Juantxo Madariaga eta Anaje Narbaiza (Bergara): Biba, Zuberoa! "Telesforori pastüala"

Erabiltzailearen aurpegia Juantxo Madariaga 2011ko ots. 15a, 15:39

Inguruotan ohituta gaude musikalak antolatzen; badakigu nolako lana den guztia prestatzea eta nolako poza eta aberastasuna den bertakoentzat...

... halako emanaldi batez disfrutatzea eta lanaren parte sentitzea.

Aurten izugarrizko aukera izango dugu euskal kulturak  Zuberoan mantendu duen Europa zaharreko antzerkia zuzenean ikustera joateko; izan ere, pastüalak dira Europa guztian zehar geratzen diren antzerki mota hauen testigantza garrantzitsuenetarikoak.

XVIII. mendean, Bernard Etchebarne Sarrikotakoak, Jean Mecol I.a de Garandainekoak… pertsonaia erlijiosoen bizitzak idatzi zituzten: Santa Grazi, San Blais, Santa Catherine... XIX. mendean, berriz, Jean Mecol II.a, Jean Pierre eta Jean Baptiste Saffores Atharratzekoek, Jean Pierre  Heguiaphal I.a Sohütakoak… abertzaletasun frantseseko pertsonaien bizitzak idatzi zituzten: Jean de l'Arc, Henry IV.a, Napoleon… Eta, azkenik, XX. mendean Jean Pierre  Heguiaphal II.a Sohütakoak, Jean Aguer Atarratzekoak eta gaur egun Jean Louis Davantek, Junes Casenavek, Battitta Urrutyk… pertsonaia zuberotarrak edo euskaldunen bizitzen inguruko pasarterik garrantzitsuenak ezagutzera ematen dizkigute: Etxahun, Matalaz, Bereterretche, Santxo Azkarra, Jose Antonio Agirre… pertsonaien, aldekoak, arerioak, deabruak, musikariak, koblakariak dantzariak eta… guztia, naturan bertan kokatutako taula gainean. Benetan ikusgarria!

Aukera ederra izango dugu Larrainera joateko, ehundik gora lagun lanean hasiak dira Jean Bordaxarrek idatzitako Telesforo Monzoni buruzko pastüala prestatzen; musikari, dantzari, koblakari eta abeslariak ari dira lanean abuztuaren 7an eta 13an emanaldia prest izateko Larrainen. Baina Larraine ezagutzen ez duzuenontzat ere esan behar dizuegu pastüalak aukera hobe-ezina eskaintzen digula Zuberoako bazterrak ezagutzeko: Kakuetako eta Holtzarteko Arroilak, Iratiko basoa, Ori mendia, baserri-etxeen arkitektura bitxia eta larrainetarren bizimodua, artzaintza, mendi-lurrak, basoen ustiaketa, bertako arkitektura bitxia. Aipamen berezia behar du euskalkiak. Larrainetar gehienak euskaldunak dira, gure euskara zaharraren beste euskalki bat erabiltzen dute, beste doinu bat, ia kantuz hitz egiten dute, eta, hasieran guztiz bestelakoa egiten bazaigu ere, poliki hitz eginez elkar ulertzeko arazorik ez dago. Gainetik, zuberotar guztiak bezalaxe, kantuzale amorratuak dira, eta dauden bi taberna koskorretan liluratuta utziko gaituzte euren kantekin. Zergatik ez elkarrekin kantatu, hemen dagoen zaletasuna ere aparta da eta.

Beraz, badira merezi duten arrazoiak abuztuko lehen edo bigarren asteburuan Larrainera joateko. Telesfororen bizitzaz dakiguna baino gehiago ikasiko dugu. Benetan da eskertzekoa horren herri xumean egiten ari diren ahalegina Telesforori pästuala eskaintzeko. Biba, Zuberoa! Biba, Larraine!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak