‘Arrasate Press’-ek 25 urte bete ditu gaur

Goiatz Arana Begiristain 2013ko abe. 2a, 13:09

Gaupasa eginda. Halaxe atera zuten Euskal Herriko euskarazko lehen herri aldizkariaren aurreneko zenbakia, 1988an; orduan abiatu zen euskarazko prentsa lokala. Orain 25 urte ereindako haziari esker, euskarazko hedabide lokalek eremu propioa irabazi dute, eta adoretsu ari dira etorkizunari aurre egiten. Gaur egun 'Arrasate Press'-ik ez dago, 2000 ezkero 'Arrasate Press' eta Debagoieneko beste agerkari lokalak proiektu handiago batean bateratu zirelako: 'Goiena'.

Urteurrena aprobetxatuta, 'Arrasate Press'-en gaineko bloga sortu dugu, 'Sustatu'k albistea eta euskarazko komunikabideen bibliografia argitaratu ditu, eta Joxe Arantzabalek blogean idatzi du.

Sergio Azkaratek egin du Arrasate Press-en gaineko bloga –Nere 'Arrasate Press' zaharrak–, eta, gaur, abenduak 2, abiarazi du, astekariaren 25. urtebetetze egunean. 24 orriko lehen zenbakia ekarri du gogora, aukeraketa eginda: Amaya eta Gurea zine-antzokien arteko trukea, La Otxoa-ri egindako elkarrizketa edota Ruper Ordorikaren kontzertua.

Blogarekin batera @arrasatepress twitter kontua ere sortu dugu, eta aurrerantzean, asteleheneko Goiena paperean ere izango du bere tartetxoa euskaraz idatzitako lehen herri aldizkariak.

AEDren egoitzan lehen bilera

Esperientzia hartan parte hartu zuen Joxe Arantzabalek gogoan du hasiera. Faroan ekarri ditu gogora 1988 hartako oroitzapenak: "1988an ni Bergarako Udal Euskaltegian nenbilen, irakasle. Eta han nintzela, Jesus Garmendiaren deia jaso nuen (berau zen orduan AEDko lehendakaria), ea joango nintzen Mondragoera bilera batera. Lau kide deitu gintuzten, eta laurok egin genuen bilera, AEDren egoitzan: Jose Mari Eraña (behin behineko idazkaria Arrasateko Udalean), Joxe Felix Diaz de Tuesta (Euskara teknikaria Arrasateko Udalean), Iñaki Mendiguren (itzultzailea) eta ni. Batez beste 35 urte inguru genituen".

Bilera hartan Jose Mari Erañak eta Joxe Felix Diaz de Tuestak azaldu zuten asmo bat zerabiltela buruan, Arrasaten aldizkari lokal bat egiteko, herrian informazio asko sortzen zelako, inon agertzen ez zena gero. Bilera amaieran denek esan zuten baietz, egingo zutela ahalegin bat aldizkari bat sortzeko, eta esprint gogorra jota, 1988ko abenduaren 2an, lehen Arrasate Press kaleratu zuten: "Doako aldizkari xume bat, herriko euskaldunek harriduraz eta pozez hartu zutena (eszeptizismoarekin ere bai, esango nuke nik, zenbat iraungo ote zuen inbentoak), ez baitzuten horrelakorik espero inondik inora ere".

7.000 ale astean

Urte gogorrak izan ziren proiektu sustatzaileentzat eta bertan lanean hasi ziren kazetari, maketagile eta komertzialarentzat, Arantzabalek dioenez. Baina egindako lanak loraldia ekarri zuen: "Arrasate Press-en arrakasta ikusita —berehala iritsi baitzen astean 7.000 ale zabaltzera, bertan eta inguruko herrietan—, lan handia egin genuen berri ona zabaltzen Euskal Herriko euskaltzaleen artean, eta hurrengo urteetan benetako loraldia ikusi genuen, Euskal Herriko bazter askotan herri aldizkari asko sortu baitziren, gehienak ere Arrasate Press-en ereduari jarraituta".

'Arko' eta 'Goiena'

Arrasate Press-en atzetik Arrasate Telebista etorri zen, hura ere komunikazio proiektu beraren barruan, eta euskarazko lehen talde multimedia sortu zen: Arko (Arrasate Komunikabideak).  Eta aurreko milurtea amaitzear zegoela, berriz, Mikel Irizarrek eta Estepan Plazaolak lideratuta, Debagoieneko herri hedabideek (tartean Arrasate Press) mugimendu ausarta egin zuten, euskarazko hedabide lokalen iraupena ziurtatzeko, batu egin baitziren eskualde mailako proiektu batean: Goiena. Emaitza izan da gaur egun euskarazko hedabideak tinko daudela errotuta Debagoienean.

Bibliografia

Joxe Arantzabalek, Goio Aranarekin batera –esperientzia hartako parte-hartzaileak biak eta MUko irakasleak egun–, Arrasate Press eta euskarazko tokiko komunikabideei buruzko bibliografia bat osatu eta Sustatun argitaratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak