Euskal esparru komunikatiboa sendotzeko bidea proposatzen duen txostena aurkeztu du TOKIKOMek

Jon Berezibar 2013ko aza. 26a, 18:30

Euskarazko komunikazio esparru sendo baten beharraz jardun dute Aretxabaletako Campusean. TOKIKOM elkarteak abiarazi duen gogoeta aurkeztu dute gaur kide, aditu eta agintarien aurrean eta defendatzen dena da "XXI. mendean komunikazioa" dela "komunitategile nagusia" eta horregatik dela hain beharrezkoa euskarazko komunikabideen sektore indartsua. Gogoeta-txostena eskuragarri dago.

TOKIKOMeko bazkideek, sektoreko ordezkariek, fakultateko irakasleek eta alorreko adituek hartu dute parte aurkezpenean. Mikel Irizar, TOKIKOMeko presidentea, Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain MUko irakaslea,  Haritz Solupe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari ohia eta Alberto Barandiaran HEKIMENeko kidea izan dira hizlariak. Mondragon Unibertsitateko ikerlariek landutako txostena da.

Euskal Hedabideen Etxea irudikatuz

Tokiko mailatik hasi, Euskal Herri osora zabalduta, eta ikuspegi global baten txertatuta, "XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia"; horixe da gaur aurkeztutako txostenaren ardatza. Ondorioztatzen da, beraz,  euskararentzat tresna ezinbestekoa direla komunikabide eraginkorrak. Hausnarketa horretan parte hartu du Goiena Komunikazio taldeak ere, TOKIKOM eta HEKIMENen bitartez.

Metafora moduan, gogoetarako, etxearen irudia darabilte: Euskal Hedabideen etxea. Euskal komunikabideen bateragunea litzateke figura hori eta etorkizuna irudikatzea da asmoa; etxe hori eraikiz, bere egitura, solairu, atal eta korridoreekin.


Sistema bat ezarri

Euskarazko toki hedabideak batu, artikulatu eta elkarlanean jartzen ditu TOKIKOMek.  Euskarazko toki hedabideek osatzen dute elkartea eta handik abiarazi da hausnarketa. Ikerketa lana egin da 2013an zehar, eta txostena aurkeztu dute gaur. Proposamen irekia da, euskal hedabideen sektoreari egiten zaiona.

Indarren batuketa horregatik, Mikel Irizarrek azaldu du sistema horrek emango lukeela "emaitza bezala Euskal Herrian beste inork antolatu ezin duen komunikazio talde indartsu bat", hain zuzen, euskararentzat ezinbestekoa dena, gaurko hizlari guztiak bat etorri diren bezela.  Sistema horrek hiru hanka dituela azaldu du HEKIMENeko Alberto Barandiaranek, "hedabideen bultzadarekin, unibertsitateen bermearekin eta administrazioaren laguntzarekin", hain zuzen.

Agintaritza publikoa, noski, eskutik behar dute eta, hala, Jaurlaritzako eta Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariak izan dira gaurko aurkezpenean, entzule eta babes-emale bezala.
Euskarak biziraungo badu, hedabideen eraginkortasunean egin du azpimarra Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak eta esan du, finantzazio bide egonkorrak aztertzen dabiltzala Jaurlaritzan. Hark ere garbi ikusten duen euskarazko hedabideen kontsumoaren eta gizartearen euskararen erabileraren arteko lotura estua eta horregatik dio herri agintariei dagokiela "eraginkorrak diren hedabideak bultzatzea". Zehaztu duenez, eraginkortasun hori kontsumitzailearen ikuspegitik aztertu behar da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak, Zigor Etxeburuak, bere aldetik, nabarmendu du, lurralde osoari begiratuta, "euskaraz bizi diren herriak arnasgune" direla eta horretarako ezinbestekoak direla euskarazko komunikabideak.

Aurkeztutako hausnarketak ere fokua esparru eta maila guztietan ipintzen du. Hasierako irudikapenera itzulita, tokiko hedabideek, hain zuzen, metafora moduan erabiltzen duten Euskal Hedabideen Etxearen lehen soilairua osatzen dute, TOKIKOM-en gogoetan. Bigarren solairuan hedabide nazionalak leudeke. Goranzko zein beheranzko komunikazioa eta antolaketa, igogailua litzatekeena, egituratu gura dute hausnarketarekin. Gaur aurkeztu da urtebe luzez landu duten txostena baina gogoetak iraunkorra, adostua eta sistematikoa jarraituko du izaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak