Lanpostuen defentsa aldarrikatu dute Fagor Etxetresnetako eta Edesako langileek Arrasateko manifestazioan

Miren Arregi Amasorrain 2013ko aza. 29a, 21:57

Fagor Etxetresnetako eta Edesako langileek Arrasateko kaleak zeharkatu dituzte gaur, egubakoitza, aldarrikapenez beteriko manifestazio jendetsuan. Astelehenean aurkeztutako Bazkide plataformak deitutako mobilizazioak, bozina eta txilibitu hotsez eta ohiuka zeharkatu ditu kaleak. Aldarrikapenen artean, lanpostuen defentsa, borondatezko ekarpenak itzultzeko deia edota etorkizunaren aldekoa, besteak beste.

Astelehenean aurkeztu zuten Fagor Etxetresnetako eta Edesako bazkideek osatutako Bazkide plataforma eta gaur manifestazio jendetsua egin dute hark deituta. "Denon artean lortuko dugu", "Fagor ez itxi", "bazkideak lanpostuen alde", "langileok borrokan" edota "lanpostuekin ez da jolasten" bezalako aldarrikapenek ez dute etenik izan manifestazioak iraun duen ordu betean. San Andresetik atera eta Biteri plazara arteko ibilbidea egin dute mobilizaziora batutako ehunka herritarrek, aurretik, herriko kale nagusiak zeharkatuz. Langileek euren ezinegona eta kezka adierazi dituzte: "Datozen hiru hilabetetan 500 birkokapen inguru egongo direla esan digute baina oso gogorra da egunero eguneo telefonoaren zain egotea. Inpotentzia handia sentitzen dut eta dagoeneko esperantza ere galdua dut. Informazio falta handia dago gainera, beti kanpotik enteratzen gara gauzetaz eta ez dakigu nora jo dezakegun ere" adierazi du Fagor Etxetresnetako langile batek.

Bazkide plataforma langileen arazoei irtenbidea emateko asmoz sortu da, hiru lan ildo nagusiren baitan, eta hain justu ere, horiek dira Biteri plazan irakurritako manifestuan aldarrikatu dituztenak: bazkide izaera betirako mantentzea, batetik, lan-mahaian parte hartzea bestetik eta egoera hau eragin dutenei erantzukizunak eskatzea, azkenik. Mondragon taldeari, administrazioari eta instituzioei exijitu diete konpromiso irmo bat konponbiderako bidean eta birkokapenei dagokienean eskatu dute gizakia lehenesteko, kapitalaren gainetik. Korporazioari,  bideragarri diren negozio jarduerak mantentzeko eta jarduera industrial berriak sortzeko konpromisoa exijitu diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak