Durangotik mundura, Azoka telebistaren eskutik

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko abe. 4a, 20:18

Beste urte batez, Durangoko azokan gertatzen dena Azoka TVren bitartez jarraitu ahalgo izango da, baina ez bakarrik Landakotik, Azoka TVk etxeetaraino eramango baitu Durangoko azoka. Telebistaz eta Internetez ikusi ahal izango da Azoka TV eta, euskarazko tokiko telebisten CIESko audientzia datuak kontuan hartuta, 204.000 ikus-entzule inguru izango ditu aurtengo Azoka telebistak. Goienak kudeatuko du, bosgarren urtez.

'Goiena' telebistan eta 'goiena.net'-en

Azokan gertatzen dena zuzen zuzenean jarraitu ahal izango da telebistaz eta streaming bidez: Landako gunean ipiniko duten pantaila erraldoian bertatik bertara jarraitu ahal izango da telebistako emisioa, baita euskarazko tokiko telebistetan ere: Goiena, Goierri, Erlo, Oizmendi eta Hamaika telebistetan eta 28.Kanalan.

Eta gainera, sarearen bidez mundu osora zabalduko da Azoka TV, streaming bidez ere jarraitu ahal izango baita, Goienaren, Durangoko Azokaren zein EiTBren webguneetan.

Aurten ere, EiTB izango du bidelagun Azoka telebistak; azokaren gainean ekoizten dituen edukiak emango baitira Azoka TVn eta, gainera, aurten ETB1en emititu diren hainbat saio arrakastatsu ere ikusteko aukera egongo da: Tumatxak, Tribuaren berbak, Badubada eta Eskerrik asko Petrov, besteak beste. Hala azaldu du Oihane Agirrek, Azoka telebistako koordinatzaileak.

Telebista propioa izatearen garrantzia

Agirrerentzat, garrantzitsua da Durangoko azokak bere telebista edukitzea: "Durangoko Azokak telebista propioa izatea oso garrantzitsua da, Durangotik haratago hedatzen da Azoka. Lau egunez martxan izango den kanal  tematikoa izango da, euskal kulturaren gaineko edukiekin osatua".

Askotariko edukiak

Azoka TV osatuko duen 10 laguneko lantaldeak, 10:30etik 20:00etara kontatuko ditu Landakotik Larizdorre kalera kokatzen diren Azokan, Saguganbaran, Ahotsenean, Szenatokian, Plateruenan eta Irudienean jazotzen direnak. Esate baterako, bihar –eguena– Saguganbaran ikasleak kazetari paperean sartuko dira, eta Fernando Morillo idazleari eta Esne Beltza musika taldeari elkarrizketa bana egingo diote. Kabian ere eroso sentituko dira neska-mutilak, teknologia berriekin aritzeko aukera izango baitute.

Bestalde, egubakoitzean, Szenatokian Argizaiola saria jasoko duen William Douglass antropologo estatubatuarrarekin elkarrizketa jarraitu ahal izango da Azoka TVn; edo zapatuan Alex Sarduik bere lehenengo nobela aurkeztuko du Ahotsenean eta zuzenean ikusteko aukera egongo da. Egun berean, Azoka telebistakoak Plateruenan egongo dira, gauean Urtz eta Kauta taldeek emango duten kontzertuaren aurreko entseguetan.

Eta domekan, ostera, Azoka TV jarraituz gero, Catriona Lexy Campbell eskoziarra ezagutzeko aukera egongo da. Irudienean egingo den Kameratoia lehiaketaren lan sarituak ere ikusi ahal izango dira, edo Szenatokian estreinatuko den Konpota antzerkiaren aurrerapenaren testigu izan daiteke ikus-entzulea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak