritmoan izan ez. Lau hilabete igaro dira eta, entregatu ez diren lau blokeetatik, 1 eta 2 blokeetan ez da aurrerapen handirik ikusten. Dena dela, jabe gehienok etxebizitzaren ametsarekin aurrera egitea erabaki genuen eta, horrekin batera, salerosketa-kontratua betetzeko epea igaro arren, etxebizitza jasotzeko sei hilabete gehiago itxarotea.
2011ko martxoaren 14an obra berriro gelditu zen. Jabe batzuen bitartez, obrak gelditu diren berria jaso genuen. Bikote bat Aretxabaletako Bruesako bulegora gerturatu zen eta, bertan, ondorengoa azaldu zieten: Kutxak obraren finantzazioa bermatzen du.
Antza denez, gremioek beren dirua jasotzen dute, baina ez da gauza bera gertatzen Bruesarekin. Esan digutenaren arabera, ez dago Kutxak Bruesari egin behar dizkion ordainketak bermatzen duen idatzirik. Zein izan da Bruesaren erantzuna egoera honen aurrean? Bada, gremioei lanik ez egiteko agindu omen die, gure iritziz, Kutxak ordain dezan presionatzeko asmoarekin.
Ozendu nahi dugu egoera honen berri ez dugula zuzenean izan, eta, beraz, zehaztu gabeko gauzak egon daitezkeela.
Edonola ere, geldialdi hau onartezina da. Geldialdien eta berrasteen kontua galdu dugu. Ulertzen dugu presioa egiteko modua izan daitekeela, baina Bruesak ulertu behar du abala efektibo egiteko tranpolina prestatzen ari dela. Zenbatetan jasan behar dugu egoera hau? Zenbat denbora iraun behar du? Uste dugu gure egonezina ezin daitekeela handiagoa izan.
Inoiz baino ozenago, egoera salatu behar dugu. Idatzi honen bitartez, Bruesa Inmobiliariak bultzatutako Aretxabaletako Eguzkienea sustapenaren obrari berriro ekin diezaiotela eskatzen dugu eta, era berean, egoera hau berriro errepika ez dadin berma diezagutela.
------------------------------------------------
Amaia Arroyo Sagasta
Aretxabaleta