Eroskik "ez du batere zerikusirik" Fagor Etxetresnen egoerarekin

Ubane Madera 2013ko aza. 29a, 15:52

"Eroskin ez dugu lanposturik murriztuko, ez dugu saltokirik itxiko Euskal Herrian, eta ez dago inolako eskakizunik bazkideei eginda, diru ekarpenak egiteko". Modu horretan gezurtatu ditu Eroski Taldeak azkenaldian komunikabide askotan eta kalean bolo-bolo dabilena. Eta azpimarratu gura izan du, gainera, "Euskal Herria lurralde historikoa eta lehentasunezko lurraldea" dela Eroskirendako, "Euskal Herrian negozioa oso sendo" dutela, eta ez dagoela "zentzu horretako planteamendurik".

Xehetasunetan sartuta, talde kooperatibotik jakinarazi dute Estatu mailan "sare oso-oso sendoa" duten lehentasunezko gune batzuk dituztela (Euskal Herria, Galizia, Katalunia eta Balear Uharteak), eta baita ere beste gune batzuk horren lehentasunezkoak ez direnak. Bada, onartu dute azken horietako gune batzuetan badaudela saltoki batzuk galerekin (hipermerkatuak, zehazki), eta horiendako bideragarritasun planak lantzen dituztela; eta haiek funtzionatu ezean, egia dela saltoki horiek saldu edo itxi egingo dituztela.

Fagorrekin "zerikusirik ez"
Azpimarratu gura izan dute, era berean, Eroskiren egoerak ez duela "batere zerikusirik" Fagor Etxetresnen arazoarekin eta egoerarekin. "Eroskin, urtero irabazten ditugu 300 milioi euro (Ebidta). Horrekin gabiltza pixkanaka zorra txikitzen. Ditugun higiezin aktiboak (Eroskik jabetzan dituen saltokiak) saltzen baditugu, berriz, errazago ordainduko dugu zorra, baina hori higiezinen merkatuak berak ahalbidetu beharko du. Bien bitartean, 2011tik hona bezala, negozioari eusten gabiltza urteroko 300 milioiko Ebidtari esker. Gainera, badaude seinale batzuk erakusten dutenak higiezinen merkatua berpizten doala. Ikusi egin beharko dugu. Dena delakoa ere, 2016an, iragarritako tokian egongo gara", azpimarratu dute kooperatibatik.

2.500 milioi euroko zorra
Hain zuzen ere, kooperatibatik "iragarritako toki" hori da Eroskik iazko urtarrilean taldearen zorrarekin zerikusia duten 22 entitate finantzarioekin sinatutako hitzarmenean gauzatu beharreko plan estrategikoa. Labur esanda, 2.500 milioi euroko zorra dauka Eroskik, azkeneko bost urteotan (2008-2013) 1.200 milioi euro amortizatu ondoren. Eta gainontzeko zorrari erantzuteko, lehen esandako moduan, banketxeekin plan estrategikoa hitzartuta dauka Arrasateko taldeak iaztik.

Lau lerro ditu plan estrategiko horrek. "Hori da gure ibilbide orria", adierazi dute, eta gaineratu horri esker badutela "marko ekonomiko-finantzario egonkorra 2017ra arte lan egiteko".

Freskoak eta bertakoak
Honakoak dira, hain justu, Eroski kooperatibaren plan estrategikoaren ildoak:
Saltokiak eraldatu: "Dagoeneko 12 saltoki gutiz eraldatuta daude: Nafarroan zortzi eta Bilbon, Garberan (Donostia), Zarautzen eta Albaceten bana. Hiru hipermerkatu eta bederatzi supermerkatu dira. Orain, berriz, 2014an zenbat saltoki eraldatu behar ditugun definitzen gabiltza". Denden eraldatze horrek esan gura du dendak berritzea. Xehetasunen arabera, "freskoek eta bertako produktuek askoz ere protagonismo handiagoa" izango dute etorkizun hurbilean Eroskiren saltokietan, eta bezeroekiko harremana "askoz ere landuagoa eta estuagoa" izango da.

'Adreilua' saldu
Finkatu duten bigarren egitekoa, berriz, Eroskiren negozioaren sendotasuna non dagoen definitzea da: "Liderrak gara bost lurraldetan: Galizian, Euskal Herrian, Katalunian eta Balear Uharteetan. Horietan oso-oso sare sendoa dugu. Horiek dira gure lehentasunezko bost lurraldeak. Horrek ez du esan gura besteak abandonatuko ditugunik, baina bai lehentasunak aipatutako bost lurraldeetan jarriko ditugula. Bestela esanda, ez dago operaziorik gure saltokiak saltzeko. Baina bai gustatuko litzaiguke adreilua saldu (2011ra arte egin dugun moduan) eta alokairuzko erregimena erabili", azaldu dute.

Eraikuntzak eurek egin
Azken horren gaineko argibideak eskatuta, Eroski Taldetik emandako azalpena honakoa da: "2002tik 2007ra eraikuntzak egin genituen, higiezinen garapena guk bultzatu genuen, eta gero saldu egin genituen higiezin aktibo horiek. Saldu ostean egin genuena izan zen alokairuaren erregimena erabili saltoki horiek berorrek esplotatzeko. 2011n, baina, ibilgetuen merkatua blokeatu egin zen, eta ez dugu gehiago saldu. Baina 2014ra begira egongo lirateke seinale batzuk esaten dutenak ibilgetuen merkatua berraktibatu egin daitekeela. Hori horrela, gu gertu gaude, orain arte moduan, gure ibilgetu aktiboak saldu eta banaketako negozioarekin jarraitzeko, alokairuaren erregimena erabilita. Eta oraindik ere badugu ibilgetuen aktibo sendoa saltzeko helburua".

200 supermerkatu gehiago
Plan estrategikoan zehaztutako hirugarren jardutekoa da supermerkatuak lehenetsiko dituztela hipermerkatuen aurretik: "Gaur egun supermerkatuak dira gure salmenten %60, eta gustatuko litzaiguke gehiago ere izatea. Gainera, badaude hipermerkatu batzuk galeran (Euskal Herrian ez). Adibidez, Murtzian hipermerkatu bat zabaldu genuen garatzeko zegoen urbanizazio batean (Nueva Condomina), baina, gero, han ez dute etxerik eraiki. Eta egoera berean ditugu beste hipermerkatu bat batzuk. Halako kasuetan, bideragarritasun planak lantzen ditugu denda horiendako, baina ez badira berraktibatzen, edo itxi edo saldu egiten ditugu. Horren harira, 2007a ezkero, krisia hasi zenetik hona, Eroskiren sare komertziala guztiz berregituratzen gabiltza: galeretan dauden dendak ixten eta berriak zabaltzen; kasu horretan, supermerkatuak. Azken hiru urteetan zabaldu ditugu 200 supermerkatu gureak eta frankizian eta beste 300 zabaldu behar ditugu 2016ra bitartean".

Eraginkortasuna
Eta plan estrategikoarekin bukatzeko, efizientzian ere jarriko dute indarra Eroskin 2016ra bitartean, barne eraginkortasunean, esandakoaren arabera: "Gastu operatiboak txikitu egin gura ditugu. Eta plataforma logistikoak automatizatu. Hala egin dugu Madrilen eta Zaragozan, eta gaur egun Elorrioko plataforma ari gara automatizatzen. Ulmarekin egindako proiektua da hori eta gure gastu operatiboak txikitzea ekarriko du. Horrekin batera, hainbat elkarteren egitura sinplifikatu egingo dugu. Gaur egun 36 elkarte desberdinek osatzen dute Eroski Taldea", jakinarazi dute. 

2.000 saltoki pasa
Eroski Kooperatibak 2.100 saltoki ditu, Estatu osoan, iparraldean hasi eta hegoalderaino. Saltoki horietatik 1.467 supermerkatuak dira. Etorkizunean, beraz, halako gehiago izango dira, asko, gainera, frankizian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak