Eneko Egibar Artola: "ERRALDE, lau urte (Eskoriatza, sei urte)"

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Egibar 2011ko ots. 22a, 13:24

Lau urte pasa ditugu bidea egiten, lau urte elkarlana sustatzen, lau urte bideragarritasuna demostratzen...

... lau urte koherentziari eusten, lau urte oztopoak gainditzen. Eta lau urte pasa dira ere lehengo lekuan aurkitzeko, ideien eta proiektuaren kontra azpijokoan murgiltzeko, proiektua desorekatzen ahalegintzeko…

2005eko otsailaren 9a zen, Eskoriatzako Ibarraundi jauregian Udalak jardunaldi batzuk antolatu zituen eta beste hizlari batzuen artean bi albaiterok Zabalegi Forotik defendatzen genituen ideiak azaldu behar genituen, –kasu hartan Oñatiko Zubillaga hiltegiaren alde, hiltegia ixteko zeuden asmoak eta interesak handiak baitziren–. Eguerdian deitu zidan lagunak esanez, Eskoriatzan jardunez gero lanpostua galtzeko arriskua zeukala adierazi ziola bere goragokoak. Nik ere banekien zer edukiko nuen, eta zer eduki nuen ideia haiek defendatzen azaldu nintzenean. Kultur etxea beteta zegoen eta azkenean ere gure ideiak azaldu egin ziren. Zenbait albaitarik, baserritarrek, harakinek, eta sektoreko hainbat pertsonak bi txosten sinatu genituen eta halaxe plazaratu genituen gure irizpideak eta gogoetak.

Bidea, baina, ez zen batere erraza izan. Agintean zeuden oso pertsona gutxik entzun nahi zituzten ideia eta gogoeta haiek. Beste askok eta askok esaten ziguten ezin zela ezer egin, sistema horrelakoa zela, alferrik ari ginela. Beti gertatzen den bezala, askoz ere erosoagoa zen joera nagusiari jarraitzea, eta sistema mantentzea. Ez dakit orduan elkartu ginen pertsonak ezkertiarrak, eskuindarrak edo zer ginen; agian, soilik errebeldeak. Ginena ginela, ez genuen onartzen okelaren eta hiltegien esparruan batez ere baserritarrei eta harakinei inposatu nahi zitzaien eredua.

2005eko udan Durangoko eskualde-hiltegia itxi zuten. Hiltegia berriro ireki behar zela eta, gehienbat Durangaldeko udalerriak partaide zirela, ERRALDE sortu zen. 2006ko udan eskaini zidaten ERRALDEren kudeaketa.

2007ko otsailaren 12an zabaldu zen ERRALDE Hiltegia. Hasieratik nire erronka nagusia baserritarren, artzainen eta bertoko produktuaren aldeko apustua egiten duten harakinen arteko elkarlana bultzatzea izan zen. Hiltegia, hasiera-hasieratik, sektorearen alde traktore-efektua egingo zuen erreminta modura erabili dugu. Elikaduraren eta okelaren inguruan gogoetak egiteko erreminta ere izan da enpresa bera, eta Euskal Herrian elikadura subirotasun kontzeptuari bultzada bat emateko ere erabili da ERRALDE Hiltegia. Baina nola eraman litezke aurrera ideia batzuk, ezarrita dagoen sistemaren kontrakoak direnean? Bada, aurrera eraman nahi duzun horretan bete-betean sinesten duzula, defendatzen dituzun ideiengan konfiantza eta segurtasuna izanda. Baina, badago beste derrigorrezko printzipio bat ere: koherentzia eta ideiekiko leialtasuna. Edozein mezu, aldaketa... bultzatzeko derrigorrezkoa da koherentzia hori. Horrek ez du esan nahi norberaren ideiak bakarrak edo onenak direnik, ez. Ideiak, zenbat eta kontrajarriagoak izan, orduan eta hobeto; zenbat eta eztabaidatuagoak izan, orduan eta hobeto... argudiatuagoak direlako.

Zer bihurtu dira, gizartea ordezkatzeko sortu ziren hainbat egitura? Gogoetarako gune ala interes partikular batzuk ordezkatzen dituzten gune? Hortxe dago eta zegoen hiltegien auzia ulertzeko kakoa. Hau da, norberaren interesak defendatu besteenak kontuan eduki gabe, ala denen interesak babestu.

Hasi orduko, ezagun batek honelaxe adierazi zidan: ez dakit zergatia, baina zuen proiektuaren kontra dago gure alderdi politikoa. Orain, berriz, lagun batek beste zenbaiten azpijokoaz ohartarazi dit. Nor? Zein? Urteak igaro ahala konturatu naiz pertsona askok eduki behar duten sufrimenduaz, ez baitira baliatzen ideiez edota koherentziaz gizarteari begira aritzeko, eta ezin hori obedientzian ezkutatzen dute edo interes pertsonalak estrategi maltzurretan gauzatzen.

Alabaina, 18 langilek gerentea buru dutela hasieratik enpresa bat errentagarri egiten dutenean, bai sozialki, baina baita ekonomikoki ere, zer gertatzen da? nola arbuiatu, eta estali mezua? Nola ukatu ERRALDE hiltegiak enpresa bezala 645.030 euroko marjina industriala duela 2010ean urtean? Eta nahiz eta, adibidez, egoitzen alogeretan eta konponketetan 2010ean 191.045 euroko kostuak eduki, nahiz eta beste gastu asko murriztu behar direnak eduki, ERRALDE hiltegia enpresa bezala autosufizientea da. Bai, bideragarria da. Beraz, pentsa zer izango litzatekeen ERRALDEren kontzeptua azpiegitura berri batzuetan, zatitze-gelak eta hiltegia bera bateratzen direnean... Horrela, bada, zer lekutan geratzen dira lehen sektoreari bultzada emateko sortu diren hainbat eragile edo enpresa, euron eraginkortasuna merkatuan hain murritza denean? Urrutiegi joatea izan al da gure akatsa?

ERRALDE Hiltegia Bizkaian lehen sektorearentzako funtsezko eta estrategiko bihurtu dugu. Estatu guztian baserritarrei eta artzainei gehien ordaintzen dien hiltegia da, erreferentea. Harakinekin sinergiak sustatu ditugu, inongo laguntza ekonomikorik hartu gabe jardun dugu merkatuan eta jatetxe-arloan bertoko produktuaren kontsumoa bultzatu dugu. Hori guztiori egiteko, derrigorrezkoa da proiektua bera errentagarria izatea. Eta errentagarria izanik, orduantxe bultza genezake geure funtzio publikoa merkatuan, ez alderantziz. Ikastetxeetan eta ospitaleetan bertoko produktuaren aldeko apustua egiteko mezuari ere eutsi diogu, eta hori ere garrantzitsua da. Enpresaren akuilu garenok, enpresa aurrera atera dugunok, sektorearekin bat egin eta politika eginez, inoiz baino harroago gaudenean egin dugun lanarekin, egoera xelebre baten aurrean aurkitzen gara. Agian gerentzia eskaini zitzaidanean ez zen sinesten nora iristeko kapaz ginen?

Nire lana gerente moduan, itsasontziaren norabidea zuzen mantentzea izan da. Helburua: baserritarrei, artzainei laguntzea, eta horretarako harakinekin, sukaldariekin…  elkarlanean jardutea beharrezkoa dela garbi eduki dut. Horrela egiten baitira proiektuak errentagarri (batez ere lehen sektorean), sinergiak sortuz. Eta sinergiak sortzeko derrigorrezkoa da koherentzia edukitzea, koherenteak izatea. Eta koherentzia ikusteko denbora derrigorrezkoa da. Eskoriatzan ospatutako batzar hartatik badira urteak, denbora pasa da.

Eskoriatzara joateko mehatxuak jaso zituen albaitari eta lagunak askotan esaten dit: egindako ibilbidea eginda, nola zaudete oraindik ere hiltegi zaharrean? Agian, Eskoriatzan izan ginenon errebeldia falta da inguruan. Denborak guztia agertzen du.

Eneko Egibar Artola (ERRALDE hiltegiko gerentea)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak