Garbiñe Biurrun: "Sanoa da ebazpenak kritikatu, baloratu eta astintzea"

Txomin Madina Milikua 2013ko abe. 4a, 01:00

Tolosako alaba, Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidentea da; baita telebistako hainbat eztabaida saiotan iritzi emailea ere.

1. Duzun karguarekin, etxean harro egongo dira!

Bai, baina garrantzitsuagoa da ha-rro egotea alaba, emaztea eta ama naizen neurrian. Epailea edo dena delakoa izatea haizeak darama; besteak geratzen dira bizitzan. 

2. Txikitatik nahi zenuen epaile izan, edo bizitzak eroan zaitu?

Bigarrena. Zuzenbidea ikasten nenbilela ere ez nuen pentsatzen epaile izaterik. Ikasketak bukatzean ere, pentsatu nuen inoiz ez nuela oposaketarik egingo; eta begira! 

3. Ez dira epaileentzat garai onenak: edozein erabakik hautsak harrotzen ditu.

Beste garai batzuetan ez zegoen kritikatzerik ere. Sanoa da epaileen ebazpenak kritikatu, baloratu eta astintzea. Akaso garai mugituak ez dira erosoenak epaile izateko, baina bai interesgarrienak.

4. Askoren zalantza: Justizia berdina da denontzat?

Ez. Batzuetan politikagatik egon daiteke alderdikeria; beste batzuetan, inkontzienteki: ezin ditugu egoera denak berdin ulertu, eta gure izaerak, esperientziek, zeresan asko dute.

5. Justizian ezarritako tasek ez dute hori aldatzen laguntzen…

Printzipioz ez nago kontra, zerbitzu publiko oso garestia da-eta. Baina gehiegikeria egin da, tasak oso altuak dira eta gutxiago jotzen da epaitegietara. Justiziak ezingo ditu hainbat gatazka ebatzi.

6. Erabaki bat hartzeko burua eta bihotza bat ez datozenean, zer?

Bihotza kanpoan uzten dugu, baina legea ez da lege formala bakarrik: Konstituzioa ere bada, Europako arauak... Denekin bide interesgarria egin daiteke, interpretazio zabala. 

7. Euskara Justizian. Zein da diagnostikoa?

Oso gaixo larria da, ez du presentziarik. Baina ez da terminala, badaude ekimenak hori aldatzeko: gaur, adibidez, Auzia Euskaraz izenekoa aurkeztuko dugu Jaurlaritzak eta Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Batzordeak. 

8. Epaile batentzat, noiz izaten da lan egun bat ona? 

Egon badaude, batzuk baino gehiago; esaterako, gatazka korapilatsu bati gure ustez erantzun zuzena eta justua ematen diogunean.  

9. Hedabideetan agertzea, aldeko edo kontrako duzu?

Ni alde nago, inoiz ez diot ukatuko elkarrizketa bat kazetari bati: ona da gizarteak jakitea justizian zer pentsatzen den, ahots ezberdinak daudela ikustea. Ez dut uste niretzat ona denik, batzuek entzun gura ez dituztenak esaten ditut-eta. 

10. Nondik datorkizu zezenketetarako afizioa?

Txikitatik: etxean ikusten ziren, Tolosako zezen plazara ere joaten nintzen... Baina gero eta gutxiago ikusten ditut, eta gero eta zalantza gehiago ditut horren inguruko eztabaidarekiko. 

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gehien interesatzen zaizkigun erabakiak hartzerako orduan denok parte hartzea eskatuko nuke, arlo guztietan eta administrazio guztietan; hau da, udaletan, diputazioetan, Erkidego Autonomoan eta Estatuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak